Intzidentzia tasak behera egin du zerbait Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko ots. 1a, 12:57

Azken hiru egunetan sei kasu atzeman ditu Osasun Sailak herrian eta intzidentzia tasa 425,60an kokatu da. Azkoitia eremu gorrian sartuko da ostegunera bitartean hamasei kasu atzematen badituzte.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri du pandemiaren eguneroko txostena. Joan den ostiraletik atzora bitartean egindako PCR eta antigeno proben emaitzak zein diren jakinarazi ditu, eta Azkoitian sei kasu positibo berri baieztatu dituzte. Bi kasu zenbatu zituzten ostiralean eta lau atzo, igandea. Intzidentzia tasa 425,60koa da gaur-gaurkoz Azkoitian, eta ondorioz behera egin du ostiraletik, orduan 442,29koa baitzen tasa. Hori horrela, eremu laranjan jarraituko du Azkoitiak.

Iazko martxoaz geroztik Azkoitian atzemandako kasu positiboen kopurua, berriz, milatik gero eta gertuago dago. Oraingoz 931 kasu atzeman dituzte herrian lehen kasua hauteman zutenetik. Jaurlaritzak astelehenetan eta ostegunetan atera ohi du intzidentzia tasaren berrikusketa erresoluzioa. Datorren ostegunean, beraz, Azkoitia eremu gorrian dagoen edo ez gainbegiratuko dute. Herria eremu gorrian sartuko da gaurtik asteazkenera bitartean egindako probetan hamasei kasu atzematen badituzte.

Eskualdean, bestalde, beste 90 kasu zenbatu dituzte azken hiru egunetako testetan. Azpeitian kasuak etenik gabe ari dira zenbatzen, eta eskualdeko positiboen herena baino gehiago han atzeman dituzte. Ostiraletik igandera bitartean beste 35 positibo zenbatu dituzte: hamazazpi ostiralean eta bederatzina larunbatean eta igandean. Intzidentzia tasa 1.320,63koa da Azpeitian.

Zarautzen, bestalde, eremu laranjan sartu dira asteburuan hamazazpi kasu baieztatu ondoren; zazpi zenbatu zituzten ostiralean, eta bosna larunbatean eta igandean. 265,56koa zen intzidentzia tasa han ostiralean, baina nabarmendu egin du gora, eremuz aldatzeraino; orain 312,67koa da tasa.

Zumaian, aldiz, Zarautzen baino kasu bat gutxiago zenbatu dute: hamasei guztira. Ostiralean itzuli zen Zumaia eremu gorritik laranjara 437,57ko tasarekin, baina asteburuko kasuen ondoren berriz ere gora egin du intzidentzia tasak; 478,27koa da tasa egun. Ostiralean zazpi kasu hauteman zituzten Zumaian, bost larunbatean eta lau atzo, igandea. Bihartik aurrera ostalaritza guneek ateak ireki ahal izango dituzte, eta kirola taldean egin ahal izango da, eskola kirola barne.

Orion eremu gorrian hondoraino sartuta jarraitzen dute. Asteburuan beste hamar kasu positibo zenbatu dituzte han, eta 1.304,63koa da intzidentzia tasa. Hamar kasuetatik zortzi ostiralean detektatutakoak dira. Larunbatean eta igandean, berriz, kasu positibo bana zenbatu zuten Orion.

Eskualdeko gainerako herriei erreparatuta, Zestoan lau kasu positibo baieztatu dituzte ostiraletik atzora bitartean. Kasuen erdiak ostiralean zenbatu zituzten, eta bana larunbatean eta igandean. Aian eta Getarian, berriz, kasu bakarra atzeman dute. Getarian ostiralean detektatu zuten eta Aian atzo. Hala eta guztiz ere, Aian ostalaritza guneek ateak itxi beharko dituzte Jaurlaritzaren aginduz, eta kirola ere ezingo da taldea egin, ezta eskola kirola ere. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, bestalde, ez dute kasu berririk hauteman.

Kopuru altuetan

Hego Euskal Herrian berriz 1.114 kasu berri zenbatu zituzten atzo, igandea. 11.632 test egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 952 kasu berri atzeman zituzten; positibotasun tasa, beraz, %8,2an kokatu zen. Lurraldeka aztertuta, beste behin Bizkaian baieztatu zituzten kasu gehien: 474 kasu positibo; Gipuzkoan, 317 kasu positibo; Araban, 149 kasu positibo. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamabi laguni ere positiboa atzeman zioten. Nafarroan, ostera, 2.993 PCR eta antigento test egin zituzten atzo, eta 162 kasu berri zenbatu zituzten. Hori horrela, positibotasun tasa %5,4koa izan zen lurralde horretan.

Erietxeen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak. Atzo, beste 53 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur-gaurkoz 632 pertsona daude hiru lurralde horietako erietxeetan ospitaleratuta. Zainketa berezia behar duten pertsonak, aldiz, 160 dira. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea zenbatekoa den ere jakinarazi du Osasun Sailak. Hiru lurraldeen batez bestekoa 1,03ekoa da; Gipuzkoakoa, berriz, 1,07ekoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide