Maite Segurola Garmendia: ‘Kolokon’
Feminista
Ez da erraza, haluzinazio kolektibo honen barnean jarraitzen dugunean, urtea borobiltzeko artikulu hau idaztea. Izan direlako handiak, baina ez hau bezalakoak. Herri zahar honetan oraindik bizi diren amonek ezagutu dituzte gerra eta gosea, injustizia eta zapalketa bortitza. Aitzitik, ez halako azkar eta ohartu gabe, dena hankaz gora jarri digun eta begiz ikusi ezin den zomorro horren erauntsia.
Hasieran dena zen presa eta neurri drastiko. Berehala esan ziguten agintariek martxoan: egin beharreko guztia etxean gelditzea da, egin lana bertatik. Zaharrekin tratua gutxitu. Haurrak lotu kate motzean.
Etxeak ez dira guztientzat toki seguruak, baina. Ez zitzaizkien gehiegi inporta etxe horietan zeuden eta jarraitzen duten erasotzaile eta pedofiloak. Ezta, lehendik ere jardun bikoitz eta hirukoitzak zituztenak, orain guztia 50 metro koadroren barnetik egin behar dutenak ere. Garbi gelditu da berriz ere, emakumea dela musutruk zaintza lanen kargu egiten dena, gobernuek eskuak igurzten dituzten bitartean. Ez zitzaizkien inporta, ezta, tratamendurik jaso ez dutelako gaixotu direnak edota, etxean komunikabideen gaininformazioak beldurrak gaixotuta, oraindik bertatik irten nahi ez dutenak ere.
Aurretik murrizketa latzak jasoak ziren zerbitzu publikoak esplotatu dituzte, errebentatu arte, bokazioaren izenean. Bota dituzte lehoietara plastikozko tenedore batekin, osasungintzako langileei jaramonik egin gabe.
Bitartean, herritarrak, elkar zaindu eta zortzietan txaloak jo, ahaztu gabe. Ondoren, poztu kalera irteten uzten digutelako, gure askatasun guztiak murrizten dituzten bitartean.
Gezur eta erdi egi artean, erresaka latza uzten ari zaigu pandemia; kolokoiaren bidaia txarra. Alabaina, ez da egun bakarreko desfasearena. Biharamun akumulatuaren azken ondoeza baizik.
Pandemia honek, aurretik prekarioak ziren bizitzak kolpatu ditu berriz ere. Lehen ezkutuan zegoen indarkeria matxista gehiago ezkutatu eta sare minimoak zituzten emakumeak bakartu ditu. Elkar-zaintza goraipatu du; debalde zaintzen duena emakumea dela errekonozitu gabe.
Soldatapeko lanean, orain 10-15 urte, inolaz ere planteatuko ez ziren baldintzak onartzen dira, ezegonkortasuna eta jainko merkatuaren aitzakiapean.
Osasun mental indibidual eta kolektiboan izango duen eragina ere, ez da batere aipatu. Tabua da gai hau eta ez dirudi inork fokua bertan jartzeko asmorik duenik. Tabua den bezala, emakumeen artean dagoen antsiolitiko eta antidepresibo kontsumo maila.
Argi izan ahizpak! Geuk eta denon artean aurre egiten ez badiogu datorrenari, berriz ere ahaztuak eta ezkutatuak izango gara. Kolektiboa da bide bakarra.
Juanjo Alvarez: ‘Kaos geopolitikoa eta pandemia’
Nazioarteko zuzenbide pribatuan katedraduna
Nola kudeatu krisia eta, aldi berean, etorkizuna eraiki?; Nolakoa izango da biharko mundua?; Nola finkatu hausnarketa estrategikoko ildo batzuk, iparrorratz sozial gisa, jarraitu beharreko bidea marraztuko dutenak? Ez dugu etorkizuna ezagutzen, dakigun bakarra da ez duela orainaren antzik edukiko.
Bizi dugun egoera ezezagunak zalantza eta ziurgabetasun ugari sortzen ditu, eta eragin handia du herritarren, gizartearen eta enpresen dimentsioan. Agian, Bigarren Mundu Gerratik izan den krisirik handienaren aurrean gaude; aurreikusten da gainbehera ekonomikoa joan den mendeko 30eko hamarkadako depresioa baino larriagoa izan daitekeela; are, esaten da garai aldaketa bat ekarriko duela, mundializazioaren atzera-egite bat, autarkiara eta mugetara itzultzea. Dena hipotesiak dira, biharko mundura hurbilketak, mundu mailan inguratzen gaituen ziurgabetasuna kudeatzera bideratutako saiakera hutsalak.
