Animazio filmen egilea

Izibene Oñederra: "Jatorri desberdineko istorio laginez eratutako osotasuna da 'Lursaguak' filma"

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 23a, 14:38

Izibene Oñederra, Gorka Larrañagak egindako erretratuan.

Hainbat animazio filmen egilea da Izibene Oñederra (Azkoitia, 1979). 'Lursaguak' azken filma Annecyko Nazioarteko Jaialdian hautatu ostean, bere ibilbideari eta lan egiteko moduari buruz hitz egin du azkoitiarrak.

Arte Ederretan lizentziatua eta irakaslea da Izibene Oñederra, eta bere eskuin eskuaren mugimendutik sortzen eta ekoizten ditu animazio filmak. Elementu abstraktuak eta figuratiboak lantzen ditu nagusiki azkoitiarrak, eta animazio teknika horiek esperimentazio filmera eraman gero. "Autore lanak" dira Oñederrarenak. "Nire animazio piezek marrazkia dute oinarrian, bi dimentsioko marrazkiaren teknika erabiltzen dut. Filmak hizkuntza zinematografikoaren bitartez eginak dira, baina harreman zuzena dute arte plastikoarekin". Hitz horiek erabili ditu artistak bere lanen lehen aurkezpena egiteko.

Film bat pantaila aurrean ikusi aurretik burutu beharreko prozesua "luzea" da. Hori baieztatu du Oñederrak. "Arraroa da minutua ekoiztea, hilabetea pasatzen delako. Beldurgarria da, baina ederra ere bai. Kontzentrazio berezia eskatzen du, formak ere koherentzia izan behar baitu", dio. Sortzailearentzat "pilula moduko artelanak" dira animazio filmak. "Adierazkorra izaten saiatu behar izaten dut filmekin, askotariko irakurketak izateko eta behin eta berriz ikusita ere, ikusleari zerbait desberdina emateko", azpimarratu du.

Sorkuntzaren hasieratik amaierara arteko bidea ere hizpide izan du azkoitiarrak, eta azaldu du ideia bat garatzen edo lantzen hasi aurretik, "ideia bat" edo "elkarrekin harremanetan dauden irudiak" izaten dituela buruan. "Oso ondo ulertu ez eta deskubritu nahi ditudan sentsazioei tiraka sortzen dira garatzen ditudan kontakizunak", dio. Segidan hasi da prozesua mamitzen: "Hasieran, marrazki serie luzea sortzen dut, eta barne harremana garatzen joaten naiz marrazkietan. Marrazkiak konplexuak eta lehen begiradan elkarrekin harremanik ez dutenak izan ohi dira. Denborarekin, ordea, marrazkien artean egitura bat eraikitzen joaten naiz; horiek etorkizuneko filmaren sekuentzia izaten amaitzen dute". Gero, sekuentzia barnean planoak banatzen dituela azaldu du Oñederrak, kontatu nahi duen zatia "xehatzeko". Marrazkiak ordenatutakoan, berriz, gidoi grafikoa edo storyboard-a estudioko paretan esekitzen du, modu egokian eta ordenatuta. Horien azpian, gainera, irudia deskribatzen duen testua idazten du.

Ondoren, marrazkiei mugimendua emateko unea datorrela dio. "Beste animatzaileek lagunduta hasten naiz mugimendua pentsatzen. Azken bi proiektuetan Alots Arregi azkoitiarra izan dut alboan", azaldu du. "Zortea" da laguntza hori izatea beretzat. Mugimendu lanak hondoan gertatzen dena erabakita eta kameraren mugimendua eta erritmoa finkatuta hasten ditu. "Hasieran, eskeleto itxurako marrazki xumeek figuren eta hondoen mugimendua sortzen dute, eskuz edo modu digitalean; denbora tarte handia eskatzen digu. Gero, mugimendua irudikatzen duten marrazkiak hartu eta kolorea ematen diegu", azaldu du. Halere, ez du finkatutako lan metodologiarik. "Eszenaren beharraren arabera metodologia berriak asmatzen ditugu. Lursaguak filmean, adibidez, familia afaria irudikatzen duen eszena dago. Neurri handiko mural bat egin behar izan genuen afariko kide bakoitzaren mugimenduak ulertzeko eta zikloetan edo errepikatzen diren mugimenduetan laburtzeko. Pertsonaiak desberdin mugitzen dira, baina gero plano orokorrean denak batera mugitzen eta hizketan ikusiko ditugu", azaldu du. Hori egin ostean dator planoen muntaketa, baina aurrez marrazki bakoitza "tratatu" egin behar izaten dela dio Oñederrak. "Emaitza digitala izango denez, marrazki guztiak eskaneatzea, digitalki garbitzea eta postprodukzio fasean dena atontzea eskatzen du; baita digitalki sortzen diren efektuak lantzea ere".

