Konexioa naturarekin
Bidegorriaren bi aldeek eskaintzen dute naturarekin zuzenean lotzeko aukera. Urola ibaiaren freskotasunak, tuneletako hezetasunak eta zuhaitz eta larreetako animalien agurrek egunerokotasunetik deskonektatzeko aukera aparta eskaintzen dute.
Herrian zati dotoreak
Bidegorriaren zati politak ikusteko eta naturarekin bat egiteko, ordea, ez dago herrigunetik gehiegi irten beharrik. Etxetik urrutira joan gabe ere, ibilbide dotorea egin daiteke bidegorriaren Azkoitiko zatian.
Bihurguneak
Urola ibaiaren sigi-sagei jarraituz, ibilbidean hainbat bihurgune daude, eta bizikletan abiaduran doanak, esaterako, tentuz jokatu beharra du zati bat baino gehiagotan.
Zuzenguneak
Halere, zuzenguneak ere ez ditu falta bidegorriak. Sinestezina dirudi Aizpurutxo inguruari begiratuta horrelako zuzenguneekin gozatzeko aukera dagoenik.
Aldapan gora, aldapan behera
Gehiegi nabaritzen ez den arren, bidegorria gorabeheratsua da. Azkoititik Zumarragara abiatzen denak gehiago eragin beharko die pedalei. Azpeitia aldera doana, berriz, biziago joango da maldan behera.
Zubi ugari
Ibilbidearen zatirik gehiena lurraren gainean egiten bada ere, hainbat zubi zeharkatu beharra dago ibaiaren eta Azkoitia eta Zumarraga lotzen dituen errepidearen gainetik pasatzeko.
Tunelak nonahi
Azkoititik Aizpurutxora arteko bidean hainbat tunel daude. Argitik ilunperako bidean, batzuk haitzulo edo leize itxura ere hartzen dute sarritan. Gerizpeko tarte heze eta fresko hauek eguzkiaren berotik ihes egiteko ere bikainak dira.