Kasu positiboen kopuruak nabarmen egin du gora herrian

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 22a, 13:02

Guztira 21 kasu berri hauteman ditu Osasun sailak herrian. Azkoitian detektatutako kasu positibo guztien ia erdia, urrian atzeman du Osasun Sailak, 173 kasu zenbatu baitituzte azken 21 egunetan.

Azkoitian aspaldiko kasu positibo kopururik handiena zenbatu dute: Osasun Sailak 21 kasu berri baieztatu ditu herrian. Azken egunetan joerak beheranzkoa zirudien arren, kasuak nabarmen hazi dira berriz ere Azkoitian. Azken astean 61 kasu atzeman ditu Osasun Sailak, eta urria hasi zenez geroztik 173 herritarrek eman dute positibo. Osakidetzak Azkoitian lehen kasua zenbatu zuenetik, berriz, 367 azkoitiarrek eman dute positibo PCR proban. Intzidentzia tasa 1.059, 30ekoa da une honetan herrian.

Osasun Saila koloreak erabiltzen hasi zen joan zen astean, 5.000 biztanletik gorako positibitate tasak bereizteko, eta Azkoitia gorriz ageri da azken astebetean egunero kaleratutako txostenean. Hain zuzen ere, Azkoitiak 100.000 biztanleko 1.059, 30eko intzidentzia tasa du azken hamabost egunak kontuan hartuta. Badira gorri kolorez ageri diren beste herri batzuk ere, hala nola Azpeitia, Zumaia, Urnieta, Ordizia eta Beasain.

Ikusteko dago zer neurri hartuko dituzten birusaren hedapena saihesteko. Gaur, osteguna, 18:00etan egingo du bilera babes sozialerako Euskadiko planaren aholku batzordek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorakoak diren eta 100.000 biztanleko 500dik gora positiboko tasa duten herrietan zer neurri hartu aztertuko dute bilkuran, eta Azkoitia da baldintza horiek betetzen dituen herrietako bat. 

Eskualdea gorri samar

Urola Kostan ere gora egin dute positiboek. Atzo gauzatutako PCR probetan 83 kasu zenbatu zituen Osakidetzak Urola Kostako herrietan. Azkoitiko 21 kasuez gain, Azpeitian 35 eta Zumaian hamazazpi atzeman ditu. Eskualdeko beste bost herritan ere detektatu zituzten atzo positiboak: Errezilen lau, Zarautzen hiru, eta Zestoan, Orion eta Aian bana. Getarian, Beizaman eta Aizarnazabalen, berriz, ez dute kasurik zenbatu. 

Aipatzekoa da Errezilen positibo kopuruak izan duen gorakada; izan ere, azken zazpi egunetan 21 kasu detektatu dituzte herri horretan. Hori dela eta, 100.000 biztanleko azken hamabost egunetako intzidentzia tasa izugarria da: 4.299,36. Azpeitia ere Gipuzkoako positibitate tasa altuenetakoa duten herrien artean dago, 1.321,82ko baita tasa uneotan; eta Zumaian ere ikaragarri hazi da tasa hori azken egunetan: 1.068,7 da gaur-gaurkoz. Beraz, alarma gorria piztuta duten herriak bat baino gehiago dira Urola Kostan.

Milako langa pasatuta

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.470 PCR proba egin zituzten atzo egun osoan zehar, eta guztira, 1.033 positibo zenbatu dituzte hiru lurralde horietan. Hau da, herritarren %7,7k eman zuten positibo proban. Mila positiboko langa gainditu dute hiru lurralde horietan, bigarren olatuan lehen aldiz.

Hiru herrialdetako intzidentzia tasa 418,28an kokatzen da une honetan, baina lurraldeka nabarmenak dira aldeak. Atzo Gipuzkoan zenbatu zituzten kasu genien beste behin (503 positibo), eta positibitate tasa 576,97ra igo da. Bizkaian, berriz, beste 423 positibo zenbatu zituzten atzo (338,54 da tasa), eta Araban 96 (311,62 da intzidentzia tasa). Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste 11 lagunek ere eman zuten positibo.

Atzo 53 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gora egin du ospitaleratuen kopuruak: atzo 339 lagun zauden hiru lurralde horietako erietxeetan, herenegun baino 11 pertsona gehiago. ZIUn, berriz, herenegun baino hiru lagun gehiago daude, 62.

Nafarroan, berriz, gauerditik indarrean dira hango gobernuak ezarritako neurri murriztaile berriak. Besteak beste, herrialde osoa konfinatu dute, eta ostalaritza ixteko agindua emana dago. Datuek, baina, okerrera egiten jarraitzen dute. Nafarroako Gobernuak emaniko behin-behineko datuen arabera, 586 positibo detektatu zituzten atzo, 3.651 test eginda. Horrenbestez, herritarren %16,1ek eman zuen atzo positibo Nafarroan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide