Emakumeen pilota, plazara

Maxixatzen.eus 2020ko uzt. 1a, 15:28

'Plazandreak' telebistako saioaren aurkezpena, atzo, Bilbon. (EITB)

Emakumeen pilotari buruzko 'Plazandreak' saioa estreinatuko dute ETB1en ostiralean, eta Reyes Azkoitia pilotariak parte hartuko du saioan.

Ez dira hilabete samurrak izan pilotarientzat, COVID-19a medio hainbat hilabetez frontoiak zapaldu ezinik egon direlako, baina egunek aurrera egin ahala, gero eta ohikoagoa da herrietako eta auzoetako frontoietan pilotari profesionalak nahiz herritarrak entrenatzen eta jokatzen ikustea.

Hala eta guztiz ere, bertan behera gelditu dira Euskal Herrian udan ohikoak izan ohi diren pilota txapelketetako asko, eta pilotariek ez ezik, txapelketen antolatzaileek ere bestelako moduak topatu behar izan dituzte txapelketak egin ahal izateko. ETB1ek ostiralean estreinatuko duen Plazandreak saioa da horren adierazle. Izan ere, hamabi emakume pilotari nor baino nor arituko dira frontoian, lau taldetan banatuta, eta eskualdeko bi pilotarik parte hartuko dute bertan; Reyes Azkoitia (Azkoitia, 1952) entrenatzaile lanetan arituko da, eta Naroa Agirre (Arroa Goia, Zestoa, 2003), berriz, lehian. Etzi hasita bederatzi jardunaldi jokatuko dituzte guztira pilotariek, ostegunero, eta aste bakoitzean hiru partida jokatuko ditu talde bakoitzak. Egun horretan bertan emango dute ETB1en eta Eitb.eus atarian saioa, 22:30ean hasita. Iñigo Aiestaran izango da programaren aurkezlea, Elena Azpeitiak eta Gentzane Aldaik lagunduta.

Naroa Agirrek Andrea Aldaregia eta Olatz Ruiz de Larramendi izango ditu taldean, eta Erlantz Garciaren esanetara arituko dira hiru jokalari horiek. Agirre "oso gustura" dago egokitu zaion taldearekin, pilotariak aurrez ezagutzen baitzituen: "Pilota gogorrarekin lehiatzen gabiltzanak ez gara asko, eta elkar ezagutzen dugu. Gainera, Olatz nire adinekoa da eta bere aurka partida asko jokatu ditut, baita Andrearen aurka ere". Elkarren aurka ez ezik, elkarrekin ere partidak jokatu dituztela azaldu du arroarrak, eta alde horretatik ere "gustura" dagoela aitortu du Agirrek, gainontzeko taldeen aurka jokatuko baitute, ez elkarren aurka. Ildo horretatik, arroarrak nabarmendu du "estrategia lantzeko aukera" eman dietela programako antolatzaileek: "Jardunaldi bakoitzean hiru partida jokatuko ditugu, bi lau eta erdikoak eta bat binaka, eta taldekide bakoitzak ez du zertan partida bat jokatu; hau da, gure esku dago taldearen estrategia nolakoa den definitzea".

Azkoitia, botilero

Reyes Azkoitiak, berriz, entrenatzaile lanak egingo ditu txapelketan, eta Irantzu Etxebestek, Nora Mendizabalek eta Olatz Arrizabalagak osatutako taldea gidatuko du. Pilotari ohia da Azkoitia, baina pilota entrenatzaile gisa esperientzia handia du. Izan ere, 30 urtez Bergarako Pilota Elkarteko pilota eskolaren ardura izan zuen; orain dela bi urte utzi zion zeregin horri. 66 urterekin Emakumea Master Cup pilota txapelketan aritu zen pilotari Azkoitia, Iker Lamarika txapelketaren antolatzaileak animatuta. Orain ere Lamarikak proposatu dio Plazandreak saioan parte hartzeko. "Egia esateko, hor ezetz esateko aukerarik ere ez didate eman. Kasu honetan ere Iker Lamarikak deitu zidan saioan botilero aritzeko, bizitza guztian horretan jardun dudala eta. Oraingoan ere ezetz ezin esan".

Taldekide izango dituenak pilotalekuetatik ezagutzen ditu Azkoitiak, baina inoiz ez ditu entrenatu. "Nik, beti, entrenatu ditudan pilotari gazteen botilero jardun dut, inoiz ez naiz aritu botilero nik entrenatu ez ditudan pilotariekin. Plazandreak saioan, ordea, talde guztiek baldintza berak izango ditugu", azaldu du Azkoitiak.

Irakurri erreportajea osorik Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide