Mugak oinaze bilakatzean

Anartz Izagirre 2021ko mar. 12a, 11:58

(Ilustrazioa: IƱaki Martinez)

Duela hiru urte erabaki zuten Enriquek eta Carlak beren alaba hartu eta El Salvadorretik Euskal Herrira etortzea. Han bizi izan zuten egoera medio hartu zuten emigratzeko erabakia, baina Espainiako ministerioak asilo eskera ukatu die, eta egoera irregularrean daude orain, Azkoitian. Asilo eskaera ez onartzeak "kinka larrian" utzi dituela azaldu dio bikoteak Maxixatzeni.

Migrazioak garrantzi handia duen herrialdea da Euskal Herria. Kaletik osteratxo bat egitea nahikoa da gure inguruetako kultur aniztasunaz ohartzeko. Hainbat eta hainbat beren lurraldea utzi eta hona etortzen dira askotariko arrazoiengatik, gerragatik ez bada segurtasunagatik, baita beren seme-alabei bizitza hobea eskaintzeko nahiagatik ere. Herrialdean luzerako gelditzea, ordea, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Herritartasuna edo erresidentzia baimenak lortzeko bideak ez dira samurrak izaten, eta etorkin askok egoera irregularrean amaitzen dute, ezinbestean.

Carlak, Enriquek eta beren alabak —ez dira elkarrizketatuen benetako izenak— duela ia hiru urte erabaki zuten El Salvador utzi eta Euskal Herrira etortzea. Ia zazpi milioi biztanle dituen Erdialdeko Amerikako lurraldea da El Salvador, eta hamabi urte iraun zuen (1980-1992) gerra zibilaren ondotik, herrialdean ugariak dira pandillero deituriko mafiak, elkarrizketatuen arabera. Bikoteak azaldu duenez, "indar handia" dute herrialdean pertsona horiek, eta estortsioa zein drogen trafikoa dira, besteak beste, mafia horien helburuak.

Enriqueren arabera, bere familia ere pandilleroen mehatxuen biktima izan zen: "Gu bizi ginen gunean pandillero jakin batzuek agintzen zuten. Ni familia aberats baten gidaria nintzen han bizi ginenean; beraz, auto ona nuen, eta sarritan gure etxera eraman behar izaten nuen ibilgailu hori. Mehatxuak horren harira etor zitezkeela susmatu genuen". Egun batean gizon bat hurbildu zitzaion Enriqueri, galderak eginez: "Nongoa nintzen galdezka hasi zitzaidan gizon hura, zertan lan egiten nuen… Jazarpen moduko zerbait izan zen. Gainera, gizon bera gure etxera ere joan zen beste behin ur eske, eta gure alabaren zaintzaileari gugatik galderak egiten hasi zitzaion".

Egoera ikusita, Carlak eta Enriquek beren alabarekin amonaren etxera lekualdatzea pentsatu zuten, hura eremu seguruagoa izan zitekeelakoan. Jazarpena, ordea, ez zen amaitu: "Hasieran dena ondo joan zen, baina egun batean iluntzean ate joka etorri ziren, eta etxe atarira ateratzeko eskatu zidaten pandilleroek". Carla eta alaba logelan itxi ziren, eta Enrique kalera atera zen: "Poliziari deituz gero okerragoa izan zitekeen, eta kalera ateratzea erabaki nuen. Hiru gizon nituen atarian zain. Esan zidaten inguruan jende gaizto asko bizi zela eta segurtasun kuota bat ordaindu behar nuela. Lasai egoteko esan zidaten, ez zigutela ezer egingo kuota hori ordaintzen bagenuen".

Hala, egoerak behartuta maletak hartu eta El Salvadorretik ihes egitea erabaki zuten egun batean: "Carlak eta nik lan ona genuen El Salvadorren, eta ez genuen emigratzeko beharrik, baina egoera jasanezina bihurtu zen, eta handik alde egitea erabaki genuen gure segurtasunagatik".

Lehenengo geltokia: Gasteiz

Carlaren anaia Gasteizen bizi zela eta, Euskal Herriratu bezain pronto hara joatea erabaki zuen hirukoteak, teilatupe bila. Egunak joan eta egunak etorri, ordea, elkarbizitza "okertzen" joan zela onartu du bikoteak, eta beste irtenbide baten bila hasi zirela: "Orduan ezagutu genuen errefuxiatuei laguntza eskaintzen dien CEAR erakundea. Haiekin hitzordu bat lotu genuen, eta asilo eskaera egin genezakeela esan ziguten. Halere, argi utzi ziguten gure egoera ez zela asiloa emateko irizpideen barruan sartzen, eta esan ziguten Espainiako ministerioak ziurrenik ez zuela onartuko gure eskaera". Kontuak kontu, Carlak eta Enriquek saiatzea erabaki zuten, eta eskaera horrekin ate berriak ireki zitzaizkien: "Tramiteek irauten zuten bitartean CEARek laguntza eskaini zigun, eskaerari erantzun bat eman bitartean ezingo gintuztela deportatu esan ziguten, eta aurrerago aterpe baterako aukera eskainiko zigutela".

Egun batean, Gasteizko etxetik bota zuen familia Carlaren anaiak, eta eliza bateko apaiz batek aterpea eta janaria eskaini zien Carlari, Enriqueri eta alabari. Egun batzuk beranduago CEARera jo zuten berriro, eta haiek, hirukotearen egoera ikusita, Zarautzera bizitzera joateko aukera eman zieten: "Autobuseko txartela eman ziguten, eta Zarautzera bidali gintuzten. Han, Siriako familia batekin bizitzen egon ginen hasieran, eta, ondoren, Errusiako famiia batekin".

Bitarte horretan, denbora aurrera zihoan baina oraindik ere ministerioak ez zien asilo eskaeraren erantzunik ematen: "‘Txartel gorria’ deitzen den dokumentu bat eman ziguten eta sei hilabetero berritzen genuen txartel hori. Dokumentu horrekin lan egiteko aukera genuen, eta ministerioak zituen gure pasaporteak; beraz, ezin genuen Espainiatik atera".

2019. urtearen erdialdean, Azkoitiko enpresa batean lan egiteko aukera suertatu zitzaion Enriqueri. Hala, familia guztia Azkoitira joan zen bizitzera: "Orduan, Mendaron geunden bizitzen, Zarauztik hara joan baikinen. Gure alabak eskolaz aldatu beharrak pena ematen zigun, baina Azkoitiko etxea merkeagoa zen, lana ere hemen neukan, eta, gainera, herri handiagoa zen".

Asilo eskaera, ukatuta

Hirukoteak Azkoitian "bizitza normala" egiteko aukera izan duela dio; alaba eskolara joaten zen, Enrique lanera, eta, Carla, kurtso bat egiten hasi zen lan egin ahal izateko. Koronabirusak Euskal Herrian lur hartu zuenean, ordea, dena goitik behera korapilatu zitzaion hirukoteari: "Konfinamendua hasi zenean zurrumurruak heldu zitzaizkigun, eta ministerioa asilo eskaerei erantzuten hasi zela esan ziguten. Orduan hasi zen gure beldurra". Ministerioak asilo eskera ukatu zion hirukoteari, eta horrek kinka larrian utzi zituen: "Dokumentuan esaten zen El Salvadorreko gobernua ahal zuen guztia egiten ari zela herrialdeko egoera aldatzeko, eta hori zen asiloa ukatzearen arrazoi nagusia". Enriqueren arabera, Erdialdeko Amerikako beste hainbat herritarri ere gauza bera esan zien ministerioak.

Irakurri erreportajea osorik Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide