Eusko Jaurlaritzak ostalaritza sektoreari laguntzeko 30 milioi euroko plan bat onartu du. Halaxe jakinarazi du Javier Hurtado Turismo Merkataritza eta Kontsumo sailburuak. Negozioko 3.000 eta 4.000 euro artekoak izango dira laguntza horiek, langile kopuruaren arabera, eta bateragarriak izango dira Jaurlaritzaren beraren eta beste erakunde batzuen laguntzekin.
COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurri murriztaileek ostalaritza sektoreari eragin dizkioten kalteak apaltzea litzateke helburua. Ez da Jaurlaritzak onartzen duen mota horretako lehen plana. Lehendabiziko olatuan 15 miloi euroko laguntzak iragarri zituen sektorearentzat, eta baita sektoreko enpresek egindako 10.000 eskaera onartu ere, baina oraindik banatu gabe ditu laguntza horiek. Gaur iragarritakoak, baina, urtea bukatzerako banatu nahiko lituzteketela azaldu du Hurtadok.
Laguntzaren zenbatekoa, negozioaren tamainaren araberakoa izango da, zehazki, langile kopuruaren araberakoa. Hiru langile baino gutxiagoko establezimenduek 3.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute; gehienez hamar dituztenek, 3.500 eurokoa; eta hortik gorakoek, 4.000 eurokoa. Deialditik kanpo utzi dituzte 50 langile baino gehiago dituzten ostalaritza enpresak, eta baita pandemiaren aurretik etxez etxeko banaketa diru sarreren iturri nagusitzat zutenak ere.
Gutxienez lau hilabetez irekita
Laguntza jaso ahal izateko, establezimenduek konpromisoa hartu behar dute jarduerari gutxienez lau hilabetez eusteko, murrizketak kentzen direnetik eta berriz ireki dezaketenetik kontatzen hasita.
Laguntza horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera eskatu ahal izango dira; Hurtadoren arabera, "beranduenez, hurrengo astearen hasieran" izango da hori. Hark adierazi du aurreko planean baino arinagoa izango dela prozedura; hain zuzen ere, gutxienez hogei teknikariz osatutako premiazko kudeaketako talde bat ariko dela esklusiboki laguntza programa hori kudeatzen.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, ostalaritzako 12.219 establezimendu daude: 8.297k hiru langile baino gutxiago dituzte; 3.224k, lau eta hamar langile artean; eta gainerako 698ek, hamar langile baino gehiago.