Herritarrak heriotzaz hausnartzera bultzatzeko egitasmo bat jarriko du martxan udalak

Julene Frantzesena 2020ko urr. 30a, 14:35

Egitasmoaren sustatzaileak Berdura Plazan jarri duten arbelaren ondoan. (Azkoitiko Udala)

Udalak bi arbel zintzilikatu ditu gaur Azoka Plazan, hala nahi duten herritarrek heriotzari buruzko hausnarketak edo pentsamenduak idatz ditzaten horietan. Igandean zabalik izango da Berdura Plaza 10:00etatik 14:00etara bitartean. Herritarrek azaroaren 7ra arte izango dute ekarpenak egiteko aukera. 

Santu Guztien egunaren bueltan, herritarrak heriotzari buruz hausnartzera eta dituzten pentsamenduak partekatzera bultzatzeko egitasmo bat antolatu du Azkoitiko Udalak, Azkoitia Lagunkoiarekin eta Azkoitiko Death Cafe saioen sustatzaile Maider Etxeberriarekin elkarlanean.

Erakundeak bi arbel zintzilikatu ditu gaur Azoka Plazan, hala nahi duten herritarrek heriotzari buruzko hausnarketak edo pentsamenduak idatz ditzaten horietan. Mural batean "Hil aurretik nahiko nuke..." irakur daiteke eta bestean "Oroimenean", herritarrek nahi dutena idatz dezaten esaldi edo hitz horietatik abiatuta.

Igandean zabalik izango da Berdura Plaza, eta herritarrek beren ekarpenak egiteko aukera izango dute 10:00etatik 14:00etara. Dena den, azaroaren 7ra arte egongo dira bi arbelak zintzilikatuta, eta Plaza Berdura itxi arte (21:00) egunero izango da horietan zerbait idazteko aukera.

Janire Igoa Ongizate zinegotziak azaldu duenez, ideia "polita" iruditu zitzaien herritarrei hausnarketak partekatzeko aukera ematea; izan ere, haren arabera, heriotzak "kezka eta sufrimendua" sortu ohi ditu: "Heriotzak, lehenago edo geroago guztiok hilko garela pentsatzeak, kezka eta sufrimendua dakartza, eta horretaz hitz egiteak lagundu dezake gaia soseguz hartzen". 

Udalak azaldu duenez, muralen ideia Heriotzari bizia ematen jaialditik hartu dute. Heriotzaren prozesua eta dolua lantzen dituzten hainbat taldek antolatu dute jaialdia, gaiari ikusgarritasuna emateko eta gaia normalizatzeko xedez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide