Julen Alberdi Txikia IV.a bosgarren sailkatu da gaur, igandea, Bilboko Bilbao Arenan jokatu den Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalean. Ez du iazko podiuma errepikatzerik lortu azkoitiarrak. Iaz hirugarren sailkatu zen, baina aurten bi postu galduta bosgarren sailkatu da. 46 minutu eta 32 segundo behar izan ditu aizkolari azkoitiarrak lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko enbor ebakitzeko.
Iker Vicentek jantzi du txapela. Otsagabiarrak 38 minutu eta 48 segundoan amaitu ditu finaleko lanak, Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak baino minutu eta hamazazpi segundo lehenago. Bederatzigarren enborra Vicentek Larrañagaren aurretik ebaki du. Ordura arte otsagabiarra eta azpeitiarra pare-parean ibili dira, baina bederatzigarren enborra ebakitakoan, abantaila atera dio Vicentek Larrañagari. 50 segundoko tartea lortu du nafarrak, eta finala irabazteko, nahikoa izan du azken enborretan abantailari eustea. Amaieran, gainera, handitu egin dio tartea zertxobait Vicentek Larrañagari.
Hirugarren postua, berriz, Eneko Otaño beizamarrak lortu du, lanak 41 minutu eta 27 segundoan eginda. Beizamarra azken hiru urteetan postu bat hobetuz joan da. Bosgarren sailkatu zen duela bi urte, laugarren iaz eta aurten hirugarren postua lortu du. Laugarren postua, bestalde, Jon Irazurentzat izan da, 44 minutuko eta 31 segundoko denbora eginda. Txikia IV.aren ondoren sailkatu da Aitzol Atutxa, enborrak 49 minutu eta 44 segundoan ebakita.
Hona hemen sailkapena eta denborak:
- Iker Vicente 38:48
- Mikel Larrañaga 40:05
- Eneko Otaño 41:27
- Jon Irazu 44:31
- Julen Alberdi Txikia IV.a 46:32
- Aitzol Atutxa 49:44