Alokairu sozialeko etxebizitzak eraikiko ditu Eusko Jaurlaritzak Txalon Errekan

Andoni Elduaien 2020ko aza. 18a, 08:31

Txalon Erreka auzoa.

Jaurlaritzak 1.080.910 euro ordainduko dizkio Azkoitiko Udalari Txalon Errekako 1.227 metro karratuko lursaila erosteko.

Eusko Jaurlaritzak alokairurako babestutako etxebizitzak eraikiko ditu Azkoitiko Txalon Erreka auzoan. Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak atzo, asteartea, eman zuen Azkoitiko Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatzeko baimena, eta horri esker, Txalon Errekan alokairurako babestutako 40 etxebizitza eraiki ahal izango ditu Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak. 

Azkoitiko Udalarekin lortutako akordioaren arabera, Jaurlaritzak hiru partzela erosiko ditu Azkoitiko Txalon Errekako 10. sektorean. Guztira 1.227 metro karratuko lursaila erosiko du Jaurlaritzak, eta 1.080.910 euro ordaindu beharko dizkio Azkoitiko Udalari.

Eusko Jaurlaritzak erosiko duen guneko hirigintza tramitazioa amaitu ondoren, datorren urtean P-2 eta P-3 partzelak erostea aurreikusi dute. Partzela horietan hamabi etxebizitzako bloke bana eraikiko dituzte. 2022. urtean, berriz, P-1 partzela erostea aurreikusi dute, han beste hamasei etxebizitza eraikitzeko. 

Jaurlaritzak partzelen erosketa formalizatzen duen unetik hasi eta lau urteko epean, hiru blokeen eraikuntza eta urbanizazio obrak amaitzeko konpromisoa hartu duela jakinarazi du Jaurlaritzak. Hori horrela, lan horiek 2026rako amaituta egotea espero da. Lurren erosketaren eta eraikinen eraikuntzaren kostuak batuta, 5,9 milioi euroko inbertsioa egingo du Jaurlaritzak Azkoitian.   

Hitzarmenari esker, Azkoitiko Txalon Erreka sektorea "bere osotasunean aktibatzea" ekarriko duela esan du Jaurlaritzak. Era berean, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak auzoan 170 BOE sustatzea ahalbidetuko da. 40 etxebizitzako hiru blokeak egingo dituen Visesa sozietate publikoak, eremu honetan, beste 130 etxebizitza eraikitzeko lurzorua du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide