Azkarateko hondakin gunea

Soka luzean, hariak zintzilik

Aitziber Arzallus 2020ko uzt. 30a, 09:50

Larke 360 enpresak eraikuntza eta eraispen hondakinak kudeatzeko gunea eraiki nahi zuen eremua, Azkarate gainean.

Konfinamenduaren gordinenean, ustekabeko albistea jaso zuten azkoitiarrek: Azkarate gainean hondakin ez arriskutsuentzat gune bat eraikitzeko asmoa zuen Larke 360 enpresak. Asteetako eztabaidaren ostean, proiektua ez babesteko erabakia hartu zuen udalak, baina oraindik badira argitzeke dauden gauzak. Uztaileko Maxixatzen aldizkarirako egindako erreportajea.

Soka luzea ekarri du Azkarateko hondakin gunearen inguruan sortutako eztabaidak. Ustekabeko albistea, erreakzio zaparrada, aldekoen eta kontrakoen iritziak, kezkak, galderak, lapiko-jotzeak... Hori guztia, hein batean, iragana da eta gaindituta dago, dagoeneko gauza jakina baita herrian ez dutela egingo eraikuntza eta eraispen hondakinak kudeatzeko gunerik. Baina soka horretan, oraindik badira zintzilik geratzen diren hariak.

Hirigintza arauak

Herrian adostasunik ezean, Azkarateko proiektua ez zuela babestuko hitz eman zuen Javier Zubizarreta alkateak. Hortik aurrerakoak Azkoitiko Udaleko Lurralde Batzordean aztertuko zituztela esanez bukatu zuen maiatzaren 28ko Elkarguneko eztabaida saioa. Batzorde hori ekainaren 4an bildu zen, Udal Gobernuak deituta, "alderdi guztiei ofizialki jakinarazteko eraikuntza eta eraispen hondakinen plantak atzera botatzeko hirigintza arauetan egin beharreko aldaketari" hasiera emango ziotela.

Udalaren asmoa zen ekainaren 11n bigarrenez biltzea Lurralde Batzordea, "irizpena emateko", eta "behin erresoluzioa onartuta, Azkarateko eta Ipintzako plantak ez ahalbidetzeko dagokion tramitazioari" ekitea. Bigarren bilera hori, baina, oraindik ez dute egin. Udal Gobernuak lehenengo bilerara eramandako ahozko proposamena idazten ari dira erredaktore taldeko kideak, eta denbora gehiago behar zutelako atzeratu zuten bigarren bilera.

Berez, ordea, hirigintza arauetan egin beharrekoak ez du misterio handirik, nahikoa izango bailukete dauden moduan lagatzea. Azkoitiko Udalak apirilaren 22an jaso zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren ingurumen-adierazpen estrategikoa, edo beste era batera esanda, arau subsidiarioetan Azkarateko eta Ipintzako lurren kalifikazio aldaketa egiteko behar zuen baimena, hondakin guneak eraiki ahal izateko ezinbestekoa. Baina Azkoitiko Udalak ez du baliatu baimen hori, baimena jaso eta hurrengo egunean jakinarazi baitzuen Azkarateko gunearen inguruan behin betiko erabakia hartu bitartean, hirigintza arauen aldaketa prozedura eten egingo zuela. Hori horrela, Azkoitiko udalbatzarrak ez du arau subsidiarioetan behin betiko aldaketarik onartu, beraz, ez luke zertan arau horietan aldaketarik egin behar.

Azkarate gaineko lanak

Azkarate gainean dagoeneko Larke 360 enpresak eginda dituen obren ingurukoa da argitzeke dagoen beste kontu bat. Badira zazpi bat hilabete auzotarrak eremu hartan mugimenduak antzematen hasi zirela, eta argazkietan argi ikus daitekeen moduan, eremua egokitzeko lanak nahikoa aurreratuta zituen enpresak. Baina, orain, nor egingo da lan horiek eragindako kostuen kargu? Nor arduratuko da eremu hori lehengoratzeaz? Oraingoz, erantzunik ez duten galderak dira.

