Bihar, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta hori ospatzeko ekintzak egingo dituzte herriko ikastetxe guztietan. Ospakizun mugatuak izango dira hala ere, ez behintzat beste urteetan egin izan dituztenen parekoak, koronabirusa hedatzea saihesteko protokoloek behartuta. Ikasgelaka egingo dituzte ia ekintza guztiak, burbuilak hautsi ez daitezen. Dena dela, ez dira faltako musika, bertsoak, jolasak, lehiaketak eta euskara.
Hauek dira herriko ikastetxeetan Euskararen Egunerako prestatu dituzten egitarauak:
Xabier Munibe
Musika sarrera-irteera guztietan jarriko duten arren, ospakizunak arratsalde partean egingo dituzte.
- Haur Hezkuntzako ikasleek txontxongilo emanaldi bat ikusiko dute.
- Lehen Hezkuntzako ikasleak euskarari eta euskal kulturari burzuko Kahoot! erako jolasean ibiliko dira. 6. mailakoek Nerea Arrien idazlearen bisita izango dute. Arrienen liburu bat irakurri dutelako gonbidatu dute ikastolara, eta harekin egoteko aukera izango dute ikasleei.
Floreaga Ikastetxea
Musika jarriko dute sarrera-irteera guztietan.
- Haur Hezkuntzako ikasleek jolastokian ekitaldia egingo dute, eta gela bakoitzak prestatu duena aurkeztuko du gainontzekoen aurrean: olerkiak, asmakizunak, abestiak...
- Lehen Hezkuntzako ikasleek aurreko egunetan prestatu dituzten bideoak ikusiko dituzte gelaz gela. Bideo horietan eurek egin dituzten bertsoak abesten azalduko dira.
- Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleek soziolinguistika saioak egingo dituzte, eta besteak beste, Euskaraldiaz eta euskaraz hitz egingo dute. Euskal kulturari buruzko ginkana bat ere egingo dute, ordenagailu bidez. Ahobizi pegatinak margotuko dituzte, soinean eramateko.
Bizilore Eskola Aktiboa
Euskararen Eguna eta Euskaraldia aitzakia hartuta, euskalkien inguruko lanketa egin dute Biziloren, eta haurrek grabaketak egin dituzte familian. Familiako kideak grabatu dituzte txikitako jolasei buruzko azalpenak beren euskalkian ematen, eta baita bakoitzaren herrian erabiltzen diren hitz bereziei buruz hitz egiten ere.
- Bihar goizean, bideo horiek ikusiko dituzte eta horietaz hitz egingo dute.
- Gero, Euskaraldiko pegatinak margotuko dituzte.
- Euskal kantuak abestuko dituzte.
- Hamaiketakoa egingo dute.
- Guraso bat joango da haurrekin jolasak egitera.
Azkoitia BHI
- Euskaraldiko pegatinak banatuko dituzte ikasleen artean, eta Euskararen Egunaz eta Euskaraldiaz hitz egingo dute.
- DBH1eko ikasleek bertsoak abestuko dituzte bozgorailuetatik.
- Hainbat bideo ikusiko dituzte.
Izarraitz Lanbide Heziketa
Bigarren etxealdi baterako prestatzeko, dituzten gabeziak eta hutsuneak atzemateko, simulazioa egiten ari dira aste honetan, eta ikasleetako asko etxetik ari dira lanean.
- Euskaraldiak iraun duen bi asteotan, Egunean Behin erako joku batean partea hartu dute ikastetxeko kideek. Asteko irabazleek sariak eta guzti jasoko dituzte.
- Biharko Kahoot! erako joku bat prestatu dute, eta irabazleak saria izango du.
AEK euskaltegia
Euskarazko zazpi hitzik politenak ekimena gauzatuko dute. Aurrena, talde bakoitzean, ikasle bakoitzak euskarazko hitzik gustukoena idatziko du. Gero, beste talde bateko kideek, botazio bidez, hitz horietatik politena zein den erabaki beharko dute. Zazpi taldetan gauza bera egingo dutenez, euskarazko zazpi hitzik politenak izango dira emaitza.