Mahai bueltan

Alberto Gonzalez: "Sukaldean, jardunez ikasia"

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 27a, 17:03

Alberto Gonzalez

Alberto Gonzalez Urtizbereak ekaineko Maxixatzen aldizkariko 'Mahai bueltan' atalerako egindako errezeta.

Ekainaren 14an 75 urte bete zituen Alberto Gonzalez Urtizbereak (Bartzelona, 1945). "Ba ahal daiteke hainbeste urte betetzea? Behin jubilatuz gero, urteak konturatzeke joaten dira. Airean!", dio. Aita zena nafarra zuen, Arraitz-Orkinekoa, eta ama zena Hondarribiakoa (Gipuzkoa). "Gerra denboran, gurasoak Bartzelonara joan ziren, eta han jaio nintzen ni. Aita zenak esku pilotak egiten zituen, eta atanotarrekin harreman ona zuen, eta haiek esanda etorri ginen Azkoitira".

Caballo Rojo esku pilotak egiten zituen Gonzalezen aitak, eta lanbidean haren lekukoa hartu zuen. Erretiroa hartu zuenetik pilota gutxiago egiten ditu, baina azoka bat edo besten izaten da egun Caballo Rojo pilotekin: "Zumarragako Santa Luzia eguneko azokan eta Azpeitiko Santo Tomasetakoan izaten naiz. Aurten, ordea, koronabirusaren kontu honekin, ez dakit bat bera ere egingo den".

Esku pilotak egiteko artisaua izateaz gainera, beste afizio eta lan batzuetan ere jardundakoa da Gonzalez. "Musika beti izan dut gustukoa, eta etxean sartuta gauden bi hilabete hauetan ere, telebista ikusteaz gain, musika entzuten pasatu dut denbora gehiena". Musika klasikoa entzutea oso gustukoa du. Azkoitiko Musika Bandako kidea izan zen garai batean, eta kontrabaxua jotzen zuen. Gero, Beti Alai musika taldearen sortzailea eta taldeko bateria jotzailea izan zen.

Su gaineko lanean ere ordu asko pasatutakoa da Gonzalez. "Aurten arte Beti Poz elkarteko bazkidea izan naiz; orain, lekukoa semeari utzi diot. Eta han jarduten nuen sukaldean. Behin, marmitakoa prestatzen ari nintzen soziedadean, eta Felipe San Martingo okinak, atanotarrak, zopako ogiaren zati bat botatzeko gomendatu zidan. Txiki-txiki eginda marmitakoari gehitzeko esan zidan, salda gozatu eta loditu egiten zuela eta. Halaxe egin nuen, eta ordutik marmitakoa prestatzen dudan bakoitzean botatzen diot zopakoa. Uda sasoirako jateko ederra da marmitakoa", azaldu du Gonzalezek. Elkarteko sukaldean asko jardundakoa da, baita andramaixetako herri bazkarirako paella prestatzen ere; orain bi urte utzi zion zeregin horri, baina 30 urte inguruan jardun zuen. "Juan Bautista Mendizabalek komentatuta hasi nintzen festetan paella prestatzen, garai hartan 150-200 pertsonentzako paella egiten genuen nik eta Beti Poz elkarteko beste lagun batzuek. Aurreneko aldirako Loiolako Kiruri jatetxeko sukaldariarengana joan nintzen jakien zer kantitate beharko genituen galdetzera. Azken urteetan, 1.500 pertsonentzako paella prestatzen genuen".

Elkartean eta andremaixetan bakarrik ez, Azkoitiko Jubilatuen tabernako sukaldean ere ordu dezentean aritutakoa da Gonzalez: "Autonomoa nintzenez, ostalaritzako edo sukaldaritzako lizentzia fiskala atera eta Azkoitiko Jubilatuen taberna hartu genuen". Jubilatuenean, Rosa Mari Aranguren Arrizabalaga emazteak egiten zuen lana, eta ostiral, zapatu eta jaietan hari laguntzen aritzen zen Gonzalez, sukaldean. "Aurreko lanak egiten nituen nik. Hau da, saltsak-eta prestatzen nituen gero bakailaoa egiteko eta. Arrain guztiak bezalaxe bakailaoa oso ondo gelditzen da labean prestatuta, baina lehortu gabe e! Bat badago esaten didana, bakailaorik onena nik prestatutakoa izaten zela", gogoratu du.

Sukaldean jardunez ikasi duela dio Gonzalezek, "nire kabuz jardun dut beti". Sukaldaritzako liburuak baditu etxean, baina horiei ez die kasu handirik egiten, "ez bada saltsa bereziren bat prestatu nahi dudalako". Gaur egun, beren etxean asteburuetako sukaldaria Gonzalez da. "Arroza egin behar denean ere beti nik prestatzen dut". Jaki desberdinen errezetak bat bestearen atzetik azaltzen ditu, hala dio berak: "Generoa ona baldin bada, dena da jateko primerakoa. Baina, hori bai oliba olio birjina erabiltzen dut nik beti; garratz samarra bada, hobe. Ogi zati batean oliba olio ona bota, eta paregabea da hori jateko".

Sukaldean aritzea gustukoa du, "bestela ez nuke jardungo".

Txipiroi beteak, bere tintan

Osagaiak

  • Zortzi txipiroi
  • Zortzi zotz
  • Oliba-olio birjina
  • Gatza
  • Tipula
  • Piper txorizero berdea
  • Irina

Prestaketa

Txipiroiak banan-banan garbitu ondo, eta bakoitzari buelta eman. Segidan, hegalak eta duten azal fin beltza ondo kendu. Tentakulu guztiei tinta kendu kontuz-kontuz eta edalontzi txiki batean gorde beharko da tinta guzti hori. Jarraian, tentakuluak zatitu. Tipula asko eta piper berde txorizeroak txiki txiki egin, eta ondoren, su gainean jarri zartagin batean, oliba olioarekin. Zartagina tapa batekin estali, eta ondo bigundu arte bertan eduki; segidan, tentakulu zatiak bota zartaginera, biguntzeko. Hori guztia egindakoan, su gainetik atera. Zartaginean egindakoa hozten denean, txipiroiak zabaldu goilara txiki batekin eta bete; zotz banarekin itxi bete orduko. Txipiroiak irinetan pasatu, eta frijitu pixka bat. Bukatzeko, betegarriaren soberakinari edalontzi txikian gordetako tinta bota, eta beteta dauden txipiroiak gehitu. Berotu su gainean, eta jateko pronto daude!

On egin!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide