Joey Albert: "Azkoitira etortzerako banekien euskara beharrezkoa nuela"

Nerea Uranga 2020ko urr. 28a, 11:00

Joey Albert filipinarra loreekin. (Argazkia: Nerea Uranga)

Madariaga auzoko Arumarrate baserrian bizi da Joey Albert (1963, Manila, Filipinak), Koldo Hormaza sopelarrarekin batera. Lehenagotik zuten baserria erosita, baina duela lau urte erabaki zuten bertara bizitzera etortzea. Garbi zeukan Albertek: Azkoitian bizitzeko euskaraz ikasi beharra zuen. Elkarrizketa osoa egin du euskaraz. Loreak ekoizten eta saltzen dituzte egun, baina aurretik biek ala biek kazetaritza zuten lanbidea.

Nolatan etorri zinen Azkoitira bizitzera?

Aurretik, 30 urtez, Madrilen bizi izan nintzen. 2006. urtean erosi genuen Arumarrate baserria, baina duela lau urte etorri ginen bizitzera. Aurretik, El Molar herrian bizi ginen, Madril hiriburutik 40 kilometrora.

Zer du desberdina hemengo bizitzak?

Euskadi txikia da, eta Donostia eta Bilbo hiri txikiak dira. Eta egun hemen dugun bizitza ez da hain desberdina El Molarren bizi genuenarekin alderatuta. Loreak, zuhaitzak eta oro har natura gustatzen zaizkigu, eta gehiago daukagu hori hemen.

Azkoitian, ordea, euskaraz hitz egiten da.

Niri gustatzen zait hizkuntza berriak ikastea. Euskara ikastea ez da hain samurra, baina behin hemen bizita errazagoa da. Esaterako, etxean, Koldo eta nire artean gaztelaniaz hitz egiten dugu; nahiz eta Koldo euskalduna izan, horretara ohituta gaude. Etxetik kanpo, baina, saiatzen naiz beti euskaraz egiten.

Euskara ikasten ari zara, ezta?

Bai, duela hiru urte hasi nintzen euskaraz ikasten Azkoitiko AEKn. Azkoitira bizitzera etorri aurretik banekien euskaraz ikastea beharrezkoa nuela. Euskara ikastea ez da erraza, baina ez da zaila ere. Gogoa jarrita, poliki-poliki ikasten ari naiz euskaraz. Orain, gainera, baserriko loreak saltzera azoketara joaten gara eta gehiago praktikatzen dut euskara.

Baserriko loreak ekoizten dituzue.

Betitik gustatu izan zaigu permakultura, eta orain dela hamar edo hamabost urte horri buruzko ikastaro eta tailer asko egin genituen. Orain dela pare bat urte elkarri esan genion bagenuela garaia ikasitako hura praktikan jartzen hasteko. Koldo eta biok jarduten dugu Baserriloreak proiektuan, eta ez dauzkagu 25 urte. Landareak eta loreak oso gustuko ditugu, eta horiek ekoiztea biok egiteko moduko lana da. Hau da, behiak-edo izango bagenitu, gogorrago egin beharko genuke lan. Loreekin ere lan asko egin beharra daukagu, baina konpontzen gara horretarako. Adibidez, orain, udazkenean eta neguan, lan asko edukiko dugu lurra prestatzen eta landareak landatzen.

Orduan, iaz heldu zenioten loreak hazteko asmoari.

Iaz, mantenuaren truke lan egitera Ingalaterrara joan nintzen. Loreak ekoizten zituzten senaremazte batzuekin egon nintzen lanean, eta asko ikasi nuen. Izan ere, Ingalaterrak lore kultura handia dauka. Gero, handik bueltan, geuk hastea erabaki genuen. Iaz ez ginen azoketara joaten, Bilboko eta Donostiako lagun eta bezero batzueri saltzen genizkien lore sortak.

Aurtengo udan hasi zarete azokaz azoka, ezta?

Uztailean hasi ginen Azkoitiko azoka plazara ostiralero joaten eta abuztutik joaten gara, asteartero, Azpeitikora. Gure filosofia produktu lokalak saltzea eta sustatzea da. Bertako jatekoa kontsumitzeari gero eta garrantzia gehiago ematen zaio, eta bertako loreak sustatzea nahi dugu guk. Izan ere, kanpotik ekarritako loreek kimiko asko behar izaten dituzte hainbeste kilometrotako bidaiak egiteko. Gure asmoa da poliki-poliki bezeroak gehitzen joatea; baina ez dakigu hori posible egin, eta bizitza ateratzeko aukerarik izango dugun. Azokan egun guztiak desberdinak izaten dira, eta batzuetan lore gutxi saltzen dugu eta besteetan gehiago. Baina pixkanaka ari gara jendea ezagutzen eta harremanak egiten.

Urriko Maxixatzen aldizkarirako egindako elkarrizketa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide