Zer dago baimenduta eta zer ez?

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 8a, 17:52

Hirugarren fasean sartzeak hainbat aldaketa ekarri ditu berekin. Esate baterako, tabernetan, jatetxeetan eta elkarte gastronomikoetan ez da edukiera mugarik izango eta herritarrek barran, mahaian edo terrazan tragoa hartzeko aukera izango dute, beti ere gainerako bezeroekiko bi metroko tartea zaintzen badute. Probintziatik irten eta Arabara eta Bizkaira joateko baimena ere badute herritarrek.

Konfinamendua arintzeko hirugarren fasean sartzeak hainbat aldaketa ekarri ditu berekin. Baina zer dago baimenduta eta zer ez? Hona hemen Ertzaintzak eman dituen zenbait argibide:

Probintziatik atera daiteke?

Bai, herritarrak mugarik gabe mugitu ahal izango dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mugen barruan. Hortik kanpora atera ahal izateko, justifikatutako arrazoiak izan beharko dituzte.

Ordutegirik badago?

Ez. Dena dela, 70 urtetik gorako herritarrek eta arrisku taldeetakoek erabileta publikoko guneetan lehentasuna izango dute 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etar bitartean.

Maskara erabiltzea derrigorra da?

Bi metroko segurtasun tartea gorde ezin den lekuetan bai. Sei urtetik gorako guztiek erabili beharko dute, arnasteko zailtasunak dituztenek eta maskararen erabilerak kalte egiten dietenek izan ezik. Sudurra eta ahoa estaltzen dituzten maskarak erabili beharko dira, ahal dela higienikoak eta kirurgikoak. Pantaila babesleak ez dira maskaratzat hartuko.

Maskara erabiltzearekin bateraezinak diren jardueretan ez da erabili beharko, adibidez, jaterakoan eta edaterakoan, korrika egiterakoan, txirrindularitza egiterakoan, eta abar.

Nola ibili behar da garraio publikoan?

Gaurtik, tren eta autobusetan eserleku guztiak erabil ditzakete bidaiariek, baina, ahal denean, elkarren arteko tarteak zaintzen saiatu beharko dute. Ezinbestekoa da maskara jantzita bidaiatzea.

Etxeetan eta lokaletan elkartu daiteke?

Bai, gehienez hogei laguneko taldeetan, osasun neurriak hartuta.

Zein merkataritza establezimendu eta zerbitzu egon daitezke irekita?

Guztiak, edukiera %60ra mugatuta. Merkataritza guneetan ere edukiera %60ra mugatu beharko dute. Gune horietako komunak eta jolas guneak zabaldu ahal izango dituzte, horien edukiera ere %60ra mugatuta.

Zein dira ostalaritza eta jatetxe establezimenduetan zerbitzua emateko baldintzak?

Terrazan, barruko mahaietan zein barran zerbitzua eman ahal izango dute, edukiera mugarik gabe. Hori bai, mahaien artean bi metroko tartea egotea bermatu beharko da, eta beste horrenbeste barran dauden bezero edo bezero taldeen artean ere.

Elkarte gastronomikoetara joan daiteke?

Bai, edukiera mugarik gabe. Ostalaritzako gainerako establezimeduei ezarritako arauak bete beharko dituzte horiek ere. 

Hotelak, apartahotelak, landa etxeak, turismo ostatuak eta kanpinak zer baldintzatan ireki daitezke?

Zerbitzu horiek guztiak ireki daitezke eta haietako eremu komunak publikoarentzat irekitzea ere baimenduta dago, edukiera %60ra mugatuta.

Kasinoak, jolas aretoak eta apostu lokalak ireki daitezke?

Bai, edukiera erdira mugatuta eta makinen artean bi metroko tartea utzita.

Gaueko tabernak eta diskotekak ireki daitezke?

Ez.

Beilak, hileta zeremonia zibilak eta erlijiosoak zer baldintzan egin ahal izango dira?

Leku irekietan 50 lagun elkartu daitezke gehienez, eta leku itxietan, 25. Gurtza zentroetara ere joan ahalko da, baina edukiera %75era murriztuko da.

Ezkontza zeremoniak egin daitezke?

Bai, edukiera %75era murriztuta. Leku irekietan gehienez 150 lagun elkartu ahal izango dira, eta itxietan, 75.

Kongresuak, topaketak, negozio bilerak eta hitzaldiak egin daitezke?

Bai, gehienez 80 lagunek parte hartu ahal izango dute.

Hautaketa, prestakuntza edo hezkuntza azterketak edo probak egin daitezke?

Bai, areto bakoitzerako edukiera %60ra mugatuta.

Haurtzaindegiak eta haur eskolak ireki al daitezke?

Bai, edukiera %60ra mugatuta.

Haur eta gazteentzako eguneko aisialdi jarduerak egin al daitezke?

Bai, edukieraren % 60ra mugatuta. Espazio itxietan 80 lagun bildu ahal izango dira gehienez —begiraldeak barne—, eta irekietan 200 lagun —begiraleak barne—.

Hondartzan zer egin daiteke?

Bainua har daiteke, eta eguzkia hartzen egon daitekeen edo ez udal bakoitzak esan beharko du.

Liburutegiak ireki daitezke?

Bai, maileguak egiteko, irakurtzeko eta ikasteko ireki daitezke, edukiera %60ra mugatuta.

Museoak ireki daitezke?

Bai, edukiera %60ra mugatuta.

Zinema aretoak, antzokiak, auditorioak, karpadun zirkuak eta kultur ikuskizunetarako guneak irkei daitezke?

Bai, edukiera %60ra mugatuta eta eserlekuak aurrez izendatuta.

Gune itxietako kultur jarduerak baimenduta daude?

Bai, edukiera %60ra mugatuta —gehienez 80 lagun— eta eserlekuak aurrez izendatuta.

Aire zabaleko ikuskizun eta ekitaldiak baimenduta daude?

Bai, edukiera %60ra mugatuta —gehienez mila lagun— eta eserlekuak aurrez izendatuta.

Turismo aktiboko eta jarduerak baimenduta daude? 

Bai, gehienez 30 laguneko taldeetan.

Kirol instalazioak eta igerilekuak ireki daitezke?

Bai, edukiera %60ra mugatuta. Aldagelak eta dutxak ere erabil daitezke.

Taldekako kirol entrenamenduak egin daitezke?

Arraunean, banku finkoan eta pilotan aritzen diren kirolariek taldeko entrenamenduak egin ditzakete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide