Finalera sailkatu zinen puntuazioz. Nola hartu zenuen berria?
Gustura; horrelako berri bat beti jasotzen da gustura, baina aldi berean oso urduri, finala ez delako ohiko saio bat.
Ezohiko egoeran dator finala. Egin al duzu bertsotan azken boladan?
Asko aldatu dira gauzak nik kanporaketa jokatu nuenetik. Otsailetik hona dena aldatu da. Hala ere, konfinamenduan egin genuen bertsotan, eta udan ere aritu naiz. Urrian ekin genion bertso eskolari eta lagunekin ere aritu naiz. Esan daiteke ez noala erdoilduta finalera.
Nola ikusten dituzu beste bertsolariak?
Ikaztegietako eta Villabonako saioak ikusi ditut, eta ondo ikusi nituen kideak. Egoera berezia da, maskarekin abestuko dugu, jende gutxiagorekin… baia finalerako sentsazio onak ditut.
Etxean jokatuko duzu finala…
Poz ematen dit etxean finala jokatzeak, ez baitira egoten horretarako aukera asko. Hala ere, horrek finalari tentsio puntu gehigarri bat ere jartzen dio. Gogotsu nago, baina baita urduritasun puntu batekin ere.
Berehala agortu ziren finalerako sarrerak. Inguruko lagunek-eta lortu al dute sarrerarik?
Bai, bakarren batzuk lortu dituzte. Egia da denek ezingo dutela finalera joan, baina tira… Batzuk, behintzat, badoaz eta eskertuko dut haiek finalean egotea.
Urteak dira Eskolarteko Txapelketara azkoitiarrik sailkatu ez dela, eta zu iritsi zara finalera. Berri pozgarria da, ezta?
Hala da, bai. Dena den, ez diot garrantzia berezirik eman…
Zer esango zenioke finalera doazen herritarrei?
Saioarekin gozatzeko. Bertsolariak finalean gozateza nahi dut, baina baita ikusleek goza dezaten ere. Gainera, ikusita gaur gaurkoz ez daudela bertso saioetara joateko aukera asko, bertsozaleei esango nieke gaurko saioaz gozatzen saiatzeko.