Egoerak gogora ekartzen du, geopolitikoki, 1989an Berlingo harresia erori ondoren bizitakoa; izan ere, hainbat hilabetez biziko gara, eta hain zuzen jada bizi gara, itsu-itsuan dagoen mundu batean, eta ez dakigu ziur zein agertokik egingo duen bide azkenean. Munduko lidergo partekaturik ez izatea da aurrean dugun arazo nagusietako bat; lidergorik gabe, elkarren artean lehiatuko dira estatuak, hain garai konplexuetan, gakoa lankidetzan aritzea denean.
Joera hori areagotu egiten da dimentsio geopolitiko globalean, ahultasun instituzional handiko uneak bizi baititu munduak. 1945ean, duela 75 urte, nazioarteko harremanak birsortu zituzten instituzioek gainbehera larria bizi dute beren mundu mailako auctoritasari dagokionez, eta horrek eragotzi egiten die nazioz gaindiko lidergo beharrezko horren buru izatea.
Ez dago naziorik, estatu batekin edo estaturik gabe, erabat subiranoa denik gaur egun. Mundu mailako krisi berriak erlatibizatu eta birdimentsionatu egin du estatu-subiranotasunaren ohiko ikuskera. Populismo dosiak nagusi diren arren edo, esaterako, Brexit-ari buruzko eztabaidetan, gezur politikoa azaleratu den arren, ustezko independentzia politiko oso hori esan bat besterik ez da jada.
Gure erreferentzia-markoak errotik eraldatzen ari diren garai batean bizi gara. Onartu behar da botere politikoen artean dagoen interdependentzia, partekatzen duten subirautza eta demokraziek dituzten erronkak mundu globalizatu batean, non Estatuak indargabe ageri diren beren kasa erantzuteko gainera etorri zaien konplexutasun horri.
Europa batua hasieratik zen kontinentearen batasunaren proiektu politikoa. Etorkizuneko proiektu partekatu baten barruan nazioen federazio bat eraikitzeko proiektua, hain zuzen. Agian, batzuetan, estatuak handiegiak dira arazo txikietarako, baina gaur egun, txikiegiak dira arazo handietarako ere: Europako Batasunaren alde apustu gehiago egiteko garaia da, diseinu instituzionala eta estatuek dituzten tresnak berez ez baitira nahikoak pandemiaren ondoriozko krisi honek eragindako dinamikei aurre egiteko.
Peru Iparragirre: ‘Ardura’
Ikaslea
Doakigun urtea laburtzeko hitz bat, eta luze pentsatu behar gabe datorkit ardura burura. Ardura, erantzukizun hitzaren zentzuan. Badoan urtea, joan den urtea kasik, erabat baldintzatu du, besteak beste, COVID-19aren izurriak. Martxoko idusak inork espero ez bezala heldu ziren, eta urruti geratu dira egun horiek abendutik, are urrunago Wuhan urrunetik heldutako lehen berriak, izurria gutxika gerturatzen eta zabaltzen, irudika ezina eguneroko egia bilakatu arte. Izurria dela-eta sortutako ziurgabetasun giroan ia edozerk zirudien posible, baina ohitu gara dagoeneko. Horretan joan zaigu urtea kasik. Bitartean, ordea, gainontzeko guztia ez da izoztuta geratu.
Ardura hitzarena intuizio bat da, batere definitzen jakin ez dudana, eta eskaintzako prezioan saltzen dizuet, garantia laburrarekin, badaezpada ere. Aurten, egia da, arduraren eta erantzukizunaren kontuak bolo-bolo ibili dira komunikabideetan. Esaterako, behin eta berriro entzun dugu ardura hitza gure aurkako arma gisa erabilia (arduragabekeria egozten zitzaigularik, besteak beste, gazteoi). Halaber, egin ditugu gauza batzuk agian ardura bati beste ardura bat gainjarriz, utzi diogu beste gauza batzuk egiteari arrazoi berarengatik.
Noski, norberaren ardura, erantzukizuna, nekez uler daiteke ideia isolatu moduan. Besteekiko harremanean du zentzu betea eta pisua ardurak. Egiten dugunak nola eragiten dien besteei, zergatik egiten dugun egiten duguna, nolako jarrera hartzen dugun (besteen aurrean) egindakoa dela-eta…
Badirudi ez dagoela arduradunaren arduragabekeria baino mingarriagorik ezer. Ardura hartzen duen orok gauzak ondo egin beharko lituzkeela iruditzen zaigu. Hau da, bere erabakiek eta ekintzek kaltegarria iruditzen zaigun ondorioren bat baldin badute ez ditugu beti aukera guztiak hartzen kontuan: edo bere eskumenetik kanpoko zerbaitek eragin ditu ondorioak, edo akatsen bat egin du edo, bestela, zuzenean arduragabe bat da. Badago beste aukera bat, gutxienez: eta hori da ardura horrek berak eraman duela modu kontzientean kaltegarri ustekoak diren erabaki eta ekintza horietara. Ardura ez baita unibokoa. Kasu batzuetan arduragabekeria kontrajartzen zaio ardurari, zalantzarik gabe, beste batzuetan, aldiz, ardura ikusteko modu bat kontrajartzen zaio beste bati.
Rosi Lazkano: ‘Pandemia’
Bertsolaria
2020. urtea laburbiltzeko erabiliko nukeen hitza, pandemia da. Pandemia hitza aurten arte nahiko hitz ezezaguna izan dela esango nuke, behintzat urrutiko zerbait balitz bezala ikusten nuen nik. Arrisku bat bai, baina ez. COVID-19aren hasieretan ere, hori pasa dela uste dut, behin baino gehiago entzundako gauza
bat izanagatik, nor bere azalean bizi gabeko zerbaitek duen ezjakintasunak harrapatuta. Nahiz ustez preparatuak bizitza modernorako, munduaren gorabeheraren jakitun, aurrerapen dezenteren jabe, jende ikasia, baina, usteak erdia ustel. Kasu honetan behintzat, esaera zaharrak arrazoi zuen.
Etxealdian pasatako egunez, hilabeteez, aurreneko sentipenak, hain bat-batekoak izanda, zurrunbilo batek harrapatu banindu bezala. Baina zer? Niri? Nola? Zergatik? Zilipurdika, egoeraz jabetu eta tente jartzea lortu arte. Pandemia batean gaude: leihotik begira, hautsak kendu, aspiragailua pasa, gosariak kontu-kontari lasai egin, lixiba usaina etxean eta denborapasa berriak, puzzleak egin ( ganbaran genituenak orain 20 urte seme-alabek egin ondoren jasoak), ezkonduta daramazkigun 40 urteetan kaxoian pilatutako argazkik, bidaietako jatetxeetako txartelak, fakturak, aldizkariak edo bitxiak, hain justu etxetik kanpo ondo pasatzearen ezaugarriak bazterrera utzi genituenak, txukundu.
Etxean atera gabe egotea zer den aurretik ere ezaguna zen niretzat. Etxekoandrea naiz, eta egun asko izan dira etxean pasatakoak. Aurretik kontatu ditudan eginkizunak eginez. Baina oraingoan desberdintasun txiki batekin, bi ginela, eta hori izan da nobedadea, ondo etorri zait, ze, egoera politak edo ez hain politekotan, konpartitzeko norbait izatea oso garrantzitsua da.
Itxialdia onuragarria izan dela ere esan nezake, baina txiki batekin, bilobaren falta, beti baitago bainaren bat. Normaltasun berriari buruz iritzia ematen hasi eta, aurreneko egun haiek gogoratzean, lotsatzen naizela ez dakit esan behar dudan, kaotikoak iruditu arren, onartzen dut, besteen akatsak erabiltzen ditugula akaso, geureak tapatzeko. Ateratzeko beharra edo gogoa edukitzea, jendearekin harremana izan nahia eta trago bat tabernan hartzekoa nahiko bekatu txikiak direla pentsatzen baitut.
Distantziak, maskarak, garbitasuna eta abar exigentzia handiak dira, eta denontzat; herritar banako, ostalari, merkatari, neskame, etxekoandre, gidari, arrantzale, harakin, musikari, kirolari, enpresari, guraso, ume, adineko, sendagile, agintari, erizain, igeltsero, ikasle, elektrizista, sukaldari, etorkin, baserritar, artzain, postari, idazle, politikari, ikerlari, zinegile, kazetari, apaiz, bertsolari, enterradore, lorezain, gozogile, okin, dantzari, etxegabe….. Egin ahal duen orok, denok egin ahal izatea ondo legoke.
Pandemia bete-betean gaude oraindik, eta pandemia zer den ikasten. Eraman dituenen dolua egiteko, txertoaren esperantzan, lehengora bueltatu edo etorkizun justuagoa nola egin ikasten. Hau da daukaguna. 2020ak erasan digu eta genuen bizimodua hankaz gora jarri. Hala ere, besarkada birtualez agurtu dezagun eta 2021a urte hobea eta gu hobeagoak izango garen esperantzekin hartu dezagun (pandemiari esker).