Turismo ostatuak, koronabirusaren zurrunbiloak kolpatuta

Andoni Elduaien 2020ko ira. 2a, 14:06

Landagarre landetxeko ataria. (Argazkia: Landagarre)

Abaraxka aterpetxean eta Landagarre landetxean zuzenean eragin du koronabirusak. Ohi baino turista eta talde gutxiago jaso dituzte aurtengo udan, eta kezkatuta daude datorrenari begira.  

Askoren ohitura bihurtu da uda garaian maletak egin eta inoiz zapaldu gabeko lurrak bisitatzera joatea, eta noski, Azkoitira ere heltzen dira munduko hainbat bazterretatik bisitariak. Aurten, ordea, ez da aurreko urteetan adina pertsona iritsi herrira, hori diote behintzat Abaraxka aterpetxean eta Landagarre landetxean. Koronabirusaren krisiak gogorren kolpatu duen sektoreetako bat da ostalaritza, eta nola ez, turismo ostatuek ere pairatu dute eragina. 

Abaraxka aterpetxean hainbat talde jaso ohi duzte normalean, eta koronabirusa martxoan herrira iritsi baino lehen "talde asko" etorri zirela dio aterpetxeko arduradun Urrategi Alberdik. Udaberrirako eta udarako ere talde "ugari" espero zuten aterpetxean, baina martxoaren amaierarako ohartu ziren "gauzak zeharo okertzen" ari zirela. Pixkanaka bisitariak erreserbak ezeztatzen hasi zirela azaldu du Alberdik. Azkenean, espero zituzten talde guztietatik bakarra iritsi da aurten konfinamenduaren ondoren Azkoitira. 

Taldeez gain, abuztuan bereziki "turistak" izaten dituzte Abaraxkan, Alberdiren esanetan "Euskal Herriko bazterrak ezagutzera datozenak" gehienbat. Azken urteetan, abuztu guztia %100ean izan badute ere, aurten erreserba kopurua %40ra ere ez da iritsi abuztuaren lehen hamabostaldian. Bigarren hamabostaldia, berriz, "askoz ere txarragoa" izan dela nabarmendu du arduradunak. "Albisteen araberakoa izan da okupazioa aterpetxean; Azpeitiko COVID-19 fokuaren agerraldiak eragina izan du, baita Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun alarma egoerak ere", gehitu du Alberdik.

Abaraxka aterpetxea.

Bisitarien profila ere ez da aurreko urteetan bezalakoa izan; beste urteetan baino euskal herritar gehiago jaso dute Abaraxkan, eta atzerritarren kopuruak behera egin du. "Aurreko urteekin alderatuta, kopuruak nabarmen egin du behera. Munduko edozein txokotatik etorri izan da jendea Azkoitira: amerikarrak, australiarrak... Aurten, frantses batzuk eta alemaniarren bat baino ez dira etorri", adierazi du aterpetxeko arduradunak. Halere, "gehienbat" Bartzelonako eta Madrilgo bisitariak izan dituztela esan du.

Datozen hilabeteei begira, momentuz ez dute erreserbarik eta kezkatuta daude, Abaraxka aterpetxea ez baita aterpetxe soila. "Aterpetxeak proiektu bat du aurretik: Bizilore eskola. Negua pasatu beharra dugu. Aterpetxeak Bizilore eskolaren proiektua finantzatzen du. Halere, elkarlanean dinamika polita sortu da. Udan proiektuko eta eskolako jendea egon da laguntzen", gehitu du Alberdik.

Izenean aterpetxe hitza edukitzeak ere eragina izan duelakoan daude Abaraxkan. "Koronabirusaren garaiotan ez dugu aldekoa izan. Aterpetxean ezezagunekin bizitza elkarbanatu behar dela uste du askok, eta orduan ostatua bilatzen aritu direnek etxe turistikoetara edo landetxeetara jo dute; aterpetxea kendu egin dute beren aukeretatik, eta gure kontra jokatu du", azaldu du Alberdik. Halere, Alberdik garbi utzi nahi izan du Abaraxkaren kasua ez dela hori, logela pribatuak baitituzte.

Landetxeak, antzeko egoeran

Datozen hilabeteak ilunak espero ditu, era berean, Antonio Garate Landagarre landetxeko kideak ere. Kontua beltz ikusten du. "Iraila oso txarra dator; iazkoa oso ona izan zen, baina aurtengoa penagarria izango da. Oso erreserba gutxi ditugu eginda. Ea negua nola pasatzen dugun", dio Garatek.

Konfinamendu garaian "itxiarazi" zieten landetxea, eta ondoren erreserbek "nabarmen behera" egin dutela dio Landagarreko kideak. COVID-19aren gorabeherek zuzenean eragin dute erreserbetan, aurtengoak "bakanak eta egun gutxikoak" izan direla nabarmendu baitu Garatek: "Sekulako jaitsiera izan dugu. Diru asko galdu dugu, eta gastuak nabarmen igo dira". 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landetxeen okupazioa %47koa izan da uztailean –iaz baino %13 gutxiago–. Abuztuan, berriz, %66koa izan da okupazioa –iaz baino %17 gutxiago–. Landagarre landetxeak abuztuan hiru lurraldeetako joerari eutsi dio, okupazioa %60-65 bueltan egon baita. Ekainean eta uztailean, ordea, okupazioa baxuagoa izan dela baieztatu du Garatek. Landagarren gehienbat "bisitari espainiarra" izan dutela azaldu du hark. Gainerakoan, "atzerritar bisitari gutxi" izan dituzte Landagarren ere; koronabirusak eraginda, atzerritarrek "erreserba asko ezeztatu" dituztela dio landetxeko kideak. 

Garate, gainera, "haserre" agertu da azken egunetan zenbait komunikabidek egindako baieztapenarekin. "Landetxeetako turismoa iazko datuetan mantendu dela esan dute hainbat hedabidek, baina hori gezurra da, abuztua bakarrik ari baitira zenbatzen. Abuztuarekin bakarrik ez dago urte guztia mantentzerik", azaldu du. 

Era berean, erakundeak beraiekin behar beste ez direla arduratu uste du Garatek. "Ez dute gure egoera nolakoa den galdetu. Erreta gaude alde horretatik". Landagarrekoaren iritziz, herriko hotelek, aterpetxeek eta landetxeek ekartzen dituzte bisitariak Azkoitira, eta horregatik uste du herriko turismoan eragina duten ostalariek "garrantzia handiagoa" behar luketela izan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide