Kukuerri elkartekoak "oso pozik" daude Lehen Hitzaldi Asteak izandako erantzunarekin

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 3a, 16:47

Lehen Hitzaldi Asteko solasaldi bateko irudia. (Kukuerri)

Kukuerri elkarteak antolatuta, hainbat hitzaldi izan ziren abenduaren 28tik 30era Abaraxka aterpetxean. "Gustura gaude egindako lanarekin eta jasotako erantzunarekin", azaldu dute elkartekoek.

Kukuerri elkarte sortu berriak antolatuta, Lehen Hitzaldi Astea egin zuten duela egun batzuk; abenduaren 28tik 30era bitartean solasaldiak izan ziren Abaraxka aterpetxean. Zehazki, Kukuerri inguruko naturari, Munoaundi aztarnategiari eta bizikletaren erabilerari buruzko hitzaldiak izan ziren, eta elkartekoak "oso pozik" daude egitasmoak izandako erantzunarekin.

"Ez da momenturik onena hitzaldiak edo ekitaldi publikoak antolatzeko, baina gustura gaude egindako lanarekin eta jasotako erantzunarekin", azaldu du elkarteak. Abenduaren 28an, hitzaldi jolasa egin zuten haurrei zuzenduta, Kukuerriko natura ezkutua izenburupean. Egun horretan, bete egin zen Abaraxka, eta Kukuerri elkartearen arabera, haurrek nahiz gurasoek "asko gozatu" zuten. Saio horretan, txorien eta ugaztunen irudiekin eta soinuekin naturarekiko ezagutza eta errespetua landu nahi izan zituzten. "Uste dugu norabide horretan gure ekarpentxoa egin genuela Igor Elortza naturazalearen ezagutzari eta esperientziari esker. Zalantzarik gabe, ekintza gehiago antolatuko ditugu, helburu horrekin eta haurrei zuzenduta".

Abenduaren 29an, Antxoka Martinez Munoaundiko indusketen zuzendariak "ikasgai magistrala" eman zuen. Urteetan Munoaundin bertan bildutako informazioa aurkeztuz, arkeologia doktoreak pasioz azaldu zuen Burdin Aroko arbasoen bizimodua. "Azkoitiarrok eta azpeitiarrok Kukuerri gainean duguna sekulako altxorra dela erakutsi zigun, balioa ematea merezi duen altxorra".

Abenduaren 30eko hitzaldia, berriz, egunerokoan bizikleten erabilera bultzatzeko helburuarekin antolatu zuten Kukuerri elkartekoek. "Donostiako Kalapie elkarteko Gorka Hoyosi eta Iñigo Ansari eskertu behar diegu beren esperientzia Azkoitiak eta Azpeitiak osatzen duten eremura ekarri izana. Dimentsio oso egokia du gure eskualdeak egunerokoan bizikleta garraio gisa erabiltzeko, eta horren alde indarra jartzen saiatuko gara modu iraunkorrean". Birusaren eboluzioak eta haren aurkako kudeaketak horretarako aukera ematen badie, udaberriaren hasieran beste ekintza bat antolatuko dute Kukuerri elkartekoek bizikletaren erabilera bultzatzeko, bereziki emakumeen parte hartzean oinarrituko dena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide