Azkoitia, 100.000 biztanleko 1.176,08ko intzidentzia tasarekin, semaforo gorria piztuta duten herri horietako bat da, eta atzotik indarrean dira egoera epidemiologiko larria duten herrietarako Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurri murriztaileak. Ondorioz, tabernek eta jatetxeek 21:00etarako itxi beharko dituzte ateak eta ezingo dituzte 06:00ak arte ireki. Gainera, barran ezingo da kontsumitu, soilik mahaietan eta eserita, eta barruko edukiera erdira mugatu beharko dute.
Lehendik ere ondo ez bazeuden, neurri berri horiek are egoera okerragoan jarri dituela uste dute herriko ostalariek. Halaxe baieztatu du Isidro erretegiko arduradun Aitor Aizpuruak: "Orain arte nahikoa muga ez bagenituen, oraingo neurri hauek errematea izan dira guretzat". Eta arrazoia eman dio Galipan jatetxeko arduradun Ricardo Vivasek: "21:00etan itxi beharrak fakturazioaren bi heren galtzea ekarriko digu, eta egoera honetan ez dakit zenbat iraun ahalko dugun".
Isidro erretegian eta Galipan jatetxean otorduetatik bizi dira; bazkariak ere ematen dituzte, baina batez ere afalorduan izaten dute mugimendua. Ordutegi berriak, baina, afariak eman ezinik utzi dituztela adierazi dute biek ala biek, "21:00etan jendea esertzen hasten baita", Vivasen hitzetan. Isidro erretegian, neurriak indarrean sartu eta berehala hasi dira ondorioak antzematen. "Atzo gauean, bertso saioa zegoela eta, hogei bat lagun afaltzera etortzekoak ziren, baina bertso saioa bertan behera gelditu zenez, erreserbak ere ezeztatu egin zizkiguten". Eta gaur beste horrenbeste. "Zestoan aizkolariak ikusi eta hona afaltzera etortzekoak ziren batzuk, baina ez direla etorriko esanez deitu digute". Ez dira afaldu gabe geratuko, baina beste norabait joango dira. "Azpeitian eta Azkoitian 21:00etarako itxi beharra daukagu, baina inguruko herrietan gauerdira arteko baimena dute. Gaur hona ez datozenak Errezilera joango dira afaltzera".
Afariak, goizago
Ordutegi berrira egokitzeko, iluntzeko zerbitzua aurreratzea erabaki dute Isidro erretegian. "Orain arte 20:00ak aldera hasten ginen afariak ematen, baina 21:00etarako taberna hustu ahal izateko, 19:00ak aldera hasiko gara orain". Hala ere, ez du uste hori izango denik irtenbidea. "Nor etorriko da ordu horretan afaltzera, jakinda presaka alde egin beharko dutela?", galdetu du.
Otorduak jatetxean bertan zerbitzatzeaz gain, Isidron eta Galipanen bietan prestatzen dute etxera eramateko janaria, baina ez dute uste hori izan daitekeenik ordutegi berriari aurre egiteko soluzioa. "21:00etan itxi beharrak zerbitzu hori emateko aukera ere mugatu egin digu, ordu horretatik aurrera ezin dugulako etxerako zerbitzurik ere eskaini", azaldu du Vivasek.
Ixtera bultzatzen
Galipan jatetxeko arduradunaren arabera, 21:00etan ixteko betebeharrak "ez du zentzurik, ez behintzat saldu nahi izan duten bezala". "Kontua kutsatzeak saihestea bada, berdin-berdin dio 21:00etan edo 01:00etan itxi, jendea ez delako batetik bestera ibiltzen; mahai bat hartzen dute eta taberna itxi arte hantxe egoten dira". Neurri horrekin lortu nahi dutena beste gauza bat dela uste du: "Neurri hori hartu dute ostalaritza erabat ixtearen erantzule izan nahi ez dutelako eta horrek ekarriko lituzkeen enplegu erregulazioei aurre egin beharrik ez izateko, baina ostalaritzako negozioak ateak ixtera bultzatzea lortu nahi dute".
Jakitun dira herriko egoera ez dela ona, eta ulertzen dute neurriak hartzea, baina onartzen ez dutena da neurri horiek "beti sektore berari" eragitea. "Egia da tabernetan eta jatetxeetan jendea elkartzen dela, hori ez dugu ukatuko, baina ematen du leku horietan bakarrik gertatzen direla kutsatzeak", esan du Aizpuruak. Ildo beretik jarraitu du Vivasek: "Lehengoan irakurtzen nuen EAEko positiboen %4 edo %5 bakarrik datozela ostalaritzatik. Horrek esan nahi du kutsatze gehienak beste eremu batzuetan gertatzen direla, baina, hala ere, behin eta berriz gu jartzen gaituzte jopuntuan, guztiaren erredunak izango bagina bezala".
Lan egiteko eskubidea aldarrikatu dute bi ostalariek, hori besterik ez. "Guk nahi duguna da lan egitea", esan du Vivasek. "Hartuko ditugu hartu beharreko neurri guztiak, orain arte egin dugun bezalaxe, baina ez gaitzatela jatetxea ixtera behartu". Euren esku dagoen guztia egiten ari direla nabarmendu du Aizpuruak ere, eta murrizketekin ala gabe horretan jarraituko dutela. "Honetatik bizi gara eta jarraitzea besterik ez zaigu geratzen, baina espero dut egoera hau gehiegi ez luzatzea".