Zenbat aldiz entzun eta esan ote dugun azken bi-hiru hilabete hauetan "zeinek esango zuen hau etorriko zela?". Zenbat aldiz gogoratu naizen denbora honetan habitat naturalera itzultzeko irrikitan dagoen lankide horrek joan zen martxoaren aurreneko egunetakoren batean lanean ari ginela esandakoa: "Laster etxetik lan egiten ikusten naiz!". Hainbesterako ez zela izango, eta barre egin nuen. Dena den, ordurako Maxixatzeneko bulegoko leihoak irekita izaten genituen, aireztatzeko. Badaezpada ere. Martxoaren erdia iristerako, bulegoa utzi eta telematikoki etxetik lan egiten hasi behar izan genuen.
Eguneroko gertaeren berri emateko zeregin horretan, lan eta lan jardun dugu, eta jarraitzen dugu. Etxealdia hasi genuenean, gai nagusia bakarra zen: COVID-19 gaitzaren pandemia, eta horrek eragindako larrialdi egoera. Ondorioz, konfinamendua eta kale hutsak. Laster zen, ordea, herrian gaitzari itzal egin dion beste gaia: Azkaraten eraiki nahi duten hondakinen kudeaketarako plantaren proiektua. Koronabirusaren hedapena saihesteko bi asterako konfinamendua zena, hilabetera luzatu zuten aurrena, eta hilabete eta erdira gero. Bitartean, itxialdiak noiz arte iraungo zuen galdetzen genion geure buruari. Ez hori bakarrik, sare sozialen bidez gaitzari buruzko mezu eta bideo zaparradak jasotzen genituen egunero-egunero. Egunak joan eta egunak etorri auzoetako giroa pizten joan zen, eta gaitzerdi. Aste Santuko ekitaldiak, sanisidroak, kirol ekitaldiak... bat bestearen atzetik bertan behera gelditzen joan ziren.
Konfinamendua arintzen eta fasetik fasera igarotzen joan garen heinean, galderak eta zalantzak ugaritu egin dira: Noiz atera naiteke kalera? Noiz daukat senideekin elkartzeko aukera? Zein maskara da egokiena? Eskularruak ala gel hidroalkoholikoa? Kutsatutakoak zenbat izan diren jakiteko zer hartu behar dugu kontuan, test azkarrak ala PCRak? Zer, noiz eta noizko asko. Erantzunak, ordea, askotan ez dira oso argiak izan, Espainiako Gobernuak bata esan eta Eusko Jaurlaritzak bestea zioelako. Azkenean, bakoitzak ahal duena egiten bukatu arte, eta ez nahi duena, batzuek hala uste badute ere. Ez zait iruditzen jendea nahieran dabilenik. Nahi bai!
Gaitza harrapatzeko beldurra ez dugu galdu, inork ez dugu kutsatzerik nahi, inork ez dugu gure inguruko inor gaixotzerik nahi. Bizitzea da nahi duguna. Osasuna da aberastasuna, horretan ez izan dudarik! Eta gaitzak nondik nora joko duen aztarnarik ez daukagu, hor ere galderen erantzunak airean: Nolako uda izango dugu? Udazkenean berriro suspertu eta hedatuko al da koronabirusa? Eskolarako itzulera nolakoa izango da? Azken bi hilabete eta erdian bezalaxe, herrian pil-pilean egon den beste gaiak ere galdera asko eta asko eragiten dizkigu. Hau da, Azkaraten hondakinen kudeaketarako planta egingo al dute? Horrek ere oraingoz ez du erantzun jakinik, eztabaida udaletxean nahiz kalean dago. Erantzuna?