Larke 360k bi baimen falta zituen instalazioa martxan jartzeko, eta bi baimen horiek eskatuta zeuzkan: bat, Jaurlaritzari, eta bestea, Azkoitiko Udalari. Eremua egokitzeko lanak, ordea, baimen horiek eskuan izaterako hasi zituen. EH Bilduk behin baino gehigotan eskatu du ikuskaritza egitea Larke 360 enpresak zer lan eta zer baimenekin egin dituen argitzeko. Maxixatzenek jakin duenez, ikuskaritza hori eginda dago jada, eta orain udalari dagokio gauzak argitzea, alegia, lan horien ardura nork duen esatea, eta hondakinak kudeatzeko gunerik egingo ez denez, eremu hori lehengoratzea nori dagokion zehaztea.

Larke 360 enpresa ere udalak zer esango zain dago. "Herrian sortu zen zalaparta ikusita, lanak geldiarazi egin genituen guk", azaldu du Kimetz Larrañaga enpresako arduradunak, "eta orain udalak du hitza". Udalak ezer esan artean nahiago du beste adierazpenik ez egin.

Kudeaketa pribatua vs publikoa

Eta Azkarateko gunearen bueltan sortu den eztabaidan, bada zintzilik geratu den beste hari mutur bat ere: Lapatx. Aldeko eta kontrako iritzietatik haratago, alderdi politiko guztiek onartu dute obra handietako hondakinena aztertu eta jorratu beharreko gaia dela, eta asko hitz egin dute hondakin horiek tratatzeko azpiegiturek izan beharko luketen kudeaketa ereduaz.

Azpiegitura hori pribatua izango zatekeela da Azkarateko gunearen kontra alderdiek eta eragileek gehien erabili izan duten arrazoietako bat –herritarren osasunean eta ingurumenean eragin zitzakeen kalteekin batera–. Halaxe adierazi zuen, esaterako, Patxi Gorosabel Azkarate Garbi auzotarren plataformako kideak duela hilabete: "Pentsatzen dugu ezaugarri horiek dituzten planten kudeaketa inondik ere ezin dela pribatua izan. Badakigu nolako kontrol falta egoten den, zer ondorio ekartzen dituen. Hor dago Zaldibarko kasua". Antzerako adierazpenak egin ditu EH Bilduk ere: "Horrelako plantak behar dira birziklapen erreala gauzatzeko, baina ez edozein preziotan. Planta horien kudeaketak publikoa izan behar du, administrazio publikoek behar bezalako kontrolak egin ahal izateko eta kontrol ezagatik zabortegi ez bihurtzeko".

Gaur egun, Lapatxek obra txikietako hondakinak hartzen ditu; ez, ordea, obra handietakoak. Duela urte batzuk Urola Erdiko Mankomunitateak egin zuen saiakera Lapatxen hondakin horiek kudeatzeko gune bat eraikitzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiari kontsulta egin zion, baina mankomunitateko estatutuek horrelakorik onartzen ez zutela eta, bere hartan geratu zen kontua. Zergatik ez ote zuten sakondu horretan? Horren zaila ote da Lapatxeko estatutuak aldatzea?

Gremioekin bilera egin ostean, Javier Zubizarretak alkateak adierazi zuen "gaur egungo legediak ez duela onartzen eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketa publikorik, ez baita udalen eskumenen barruan sartzen". Baina Gipuzkoako beste eskualde batzuetan, tokian tokiko berezitasunak berezitasun, badira obra hondakinak kudeatzen dituzten azpiegitura publikoak, Sanmarkosen eta Debagoienan kasu. Azkoitiko EAJk uste du jorratu beharreko bidea dela, eraikuntza eta eraispen hondakinen azazoari irtenbide publiko bat ematea ahalbidetuko lukeelako. Alderdi guztiak bat datozela ikusita, helduko ote diote gaiari?

Kronologia

Apirilaren 6a, Azkaraten hondakin gunea eraikitzeko baimena

Larke 360 enpresari Azkarate gainean hondakin ez arriskutsuak kudeatzeako gune bat eraikitzeko Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak emandako baimena —martxoaren 11koa— argitaratu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Larke 360k 2019ko azaroaren 6an egin zuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egiten hasteko eskaera, eta abenduaren 16an Ingurumen Sailak kontsulta egin zien "proiektuaren eraginpenko administrazio publikoei eta interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egin behar zitzaion zehazteko".

Apirilaren 7a, ustekabeko albistea

Zenbait hedabidek albistea argitaratu zuten eta herritarren artean ezinegona sortu zen. Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako bozeramaileek eta Larke 360 enpresako ordezkariek bilkura egin zuten. Azkoitiko EAJk, PSE-EEk eta Azkoitia Bai herri plataformak ohar bateratua kaleratu zuten ziurtatuz Larke 360k Azkaraten egin nahi zuena ez zela zabortegia, eta esanez enpresak eskaera eginez gero, aktibitate ekonomikoaren lizentzia izapidetzea besterik ez zegokiola udalari. EH Bilduk ez zuen idatzia babestu.

Ondorengo egunak, erreakzio zaparrada

Hainbat eragilek eta herritarrek – GuraSOS, Urola Bizirik natur taldea, ELA sindikatua, EH Bildu, Azkoitiko EH Bildu eta abar– isilpean ibili izana egotzi zioten EAJren Udal Gobernuari. Azkaraten hondakin gune bat eraikitzearen inguruko kezka azaldu zuten, besteak beste, Zaldibarren gertatutakoa errepikatzeko beldurragatik.

Apirilaren 10a, Azkarate Garbi plataforma

Hainbat herritarrek sortu zuten plataforma. Hondakin guneari martxan jartzeko baimenik ez emateko eskatu zioten alkateari.

Apirilaren 14a, Azkarate Garbi auzotarren plataforma

Azkarate inguruko bizilagunek sortu zuten plataforma. Gauzak egiteko modua salatzeaz gain, azalpenak jasotzeko eta kezkak argitzeko bilera eskatu zioten udalari.

Apirilaren 15a, argi pixka bat

Azkoitiko EH Bilduk ohar bat kaleratu zuen ordura arte Javier Zubizarreta alkateak esandako hainbat gauza gezurtatuz. Hondakin gunea eraikitzeko, lur horien kalifikazioa –ez urbanizagarritik urbanizagarrira– aldatu beharra zegoela jakinarazi zuen koalizioak; arau subsidiarioan aldaketa egiteko prozedura hasita zuen udalak, baina artean bukatu gabe. Hori horrela, udalak Azkarateko proiektua geldiarazteko eskumena bazuela ziurtatu zuen EH Bilduk, horretarako nahikoa zuela lurren kalifikazioa aldatzeari uko egitea. Horrez gain, Azkarate gainean ordura arte egindako lanen ikuskaritza egiteko eskaera ofiziala egin zion EH Bilduk alkateari, "baimenik gabeko lanak egiten ari ziren susmoa" zuelako.

Apirilaren 17a, alkatearen jarrera aldaketa

Alkateak oharra kaleratu zuen "arduraz eta kontzientziaz" jokatuko zuela esanez. Oharrean zioen udalak ez zeukala hondakinen plantarekiko "interes berezirik", artean bazela lur eremu hori ez urbanizagarri gisa mugatzeko aukera eta gaiaz hitz egiteko prozesu parte hartzailea hasiko zuela. Herrian adostasunik ez bazen, hondakin gunerik ez zela eraikiko ziurtatu zuen. Udaleko bozeramaileen batzordea bildu zen gaiaz hitz egiteko. Teknikariz, politikariz eta herritarrez osatutako batzorde bat sortzea proposatu zuen alkateak.

Apirilaren 18a, barealdi labur bat

Azkoitiko EH Bilduk eta Azkarate Garbi herritarren plataformak baikortzat jo zuten alkatearen jarrera aldaketa, eta plataformak herritarrei eskatu zien lapiko-jotzeak ostegunetara mugatzeko.

Apirilaren 19a, adostasunik eza, agerikoa

Alkateak egindako adierazpenei erantzunez, oharra kaleratu zuen Azkarate Garbi auzotarren plataformak. Herrian adostasunik ez zegoela iritzita, proiektua bertan behera uzteko eskatu zion alkateari.

Apirilaren 22a, kalifikazio aldaketa egiteko baimena

Eusko Jaularitzaren Ingurumen Sailak arau subsidiarioak aldatzeko beharrezkoa den ingurumenadierazpen estrategikoa eman zion Azkoitiko Udalari; Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu zuten ebazpen hori. Horrela, Azkarateko lurren kalifikazio aldaketa egiteko baimena eskuratu zuen udalak. Baimen hori otsailaren 14an eskatu zion udalak Ingurumen Sailari. Martxoaren 14an, Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri eta gero, derrigorrezkoak ez ziren prozedura administratibo guztiak etenda gelditu ziren. Martxoaren 26an, baina, Azkoitiko Udalak izapidea ez eteteko eskatu zion Jaurlaritzari, espedientea "interes orokorrekoa" zela argudiatuta.

Apirilaren 23a, prozedura behin-behinean eteteko erabakia

Udaleko Hirigintza Batzordeko kideek bilera egin zuten. Azkarate Garbi herritarren eta auzotarren plataformak bilkurara gonbidatu zituen alkateak, baina ez joatea erabaki zuten, alarma egoera zela-eta beren artean biltzeko aukerarik izan ez zutelako. Bilera eta partaidetza prozesua atzeratzeko eskatu zioten alkateari, baina, hala ere, bilera egin egin zuten. Azkarateko gunearen inguruan behin betiko erabakia hartu bitartean, hirigintza arauen aldaketa prozedura etetea erabaki zuen udalak.

Apirilak 30, baimenak eta ikuskaritza

EH Bilduk Azkarateko eremuaren hainbat argazki argitaratu zituen, herritarrei erakusteko hondakin gunea eraikitzeko lanak aurreratuta zeudela. Ordura arte egindako lanen baimenak eskatu zizkion udalari, eta beste behin, ikuskaritza egiteko.

Maiatzaren 15a, hondakin gunearen aldeko sinadura bilketa

Eraikuntzako gremio batzuk Azkarateko hondakin gunearen aldeko sinadura bilketa egiten ari zirela jakinarazi zuen Azkarate Garbi auzotarren plataformak.

Maiatzaren 16a, gremioak hondakin gunearen alde

Eraikuntza sektoreko Azkoitiko hainbat gremiotako kidek, enpresa txikik eta autonomok Azkarateko azpiegitura babestuz oharra kaleratu zuten.

Maiatzaren 19a, gremioekin bilera

Gremioen ordezkariek eta Azkoitiko Udaleko alderdietako ordezkariek bilera egin zuten eraikuntza eta eraispen hondakinen gaiaz hitz egiteko.

Maiatzaren 23a, bigarren hondakin gunea, Ipintzan

Excavaciones y Desmontes Lagunak enpresak Ipintzan eraikuntza eta eraispen hondakinak kudeatzeko beste gune bat eraikitzeko asmoa duela adierazi zuten gremioetako ordezkariek. Bi guneak eraikitzea babestu zuten.

Maiatzaren 25a, Elkarguneko eztabaida saioaren iragarpena

Maiatzaren 28rako obra hondakinen gaia jorratzeko eztabaida saioa antolatu zuela iragarri zuen udalak, eta saio horretara interes talde guztietako ordezkariek gonbidatu zituela.

Maiatzaren 27a, gremioetako ordezkariek urratsa atzera

"Intentziorik onenarekin" hasi arren, zenbait akats egin zituztela onartu zuten gremioetako ordezkariek. Garbi utzi nahi izan zuten Azkoitian ez dagoela gremioen elkarterik.

Maiatzaren 28a, Elkarguneko eztabaida saioa

Hamahiru alderdi eta eragiletako ordezkariek parte hartu zuten hiru ordu iraun zuen saioan; gremioen ordezkaririk ez zen izan. Alkatea izan zen hitza hartzen azkena. Herrian adostasunik ez dagoenez, proiektua ez duela babestuko esanda bukatu zuten bilkura. Hurrengo pausoa Lurralde Batzordean emango zutela adierazi zuen. Elkargunearen kanpoaldean protesta jendetsua egin zuten Azkarateko hondakin gunearen kontra.

Maiatzaren 29a, EAJren iritzia

Azkarateko hondakin gunea ez duela babestuko esanez oharra kaleratu zuen Azkoitiko EAJk. Eztabaidak eztanda egin zuenetik alderdi gisa publikoki egin zuen lehen adierazpena izan zen.

Ekainaren 4a, Lurralde Batzordearen bilera

Hirigintza arauetan eraikuntza eta eraispen hondakinen plantak atzera botatzeko beharrezko aldaketak egiten hasteko Lurralde Batzordea bildu zen.

Ekainaren 11a, bigarren bilkura bertan behera

Udaleko Lurralde Batzordea berriz biltzekoa zen astebete lehenago hasitakoarekin jarraitzeko, baina batzar hori atzeratzea erabaki zuten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide