Hitz bitan

Mixa Fortova: "Orain dela urtebete inguru hasi nintzen abarketak egiten"

Nerea Uranga 2021ko urt. 1a, 10:00

Mixa Fortova.

Duela 11 urte etorri zen Mixa Fortova (Tabor, Txekiako Errepublika, 1987) Azkoitira. Kasualitate bat edo beste tarteko, bertan bizi da egun, eta familia ere sortu du Azkoitian. "Horrenbeste kasualitate izan dira nik bizimodua Azkoitian egitera bultzatu dutenak, batzuetan pentsatu izan dut ez direla kasualitate hutsak izan". Erabilitako arropei bizi berria ematen dien artisaua da, eta abarketak ere egiten ditu.

Azkoitian bizitzea erabaki, eta euskara ikasi zenuen.

Bai, hala da. Hiru urtez egon nintzen euskara ikasten, aurreneko bietan Azpeitiko Euskaltegian ibili nintzen, eta hirugarren urtea Azkoitiko AEK euskaltegian egin nuen. Egun, etxeko hizkuntza euskara dugu. 6 urteko semea eta urte eta erdiko alaba ditut, eta haiekin bakarrik nagoenen hitz egiten dut txekieraz. Hala ere, semeak euskaraz hobeto egiten du txekieraz baino. Alaba txikia, berriz, oraintxe ari da hizketan ikasten, eta hark hizkuntza bat zein bestea nahasten ditu. Nire aldeko aiton-amonekin eta osaba-izebekin kontaktua mantentzeko erakusten diet txekiera, eta semea nahiko ondo moldatzen da.

Bizi dugun egoera tarteko, aspaldian zure herrialdera joateko aukerarik ez zenuen izango, ezta?

Orain dela urtebete pasatxo joan ginen Txekiara. Aurten, gurasoak ziren hona etortzekoak, eta bi aldiz hartu dute honako bidaia txartela. Egoera, ordea, ez zen egokia hemen, eta ez dira etorri. Haiekin komunikazioa Internetez mantentzen dugu, baita gutun bidez ere.

Txekiaren eta Euskal Herriaren artean zer antzekotasun daude?

Esango nuke Ipar Euskal Herriko bizimoduaren antzekoa dela Txekiakoa. Txekian ere, hiriaren eta nekazal herri baten artean bizimodua asko aldatzen da, zentzu askotan. Nekazal herri batekoa naiz jatorriz, eta hemengo baserriko bizimoduarekin zerikusi gehiago dauka hango bizitzeko erak.

Lanbidez artisaua zara?

Momentuz horretan saiatzen ari naiz, eta ea zer moduz ateratzen zaidan. Berez, lanaldi osoan ama naiz, eta gainerako orduetan saiatzen naiz nola edo hala denbora eskaintzen artisautzari. Joskintzan aritzen naiz, konponketak egiten eta arropa berrerabiliz poltsak-eta sortzen ditut. Arropak birziklatzeko eta berrabiltzeko tailerra daukat.

Zein teknika erabiltzen dituzu?

Kakorratza, puntua, josteko makina… Orain, berriz, makramearekin esperimentatzen hasi naiz.

Erabiltzen duzun material gehiena, berriz, lehen erabilitako arropa da, bigarren eskukoa, alegia.

Ehungintzan izugarrizko gainprodukzioa dago, ahal den guztia erosten da, eta ahal den azkarrena botatzen da berria erosteko. Era horretan, ikaragarrizko zabor pila sortzen da. Gero, arropa hori guztia birziklatzea oso zaila da, material nahasketa handia dagoelako.

Abarketak ere egiten dituzu. Noiz hasi zinen horretan eta nolatan?

Berria da niretzako abarketak josteko lan hau, orain dela urtebete inguru hasi nintzen. Iaz, abarketak egiten irakasteko ikastaro bat antolatu zuten Azpeitian. Ingurukoek animatu ninduten ikastaro hartara joatera, eta probatzea pentsatu nuen. Garai hartan etorri ginen San Martin auzora bizitzera, eta auzo horretan egundoko historia dauka abarketaren ekoizpenak. Abarketak egiteko, berrerabilitako materiala erabiltzen dut, zolak ez beste guztia. Orain, negurako etxeko zapatilak egiten ari naiz abarketa zolak erabilita.

Endremakina da zuk erabiltzen duzun izena artisau lanerako. Zuk sortutako lanak Interneten sare sozialetan jarri dituzu erakusgai. Sareak harrapatu zaituela diozu.

Nahigabe hasi naiz sare sozialetan, ez dut oso gustukoa sare hori, egia esan. Batik bat artisau azoketan ibili naiz nik egindako lanak saltzen. Baina pandemiaren ondorioz, artisau azoka txikiak bertan behera gelditu dira, eta ikastaroak emateko aukera ere murriztu egin digute. Nire produktuak herriko dendetan jartzeko aukera ere baneukan, baina horien egoera ere ez da erraza egun. Beraz, nire lanak plazaratzeko beste irtenbide bat bilatu behar nuen, eta gustuko ez dudan arren, sare sozialetara jo behar izan dut. Orain ari naiz ikasten horiek erabiltzen

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide