151 establezimenduk eta zerbitzu enpresak jasoko dute COVID-19ari aurre egiteko udal dirulaguntza

Julene Frantzesena 2020ko ira. 4a, 11:42

Udalaren arabera, abuztuan jaso zuten dirulaguntza gehienek, eta falta diren "gutxi batzuek" datorren astean eskuratuko dute. Udalak 160 dirulaguntza eskaera jaso ditu guztira, eta horietatik bederatzi bota ditu atzera irizpideak ez betetzeagatik. Erakundeak adierazi duenez, laguntza horietara eta Gurutze Gorrira 270.000 euro bideratu ditu.

COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko dirulaguntzak ezarri zituen udalak duela hilabete batzuk, eta erakundeak jakinarazi duenez, 151 merkataritza eta ostalaritza establezimendu nahiz zerbitzu enpresa izango dira onuradunak. Udalaren arabera, abuztuan jaso zuten dirulaguntza gehienek, eta falta diren "gutxi batzuek" datorren astean eskuratuko dute.

Ana Azkoitia zinegotziak azaldu duenez, establezimendu horietako gehienak autonomoen eskuetan daude, eta kolektibo hori "oso zigortua" izan da COVID-19aren ondorioz. "Laguntzak ez dira salbazioa, baina esfortzu honek ondorio ekonomikoen laztasuna nolabait arindu izana espero dugu. Gure saltokiak babestu beharra dauzkagu, balioa izateaz gain, guztiontzat delako onuragarria herriko merkataritza".

Udalak 160 dirulaguntza eskaera jaso ditu guztira, eta horietatik bederatzi bota ditu atzera irizpideak ez betetzeagatik. Laguntza eskuratuko duten 151 establezimenduetatik 142k guztiz itxita izan zituzten beren saltokiak alarma egoera indarrean izan zen bitartean, eta beste bederatziak partzialki ireki zituzten. Horiek, 900 eta 450 euroko dirulaguntzak jasoko dituzte, hurrenez hurren.

Udalak azaldu duenez, COVID-19ak "270.000 euroko gastua eragin" dio COVID-19ak. Hain zuzen ere, Gurutze Gorrira nahiz merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresen laguntzetara bideratu du erakundeak diru kopuru hori: "Halabeharrez, festa, kultur agenda eta gainerako ekintzak ia guztiz murriztu dira, baina bizi dugun egoera kontutan hartuta, esfortzu ekonomikoa eta baliabideak beste alor eta behar batzuetara bideratu behar izan dira".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide