Hasi da udazken loreen ehiza

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza 2020ko urr. 23a, 16:00

Alain Martinek bildutako onddoak.

Udazkenean basoan gora abiatu dira perretxikozaleak. Etxeko lanak eginda joatearen eta natura errespetatzearen garrantzia nabarmendu dute adituek eta arituek.

Aparteko neurririk hartu gabe egin ditzaketen jarduera gutxi gelditzen zaizkie herritarrei, koronabirusak baldintzatutako garaiotan, baina izan, badira. Udazkenean sartuta eta perretxiko garaia hasita, saskia hartu, eta haiek biltzera joatea izan daiteke horietako bat, nahiz eta Aitor Leiza perretxikoetan adituaren (Itziar, 1961) hitzetan, hori horrela esatea ez den zuzena. “Perretxiko garaia urte guztian izaten da; beste kontu bat da hemen ohiturarik badagoen horiek jateko”. Zenbait espezie zerrendatu ditu: “Adibidez, boilurrak neguko perretxikoak dira; udaberriko zizak, udaberrikoak; bada onddo zuri mota bat udan irteten dena; eta udazkenean etortzen dira beste denak”.

Uda zenbaterainoko euritsua izan den, horrek baldintzatzen du denboraldiaren hasiera, sarri udazkenari itxaron beharrik gabe. Izan ere, “uda euritsua izan bada, jendea udatik hasten da perretxikotara joaten”. Aurtengo uda nahiko lehorra izan denez, jendeak patxada handiagoarekin hartu du, baina azkeneko asteetako euriteak eta gero, hasi da udazkeneko loreen ehiza.

Perretxikoetan aditua izateaz gain, perretxikozalea ere bada Leiza. “Gustatzen zaizkit, eta aurten ere dagoeneko pare bat alditan joan nahiz perretxikotara, baina ez naiz obsesionatu horietakoa”, esan du. Zaletasuna familiatik datorkio: “Aitarekin joaten nintzen gaztetan. Aita nafarra izanda, aranztarra, bagenuen perretxikotara joateko ohitura, eta perretxikorik ez bazen, gaztainak biltzen genituen neguan jateko”.

Alain Martini (Azkoitia, 2003) ere familiatik datorkio zaletasuna. “Txikitatik joan izan naiz perretxikotara; aitona-amonekin joaten nintzen lehen, eta lagunekin edo bakarrik joaten naiz orain”. Aurtengo lehendabiziko irteera joan den asteburuan egin zuela kontatu du, baita asmatu ere: saskia ondo beteta itzuli zen etxera. Argazkiko onddoak hark bildutakoak dira, Azkoitiko Madariaga auzoan; handienak kilo bat baino gehiago pisatzen zuen.

Gipuzkoako Hitzak argitaratutako erreportajea. Irakurri osorik

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide