Jaio zen une beretik gizartean ezarrita dauden arauei kontra egin behar izan die Rina Cabezak (Azkoitia, 2002). Neska izanagatik, mutiltzat jo baitzuten denek. Nerabezaro bete-betean erabaki zuen urratsa egitea: Rina zela, neska zela eta hala tratatzeko esatea. Hamaika hitzaldi eta elkarrizketa eman ditu ordutik, eta behar den guztietan kontatuko ditu bere bizipenak, horrek transexualitateari ikusgarritasuna emateko balioko badu.
Nor da Rina Cabeza?
18 urteko neska azkoitiar bat, zakilarekin jaiotzeagatik mutiltzat hartu zutena bai medikuak eta bai gizarteak.
Betidanik jakin izan duzu zer gertatzen zitzaizun?
Neure borroka izan nuen. Aniztasunean hezten ez gaituztenez, ez nekien gertatzen zitzaidanari izena jartzen; ereduak falta nituen.
Nola eragin zizun horrek umetan?
Besteengandik desberdina sentitzen nintzen, baina ez dut oroitzapen txarrik; nire adineko beste umeek egiten zituzten gauzak egiten nituen.
Noiz erabaki zenuen neska zinela esatea?
14 urte nituela anaiari esan nion zerbait garrantzitsua kontatu behar niola, baina ez nuen lanik izan, berak bota baitzidan: "Zer, neska zarela?". Bazekin, neskatzat ninduen; oso une polita izan zen. Amari kontatu genion, eta hasieratik izan dut haren babesa ere. Aitari eta familiako beste kideei beranduxeago kontatu genien, baneukalako onartuko ez ninduten beldurra. Batzuei gehiago kostatu zaie, baina gaur egunean denek onartzen naute.
Lagunei nola kontatu zenien?
Kuadrillakoei Whatsappez kontatu nien. Taldean jarri nuen: "Rina naiz, neska bat naiz eta hala tratatzea nahi dut". Arratsaldean pipak jatera joan ginen.
Eta ikastetxean?
Tutoreari kontatu nion aurrena eta beste irakasleei gero. Denek ondo hartu zuten, Etikakoak izan ezik. Infernura joango nintzela esaten zidan eta itxuragabe tratatzen ninduen: maskulinoan hitz egiten zidan, beste izen batekin... Behin gelakideek egundokoak esan zizkioten, eta une hartan sekulako babesa sentitu nuen. Zuzendariak eta ikasketaburuak ere traba ugari jarri zizkidaten. Hezkuntza Sailak kasu hauetarako daukan protokoloa ezartzeko eskatu nien: zerrendetan izena aldatzeko, posta elektronikoaren helbidea aldatzeko... Ikasturte bukaerara iritsi eta ezer aldatu ez zutenez, Hezkuntza Sailera deituko nuela esan nien. Orduan bai, berehala egin zituzten aldaketa guztiak. Orain, berriz, Donostian ari naiz ikasten, eta han ez dut inolako arazorik izan.
Askatzeak zertan aldatu zaitu?
Garai bateko lotsak galdu ditut, autoestimu handiagoa dut eta pozik bizi naiz. Ingurukoen babesa daukat eta hori da nik behar dudana eta oro har, transexual guztiok behar duguna.
Bazterketarik jasan al duzu transexuala izateagatik?
Begirazunak eta irainak jasatea tokatu zait, baina espero ez nuen jendearen babesa ere jaso dut.
Behin ingurukoei esanda, prozesu bat hasiko zenuen. Zer pauso eman behar izan dituzu?
Familiako medikuarengana joan nintzen eta hark Zumarragako endrokrinoarengana bidali ninduen. Bai Azkoitian eta bai Zumarragan etengabe jarri zuten ezbaian nire nortasuna; behin eta berriz galdetu zidaten ziur ote nengoen esaten nuenaz. Hara joateko erabakia hartu banuen, nola ez nintzen ziur egongo? Handik Gurutzetako ospitaleko psikologoarengana bidali ninduten. Egun zuzenean hango endokrinoarengana bidaltzen zaituzte, baina nik aurretik transen teorikoa gainditu behar izan nuen: kolore urdina ala arrosa gustatzen zaidan, mutilak ala neskak gustatzen zaizkidan... Transexuala nintzela baieztatzen zuen agiria eman zidan hark, eta harekin endokrinoarengana joan eta hormonak hartzen hasi nintzen.
Kontrakoa erantzun izan bazenu zer?
Ezagutzen dut jendea bi urtez psikologoarengana bueltaka ibili dena erantzun egokiak ematen ez zituelako.
Eta nolakoa da egin beharreko prozesu burokratikoa?
Nortasun agirian sexua aldatzeko derrigorra da gutxienez bi urtez hormonak hartzea. Ikaragarria da oraindik ere hori eskatzea, badaudelako hormonak hartu nahi ez dituzten transexualak. Eta orain dela urte batzuk arte ebakuntza egitea derrigorra zen; forentse batek baginaren sakonera neurtzen zizun emakumea zinen ala ez ebazteko.
Gaur egun prozesuaren zer unetan zaude?
Nortasun agirian sexua aldatzeko zain nago eta ebakuntzak egiteko itxaron zerrendan, nik hala erabaki dudalako. Hala ere, ebakuntzek ez naute emakumeago egingo.
Gurasoen babesik izan ez bazenu, izango zenukeen prozesuari ekiterik adin txikikoa izanda?
Ez, 18 urte bete arte itxaron beharko nukeen, horrek psikologikoki izan ditzakeen ondorioekin.
Hitzaldi ugari eman dituzu eta komunikabideetan ere behin baino gehiagotan atera zara. Beharrezkoa iruditzen al zaizu aurpegia ematea?
Oso beharrezkoa. Komunikabide bakoitza publiko jakin batengana iristen da, eta nik eskatzen didaten guztietan kontatuko dut nire esperientzia, horrek transexualitateari ikusgarritasuna emateko eta naturaltasunez hartzeko bidean lagunduko badu. Lan handia dago egiteko. Esate baterako, ez dut uste komunikabideetan transexualitatea ondo jorratzen denik. Sexu aldaketaz hitz egiten da beti, baina transexualitatea ez da sexuz aldatzea: ni lehen neska nintzen eta orain ere bai. Kontua da gizarteak ez nauela neskatzat hartu. Transexuala izatea pertsona baten ezaugarri bat gehiago besterik ez da; ni neska transexuala naiz, baina informatika ikaslea ere banaiz, eta zapatuetan parrandara ateratzea gustatzen zait.
Zer esango zenioke Etikako irakasle hari?
Pertsona bat gehiago naizela, besterik ez. Ez nuke harekin denbora asko galduko; aldatzeko prest ez dagoenari jardutea alferrikakoa iruditzen zait.
Eraso transfoboak eguneroko ogia dira.
Oraindik ere transexual askok beren buruaz beste egiten dute, jipoitu eta erail egiten dituzte eta lana bilatzeko arazo handiak dituzte. Hori da errealitatea, eta horrek esan nahi du gizarteak ez gaituela onartzen. Belaunaldi batzuk beharko ditugu horretara iristeko.
Informatikako irakasle izan nahi duzu. Lanean diskriminazioa jasateko beldurrik baduzu?
Hezkuntza publikoko irakasle izateko beste herritar guztiek dituzten aukera berdinak izango ditut, baina bai, kezkatzen nau lankideek eta ikasleek nirekiko izan dezaketen jarrerak.
Zein da LGBT mugimenduaren egoera Euskal Herrian?
Lanketa handiena haur transexualei eta haien familiei laguntzeko elkarteek egiten dute; Gehitu, Chrysallis eta Naizen izan daitezke adibideak.
LGBT mugimenduko talderen batean ibiltzen zara?
Ez; arazoarekin bukatzeko errora joan beharra dagoela uste dut, alegia gizarte eredu kapitalistarekin bukatu beharra dagoela LGBT fobiarekin bukatu nahi badugu. Hala ere, beharrezkoak iruditzen zaizkit LGBT, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna eta horrelakoak, gure aldarrikapenak gizarteratzeko eta orain arte lortutakoari ikusgarritasuna emateko.
2019ko Andramaixetan Azkoitiko Herri Moimentuen txupinazoa botatzeko aukera izan zenuen.
Bai, primerako aukera iruditu zitzaidan, ez zelako egun seinalatu horietako bat.
Ikasle Abertzaleakeko kidea ere bazara. Nola bizi dituzue pandemia garaiok?
Pandemia bete-betean egonda ere, eskolara joatera behartzen gaituzte inolako osasun bermerik gabe; eta eskolak online jaso behar dituzten ikasleen kasuan, zenbaitek ez dute horretarako baliabiderik eta ez dizkiete horiek eskura jartzen. Horrek guztiak ezinezko egiten du hezkuntza duin bat jasotzea, eta horri gehitu behar zaizkio probeziaren eta indar polizialen areagotzea. Panorama ez da batere baikorra.
Manifestazio askoren buruan ikusi zaitugu eta ez duzu erreparorik zure iritzia plazaratzeko. Bizitzea tokatu zaizunak egin al zaitu horren borrokalari?
Agian bai, haurtzaroan ez bainintzen horrelakoa. Bizitzea egokitu zaidanak ikusarazi dit zer-nolako gizartean bizi garen, kontzientzia garatuarazi dit, eta indarra eman dit gaizki iruditzen zaizkidan gauzei aurre egiteko.