2007an aurkeztu zuen lehen lana Oñederrak: Hezurbeltzak. Hotzanak filma egin zuen 2013an, eta iaz, Lursaguak. Isabel Herguerarekin, berriz, Kutxa Beltza filma zuzendu zuen 2016an. Egindako lan horiek eragin desberdina izan dute sortzailearengan. "Film bakoitzak irakaspen berriak ekarri dizkit, eta horiek edukiari, formatuari eta sortze prozesuaren metodologiari buruzkoak izan dira", dio azkoitiarrak. Sorkuntzan noraezean ibili asmo duela aitortu du Oñederrak, eduki irekiaren aldekoa baita; nahiago du ezer sortu aurretik "bilaketa konstantean" jardutea eta horrekin batera "arriskuak hartzea". Forma amorfoak edo irregularrak atsegin ditu, gainera, beste egileek "ondo egindakoa berregiteko asmorik gabe eta inori ezer erakutsi nahi gabe". Horrez gain, "askatasunarekin lotutako sorkuntza modua" maite du Oñederrak, baita "irristakorrak" diren gaietan eta moduetan murgiltzea ere. Ez da politikoki "zuzen" jardutearen aldekoa, eta "hauskortasuna edo heroikotasun eza" defendatzen du, "berebizikoak diren egiak" albo batera utziz.

Lursaguak, gainera, Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean hautatu zuten iaz, eta "aukera aparta" izan zen azkoitiarrarentzat filma han estreinatzea. "Indartsua izan zen estreinaldia: Tabakalerako areto nagusia beteta eta Zinemaldiaren testuinguruan", dio. Film laburrek, ordea, bizitzan epe laburra izaten dutela adierazi du. "Zinema jaialdietan bizi dira, eta urtebetean edo bi urtean nazioarteko jaialdietan hara eta hona ibiliz irauten dute; gerora ez dago bestelako erakustokirik haientzat". Donostiako Zinemalditik Annecyko Nazioarteko Jaialdira egingo du jauzia, gainera, Lursaguak azken lanak. Ekainean egingo dute, modu digitalean. Film egilearen hitzetan "erreferentziazko jaialdia" da Frantzian egiten dena. "Mendiaren gailurra da. Filmari eskatu ahal zitzaiona bete duela baieztatzea da han egotea. Gustura nago", azaldu du. Egileak uste du, ordea, jaialdi horietatik haratago zaila dela filmaren iraupena luzatzea. "Hurrengo urteko uztak film berriak ekarri ohi ditu". Munduko hainbat txokotara iritsi dira azkoitiarraren lanak, eta bakoitzak izango duen ibilbidearen gakoa "lanaren banaketan" dagoela uste du. "Kimuak Eusko Jaurlaritzaren film laburrak zabaltzeko plataformak hautatu ditu nire filmak. Beraiek diseinatu dute filma nazioarteko zinemaldietan erakusteko ibilbidea eta bakoitzaren inguruko estreinaldi egokia eskaintzea", azaldu du Oñederrak. Banaketa bere kabuz egin beharko balu, "denbora, inbertsio eta gastu ekonomiko handia" izango lituzkeela azaldu du. "Buruhauste eta ardura handia dira nire bizkarrerako", dio. Horrez gain, filmak euskal film zigilupean bidali ordez bere izenean aurkeztu beharko lituzkeela erantsi du.

Soinua da marrazkiari eskua ematen dion beste filmen elementu nagusia. "Animazioaren izpiritua" da Oñederrarentzat soinua, eta "sakontasuna" ematen dio iruditeriari. Javier Ucar du azkenaldian alboan, eta hark "irudiak soinuaren bitartez ikusten" lagundu diola aitortu du. "Jatorri desberdineko istorio laginez eratutako osotasuna da Lursaguak filma, eta soinuaren lanketaren ondorioz zati bakoitzak nortasuna du", gehitu du film egileak. "Ucarren lana istorio bakoitzaren nortasuna antzemanaraztea izan da, ikuslea filmak markatzen duen espazio eta denbora horretara eramanez. Istorio zatien batuketak edo osotasunak ere zentzua izan zezaten jardun du", azaldu du. Oñederrari "bereziki interesgarria" iruditzen zaio Ucarrek soinuarekin geruza askoko atmosfera ez naturalistak sortzea. Film egileak dio haren lan egiteko modua "bateragarria" dela berak kontatu nahi duen "munduaren ikuskerarekin".

"Marrazkiak sortzen" jarraitzen du Oñederrak. Azken asteetan bizitzea tokatu zaigun aldiaren "oihartzun modukoak" ari da marrazten. Halere, ez daki beste animazio filmik egingo duen, filmak egiteko prozesua luzea bezain “suntsikorra” delako beretzat. "Gezurra badirudi ere konfinamenduan denbora falta izan zait hartara jartzeko, egunak azkarregi joaten zaizkit", azaldu du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide