Iñigo Aranbarrik Besarkada saria jaso du 'Ihesaldia' telesailean egindako lanagatik

Andoni Elduaien 2020ko urr. 14a, 09:03

Besarkada sarietan sarituak; tartean, Iñigo Aranbarri. (Argazkilaria: Son Aoujil)

Ihesaldia telesailean egindako lanagatik, telebista arloko saria eman zioten atzo aktore azkoitiarrari, Bilbon. "Aktoreon lan eskubideak oso urruti daude duinak izatetik", azaldu du Aranbarrik.

Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) 2020. urteko Besarkada sariak banatu zituen atzo, asteartea, Bilboko Azkuna zentroan. Euskal Aktoreen Batasunako bazkideek emandako bozen arabera banatu zituzten telebista eta zinema arloko garaikurrak, eta Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak telebista arloko gizonezkoaren saria jaso zuen iaz Ihesaldia telesailean egindako lanagatik; Pausokak eta EITBk elkarlanean ekoitzitako Ihesaldia telesaileko protagonistetako bat izan zen azkoitiarra. 2011. urtean banatu zituen azkenengo aldiz Euskal Aktoreen Batasunak Besarkada sariak, baina aurten berriz ematea erabaki du "euskal aktoreen lana aintzatesteko". Ekitaldian gustura sentitu zela adierazi du Aranbarrik: "Denbora askoan ikusi gabeko hainbat lagunekin egoteko aukera izan nuen eta gertuko giroa izan genuen. Sari banaketa bukatutakoan gustura geldituko nintzen lagunartean trago bat hartzen, baina etxera, Iruñera, ere itzuli beharra zegoen".

Iñigo Aranbarri Besarkada saia jasotzen. (Argazkilaria: Son Aoujil)

Iñigo Aranbarri Besarkada saria jasotzen. (Argazkilaria: Son Aoujil)

Aktore azkoitiarrak azaldu duenez, "anekdotikoa" izan da berak jasotako saria. "Euskal produkzioaren termometro izan dira sariketak, telebistako eta zinemako euskal ekoizpenen basamortuaren erakusgarri izan dira. Euskal produkzioari begira, 2019. urtean euskarazko bi produkzio bakarrik izan dira ETBn: Go!azen eta Ihesaldia. Aurten, beste hiru datoz, eskerrak: Alardea, Hondar Ahoak eta Altsasu. Pentsa, telebistako sarietarako eta zinemako sarietarako zortzina hautagai ginen Besarkada sarietan, horietatik guztietatik bi  bakarrik ginen euskarazko fikziozko produkzioetan aritzeagatik hautatutakoak. Ea euskal produkzioari, euskaraz egindako ikus-entzunezkoari, telebistan indarra eta hauspoa ematen jarraitzen dugun, beharra dago; eta ahal bada baldintza duinetan".

Arriskatu beharra

Euskal Telebistaren edukien eta ekoizpenaren gainean erabakiak hartzen dituenari "gehiago arriskatzeko" eskaera egin dio Aranbarrik. "Goenkale telesailaren moldeak ondo daude, baina berrien bila ere hasi beharra dago. Batzuetan segurura jotzen da, baina telebista publikoak hortik haratago jo behar du, era horretan eskaintza hobea izango duelako. Ikus-entzunezko lanak egiteko aukera eskaintzen dutenek arriskatu beharra dute jende berria aukeratzen, sortzaile asko baitago lan egiteko gogo eta talentu handiarekin; jarri konfiantza osoa haiengan eta ez partziala. Talentu asko dago, eta kontatzeko kontu asko ere bai".

Besarkada sariak beren jardunaren "erakusleiho" izan direla azaldu du Aranbarrik, eta Euskal Aktoreen Batasunak egiten duen lana nabarmendu du azkoitiarrak. "Aktoreon lan eskubideak oso urruti daude duinak izatetik, eta Euskal Aktoreen Batasuna gure eskubideak aldarrikatzeko lanean ari da. Pandemia egoera honetan, beste arlo batzuetan lanean jarduten dutenek aldi baterako lana erregulatzeko txostena eskuratzeko aukera izan dute; gure arloan jarduten dutenetatik bakar batzuk eduki dute aukera hori, ordea", azaldu du Aranbarrik.

Gaur egun Xake produkzioak-en Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanean ari da Aranbarri. "Jendeak uste du lan piloarekin nabilela, eta hori da iaz egindako lanak orain estreinatu direlako; esaterako, Nora filma eta Patria telesaila. Gaur gaurkoz jateko ematen didan lana Fadoak entzuten zituen gizona obra da. Gainontzean, orain dela urtebete bukatu nuen lan egin nuen azkeneko fikziozko ikus-entzunezkoa". 

Azken antzezlanarekin gustura dabil Aranbarri, telebistarako eta zinemarako lana baztertu gabe, agertokiz agertoki aritzea "goxoa" dela dio. Fadoak entzuten zituen gizona lanarekin hogei emanaldi inguru dituzte lotuta eta hori garrantzitsua dela dio azkoitiarrak: Azpeitian azaroaren 1ean egingo dute Soreasun, Euskal Antzerki Topaketen barruan, eta Zumaian, berriz, azaroaren 13an.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide