Hizkuntza Eskolako azterketak Azkoitiko zentroan egingo dituzte aurten

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 19a, 09:29

Maila eta hizkuntza guztietako ikasleak Gaztanenea Formakuntza Zentroan ari dira azterketak egiten aurreneko aldiz, Koronabirusaren eraginez. Datorren ikasturtean hizkuntzak ikasteko eskaintza zabalagoa izango da.

COVID-19ak ekarritako segurtasun neurriak mantentzeko, Hizkuntza Eskola Ofizialak bere zentroetako espazioa areagotzea erabaki du. Hori dela eta, Azkoitiko Gaztanenea Formakuntza Zentroan hizkuntzak ikasten ari diren ikasleek, aurreneko aldiz, herrian bertan azterketak egiteko aukera dute, Eibarrera joan beharrean. Segurtasun tarteak errespetatu ahal izateko toki gehiago behar denez, Gaztaneneako instalazioak aprobetxatzea erabaki dute arduradunek, "ikasleriaren erosotasunerako".

Gainera, arriskuak saihesteko, hainbat neurri hartzen ari dira azterketak egiteko: eraikinera sartu aurretik, ikasleek eskuak garbitzen dituzte eta tenperatura hartzen zaie. Mahaien artean distantzia mantendu arren, azterketa maskara jarrita egiten dute. Halaber, azterketara aurkeztu direla egiaztatzen duen ziurtagiriari mugikorrarekin argazkia ateratzen diete ikasleek, zentrotik paperik ez ateratzeko. 

2020-2021 ikasturtean eskaintza zabalagoa

2020-2021 ikasturteari dagokionez, badira berritasunak. Frantsesean orain arte A1 eta A2 mailak ematen ziren, eta datorren ikasturtean B1 maila ere eskainiko dute. Alemanaren kasuan, berriz, A2, B1 eta B2.1 irakatsiko dira. Azken hori estreinako aldiz. Bestalde, A1 maila kentzea erabaki dute. Ingelesari dagokionez, gaur egun dauden taldeak eta mailak mantenduko dira: B2.1, B2.2 eta C1. Euskararekin zer erabakiko den oraindik ez dute zehaztu, eskaria aztertzen ari baitira.

Hizkuntza Eskola Ofizialak 2016-2017 ikasturtean zabaldu zituen ateak Azkoitian. Orduan ingelesa baino ez zen irakasten. Ordutik, ordea, eskariarekin batera eskaintza areagotzen joan da urtez urte. Ingelesaren irakaskuntzari, alemana, frantsesa eta euskara gehitu zaizkio. Halaber, hizkuntza bakoitzean mailak ere gehitzen joan dira.

Marijose Arregi Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, "pozik" daude eskolaren ibilbidearekin. "Ikasle kopurua gorantz doa eskaintza zabaltzen doalako. Beti nahi izan dugu aukera eman gazte zein helduei hizkuntzak ikasteko formazioa eta hizkuntzen ezagutza giltzarri direlako bai garapen pertsonalerako eta bai garapen profesionalerako. Uste dut inbertsiorik onena formazioari bideratutakoa dela eta Udaletik horretan saiatzen gara".

2020-2021 ikasturteko matrikula epeak

Irailaren 1etik 24ra matrikulazio epea irekiko dute ikasle berrientzat eta aurreko ikasturtea gainditu dutenentzat. Gainditu gabe edo azterketara aurkeztu gabe geratu direnek, berriz, irailaren 25etik 30era matrikulatu beharko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide