Hitz bitan

Sara Rodriguez: "Begiak zabaltzeko moduko lezioa izan da itxialdia"

Andoni Elduaien 2021ko urt. 23a, 11:39

Sara Rodriguez, Herrixeneko teknikaria.

Herrixen merkatari elkarteko teknikaria da Sara Rodriguez (Azpeitia, 1980). 2020. urteak gogorren kolpatu duen sektoreari Azkoitian oreka ematea da bere ardura. Maxixatzen aldizkariaren 2020ko urtarrileko aldizkariko Hitz bitan ataleko elkarrizketa da honakoa.

Zerk eraman zintuen Herrixenen lanean hastera?

Enpresa mailan lan egitetik, bizitzaren kasualitateak, herrian lan egiteko aukera hau suertatu zitzaidan, eta bost urte pasatu dira dagoeneko. Erronkaz beteriko lana da, merkatarien eta ostalarien bizitza barrutik ezagutzeko aukera eman didana. Asko ematen didana.

Zein da Herrixen elkartean egiten duzun lana?

Hasieran, herriko merkataritza dinamizatzea eta merkataritza txikiaren balioak ezagutzera ematea zen. Merkataritza txikia erabat aldatzen ari da, eta besteak beste, herritarrengan sentsibilizazioa lantzea, merkatariak gaur egungo erronkei aurre egiteko prestatzea, merkataritza txikiak ematen dituen balore erantsien marka moduan Herrixen ezagutaraztea, merkatariei eta ostalariei zuzendutako formakuntza nahiz laguntzak bideratzea... Abaniko zabal bat dugu lantzeko, denak oso beharrezkoak herriko saltoki txikiak indartzeko eta aurrera jarraitu ahal izateko.

Nola prestatzen dituzue kanpainak?

Urtez urte aldatzen doan batzordea dugu elkartean. Merkatari, ostalari eta zerbitzu arloko bazkideak batzen ditu. Guztien ikuspuntu eta ideiak partekatzeko gunea da hori. Batzordean landuta ateratzen ditugu kanpainetarako ideiak eta sektore bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu. Saiatzen gara sektore guztiei onura sortzeko era desberdinetako kanpainak egiten. Udalarekin, gainera, harreman estua dugu; gure ideiak eta beharrak entzuten ditu eta kanpaina asko hari esker egiten ditugu. Laguntza handia da elkartearentzat udalaren babesa.

Zein da herriko merkataritzaren egungo egoera?

Tamalez, oso handia izan da COVID-19ak merkataritzan eragin duen kaltea. Lehendik ere panorama ez zen erraza, eta pandemiak are gehiago zaildu ditu gauzak. Egoera zaila da, dendariak bere burua birsortu beharra du, garai berrietara egokitu. 2020. urtea makurra izan da. Zertan eragin du elkartean? Kanpaina batzuk erabat aldatu behar izan ditugu, eta momentuan inprobisatu. Unean uneko beharrei ahalik eta ondoen erantzuten saiatu gara, merkatariei babesa eskainiz. Kanpainen ordez, norbera babesteko ekipamenduen banaketak egitea, dirulaguntzen kudeaketa eta kezkak zein zalantzak argitzea egokitu zaigu.

Itxialdiak herritarren kontzientzian eragin al du?

Herriaren babesa nabaria izan zen itxialdiaren ostean. Guztioi begiak zabaltzeko moduko lezioa izan da itxialdia. Herria horren hila eta iluna ikusteak inpaktu latza eragin zuen, eta merkataritzak ateak zabaltzeko aukera izan zuenean, nabaritu zen herritarren babesa. Horrek jarraipena behar du, ordea. Saltoki txikiak alboan mantendu nahi baditugu, gure egunerokoan parte izan behar dute herriko erosketek.

Gabonetan gora egiten al dute erosketek?

Gabon garaian beti izan ohi da mugimendu handiagoa. Tamalez, Internetez egiten diren erosketak gehiago dira. Gehiegi pentsatu gabeko klik bat egin ordez, minutu batez geratu eta merkataritza txikiaren atzean familiak eta bizilagunak ditugula ohartu behar dugu. Bihotzarekin egin dezagun klik, eta egin ditzagun erosketak herrian. Aberastu dezagun herriko merkataritza txikia, eta ez ezagutzen ez ditugun multinazionalak.

Nolako komertzioa dago Azkoitian?

Herritik atera gabe behar dugun guztia topatzeko aukera zabala dugu. Profesional bikainak ditugu egunero onena emateko prest, kalitate onenarekin eta zerbitzu apartarekin. Komertzio aukera zabala eta gertukoa dugu herrian.

Herriarentzat zer nolako onura dakar erosketak herrian egiteak?

Erosketak herrian egiten ditugunean, argitasuna eta alaitasuna zabaltzen da alde guztietara; kaleak bizirik daude. Sozializazioa bultzatzen dugu, jendearen hartu-emana. Herriko ekonomia bultzatzen dugu, herriari aurrera egiten lagundu. Saltoki txikiak galtzen baditugu, asko kostatuko da lehengoa berreskuratzea. Beraz, ohar gaitezen ditugun altxor txikiez, eta goza ditzagun, gure parte baitira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide