Egurki Eraikuntzak enpresa kokatu da ondoen Floreagako irisgarritasun proiektuaren lehen faseko lanak egiteko

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 2a, 17:31

Sei enpresak aurkeztu dituzte proposamenak, eta lizitazio prozesua nahiko aurreratuta dagoenean, Egurki Eraikuntzak enpresak ditu lanak bereganatzeko aukerarik handienak. Proposamenak baliosteko garaian, besteak beste, irizpide teknikoak eta prezioa hartu ditu kontuan udalak, eta horietan Egurkik lortu du puntuaziorik altuena. Oraindik, baina, azken urratsak falta dira lizitazioa ofizial egiteko.

Gutxi falta da Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko lehen faseko lanak nork gauzatuko dituen jakiteko. Udalak azaroaren hasieran atera zituen lan horiek lizitaziora, eta sei enpresak aurkeztu zituzten beren proiektuak. Proposamen guztiak aztertu ostean, Egurki Eraikuntzak enpresak aurkeztutakoak lortu du puntuazioarik altuena; beraz, momentuz, enpresa hori da lanak bereganatzeko aukera handiena duena. Dena dela, lizitazio prozesua oraindik ez da bukaerara iritsi, eta udalak oraindik ez du jakinarazi nork izango duen lanak gauzatzeko ardura.

Lehen faseko lanak gauzatu behar dituen enpresak Floreaga-zahar jauregiaren sarreraren ondoan igogailua eraiki beharko du, loturetarako bi pasabiderekin —bata Zuazola kalera eta bestea Floreaga Ikastetxera—, lanei ekiten dienetik hasita sei hilabeteko epean.

Udalak irizpide teknikoak, prezioaren hobekuntza eta bermearen iraupena hartu ditu kontuan proiektuak balioesteko garaian, eta Egurkik aurkeztutako proiektuak lortu du puntuaziorik onena: guztira 93,379 puntu eskuratu ditu, eta bigarren geratu denak 76,357. Arlo teknikoan, 41,379 puntu lortu ditu Egurkiren proiektuak; prezioaren hobekuntzan, 50 puntu, puntuazio gorena; eta ematen duen bermearen epeari dagokionean bi puntu eskuratu ditu.

Aipatzekoa da Egurkiren proiektuak prezioan egiten duen hobekuntza. Udalak eskuartean zerabilen hasierako exekuzio proiektuak —LKS ingeniaritza enpresak egin zuen azterketa eta Asmatu enpresak idatzi zuen proiektua— zioen lehen faseko lanek 750.000 euro inguruko aurrekontua izango zutela, eta Egurkik aurkeztutako proiektuak dio lanen kostua 584.554,64 eurokoa izango dela; hasiera batean aurreikusitakoa baino %22 txikiagoa beraz.

Beste proposamenak

Bigarren lekuan Altuna y Uria enpresaren proiektua gelditu da, 76,357 punturekin. Arlo teknikoan 30,352 puntu lortu ditu, prezioaren hobekuntzan 44,005 puntu, eta ematen duen bermearen epeari dagokionean bi. 674.417,77 euroko aurrekontua du proiektuak, udalak aurreikusitakoa baino %10,01 txikiagoa.

Hirugarren lekuan Construcciones Artzamendi enpresaren proiektua gelditu da, 75,9217 punturekin. Arlo teknikoan 25,46 puntu lortu ditu, prezioaren hobekuntzan 48,4617 puntu, eta ematen duen bermearen epeari dagokionean bi. 607.614,77 euroko aurrekontua du proiektuak, udalak aurreikusitakoa baino %18,926 txikiagoa.

Laugarren lekuan Construcciones Moyua enpresaren proiektua gelditu da, 67,7759 punturekin. Arlo teknikoan 24,277 puntu lortu ditu, prezioaren hobekuntzan 41,4989 puntu, eta ematen duen bermearen epeari dagokionean bi. 711.992,51 euroko aurrekontua du proiektuak, udalak aurreikusitakoa baino %4,998 txikiagoa.

Bosgarren lekuan Campezo Obras y Servicios enpresaren proiektua gelditu da, 66,6185 punturekin. Arlo teknikoan 26,064 puntu lortu ditu, prezioaren hobekuntzan 39,5545 puntu, eta ematen duen bermearen epeari dagokionean bat. 741.151,18 euroko aurrekontua du proiektuak, udalak aurreikusitakoa baino %1,107 txikiagoa.

Seigarren lekuan Construcciones Mariezcurrenaren proiektua gelditu da. Arlo teknikoan 24 puntu baino gutxiago lortu dituenez, kontratazio jardunbidetik baztertu egin dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide