Bihar hasiko da euskaldunen hizkuntza ohiturak eraldatzea helburu duen Euskaraldiaren bigarren edizioa. Oraindik ahobizi edo belarriprest ez direnek gaur zuten, izatez, ariketa erraldoian izena emateko azken aukera, baina antolakuntzak epea luzatzea erabaki du. Hori horrela, izena emateko azken eguna datorren asteartea, azaroaren 24a, izango da. "Euskaraldiaren berri ematea, bereziki, konplikatua izaten ari da, eta azken egunetan asko mugitu da izen-ematea. Herritar asko orain ari dira jakiten Euskaraldia datorrela edo aurten berriz eman behar dela izena, eta gehiago izango dira ostiralean bertan ohartuko direnak", azaldu dute antolatzaileek hartutako erabakia.
Euskaraldian izena eman nahi dutenek aukera bat baino gehiago dute horretarako. Interneten, euskaraldia.eus webgunean eman daiteke izena, eta telefono mugikorretarako (Android zein IOS sistemadun gailuetarako) sortu den aplikazio berriaren bidez ere bai. Elkargunean eta udaletxean dauden eskuorriak beteta ere egin daiteke izen-ematea.
Txapak jasotzeko azken eguna
Duela bi urteko lehen Euskaraldian bezala, bihartik abenduaren 4ra paparrean txapak eramango dituzte izena eman duten ahobiziek eta belarriprestek, Euskaraldian parte aktiboa hartuko dutela adieraziz. Txapa horiek jasotzeko azken eguna gaur, osteguna, izango da Azkoitian. 12:00etatik 13:00etara edo 17:30etik 19:30era bitartean irekiko dute Torrezuri erakustokia. Ariketa sozialean izena emanda dauden Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko bazkideek, berriz, Euskaraldiko banderatxoa jasotzeko aukera ere izango dute.