Larunbatean zendu zen Antonita Beristain trikitilaria (Azkoitia, 1936). Atzo, astelehena, eman zioten bailarako trikitilariek azken agurra, bere senideekin eta ingurukoekin batera, Azkoitiko parrokian. Trikiti doinuekin agurtu zuten, gainera, Beristain hainbat trikitilarik. Beristain sendiarena trikitiaren historian "kate-begi garrantzitsua" izan dela azaldu du Trikigiro kultur elkarteak, eta Antonita Beristainen kasua ere ez dela "salbuespena" izan adierazi dute.
Trikigirok nabarmendu du, trikitilari ia guztiak gizonezko ziren garaian "bide urratzailea" izan zela Antonita Beristain. Horren lekuko direla azpimarratu ditu elkarteak, besteak beste, 1950eko hamarkadan Urrategi auzoko erromeria alaitu zuenekoa, edota 1960ko hamarkada hasieran Loiola Irratian bere aita Kandido Beristainekin eta Daria ahizparekin batera egindako grabaketa.
"Trikitilari ibilbide oparo hura nahi baino lehenago amaitu zen, ordea. Gizonen munduan beti izan da zaila aldi berean emakumea eta kultur sortzailea izatea. Gaztetan trikitilari izatea amesten zenuen. Orain, zure oroimena, eta zu bezala trikitilari izan ziren emakumeena izango da hainbat gazte trikitilari izatera animatuko dituena. Mila esker Antonita", azaldu du ohar bidez Trikigiro kultur elkarteak.