Euskaraldia 2020

Ahoa bizi eta belarria prest Euskaraldia hasteko

Maxixatzen.eus 2020ko aza. 20a, 11:00

Zineb Zrouki eta Carlos Gil.

Euskaraldian parte hartzen ari diren bi azkoitiar dira Carlos Gil (1963, Buenos Aires, Argentina) eta Zineb Zrouki (2003, Marrakex, Maroko). Gil belarriprest rolean ari da parte hartzen eta Zrouki ahobizi da. Euskaraldiak irauten duen bitartean izaten dituzten bizipenak kontatuko dituzte biek ala biek Maxixatzen.eus-en.

"Belarria ohitu behar dut euskarara, entzumena, alegia. Horregatik parte hartuko dut belarriprest gisa Euskaraldian", azaldu du Carlos Gilek. Azkoitiko AEK euskaltegian euskaraz ikasten ari da, eta euskaraz gehiago entzun beharra sentitzen du kalean; belarriprest txapa soinean eramanda horretarako aukera gehiago izango duelakoan dago.

Orain dela bi urte etorri zen Azkoitira bizitzera Gil, "hain justu, azaroaren 28an beteko dira bi urte", zehaztu du. Azkoitira etorri aurretik, bederatzi urtez Ingalaterran bizi izan zen, eta gero Donostian. "Donostia garestia da, ordea. Azkoitian lehengusu bat bizi dut, eta bertan etxe bat erosteko aukera sortu zitzaidan, hala bizitzera hona etortzea erabaki nuen", azaldu du. Azkoitian bizi denez euskara jakitea ezinbestekoa dela uste du, eta horregatik ari da ikasten. Euskaraldian belarria prest izango du euskaraz hitz egiten dioten guztiei entzuteko, baita ahal duen guztietan euskaraz hitz egiteko ere. Astebete barru kontatuko dio Maxixatzen.eus-i zer nolako esperientzia bizitzen ari den Euskaraldiaren barruan.

Urtebete besterik ez da Zineb Zrouki Euskal Herrira etorri eta euskaraz ikasten hasi zela, eta ahobizi da Euskaraldian. "Iazko abuztuan etorri ginen familia Azkoitira bizitzera. Iazko urrian, berriz, euskaraz ikasten hasi nintzen AEK euskaltegian", azaldu du euskaraz bizi-bizi. Batxilergoko lehen maila ari da euskaraz ikasten, eta eskolan azterketetan murgilduta badabiltza ere, Euskaraldian parte hartuko du ahobizi rolean. "Euskara ez zait horren hizkuntza zaila egiten ikasteko. Azkoitian, ordea, jendeak oso azkar hitz egiten du, eta batzuetan horregatik zailagoa egiten da ulertzea". Ahobizi rolean sartuta, "euskaraz hitz egiteko eta jarduteko" gai dela erakutsi nahi du Zroukik. Zazpi egun barru kontatuko du Maxixatzen.eus-en zer nolako esperientzia bizitzen ari den.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide