Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin du gaur arratsaldean, eta ostalaritzari eta hiletei dagozkien neurri murriztaileak zeintzuk izango diren azaldu du. Aste honetan argitaratuko du Jaurlaritzak neurri horiek zehazten dituen dokumentua, eta dokumentu horretan jasoko diren neurri batzuk aurreratu ditu ditu Murgak prentsaurrekoan. Astebururako martxan izango dira neurri horiek.
Ostalaritzari dagokionez, gauez lan egiten duten guneen ordutegiak mugatuko ditu Jaurlaritzak. Tabernek eta diskotekek 01:30erako itxi beharko dituzte ateak, eta ezingo dituzte 06:00ak baino lehen ireki. Edukiera, berriz, %60koa izango da gehienez gune horietan. Diskoteken kasuan, ezingo da pistan dantzarik egin, eta mahaiak jarri beharko dituzte jendea horietan eser dadin. "Modu horretan, jendeak denbora gutxiago igaroko du lokal horietan, eta kutsatzeko arriskua txikiagoa izango da", azaldu du sailburuak. Gainera, ostalaritza guneetako terrazetan, 12:00etatik aurrera, eserita bakarrik kontsumitu ahal izango da, eta ezingo da hamar lagunetik gorako talderik sortu. Mahaien arteko metro eta erdiko distantzia ere bermatu egin beharko da.
Hiletetan ere aldaketak
Hilbeiletan eta hiletetan ere izango dute eragina jarraipen batzordearen neurriek: gehienez, 60 pertsona bildu ahal izango dira hilbeiletan zein hiletetan. Gainera, edukieraren %60 bakarrik baimenduko dute espazio itxietan.
Maskarari dagokionez, erabilera derrigorrezkoa dela gogoratu du, baina lan esparruan bere erabilera arintzeko aukerak azaldu ditu. "Langileak eserita badaude ez da beharrezkoa izango maskara jantzita eramatea; espazio komunetan, korridoreetan edo bileretan, berriz, bai".