Azkarateko hondakin gunea

Javier Zubizarreta: "Desadostasuna dagoenez, nik ez dut Azkarateko gunea bultzatuko"

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 28a, 22:06

Hiru ordu eta hogei minutu iraun du Azkarateko hondakin gunearen inguruko bilerak. Partaide bakoitzak bere ikuspuntua eman du gaiaren inguruan, eta Javier Zubizarreta alkateak esan du emandako hitza bete egingo duela eta ez duela proiektua bultzatuko. Elkargunearen atarian, berriz, Azkarateko hondakin gunearen aurkako elkarretaratzea egin dute.

Luze jo du —hiru ordu eta hogei minutu inguru—Azkarateko hondakin gunearen inguruan gaur arratsaldean Elkargunean egin duten mahai inguruak. Azkoitiko Udalak antolatuta egin duten ekitaldian hamahiru alderdi eta eragiletako ordezkariek parte hartu dute, eta bakoitzak bere ikuspuntua azaltzeko aukera izan du.

Javier Zubizarreta alkatea izan da hitza hartzen aurrena eta azkena. Parte hartzaileei eskerrak emanez hasi du saioa eta garbi utzi nahi izan du Azkoitiko Udalaren asmoa obra hondakinen arazoari irtenbidea ematea izan dela: "Sekula ez zaigu burutik pasatu Azkaraten zabortegi bat eraikitzea". Azaldu du mahai ingurura alderdi eta eragileen iritziak entzutera joan dela eta bere erabakiaren berri saioaren bukaeran emango duela. Eta halaxe egin du. Duela aste batzuk esandakoa berretsi du: ez duela proiektua babestuko, herrian adostasunik ez dagoelako. "Gai honen inguruko hurrengo pausoa lurralde batzordean emango da; han alderdi guztiek dute ordezkaritza, maila politikoan aztertuko da eta erabakia hartuko da".

Mahai inguruan parte hartu duten eragileetako ordezkariek era guztietako iritziak plazaratu dituzte: kontrakoa batzuek, aldekoa beste batzuek. Halere, izan da iritzirik eman gabe alderdi teknikoak argitzen saiatu denik ere. Bileran parte hartzekoak ziren gremioak ez dira izan Elkargunean.



Azkoitiko EH Bilduko Iraitz Otañok, Azkoitia Bai herri plataformako Jose Joakin Etxanizek, Azkarate Garbi Auzotarrak elkarteko Patxi Gorosabelek, Azkarate Garbi plataformako Rosario Lasak eta Toño Benitezek, GuraSOS elkarteko Joseba Belaustegik eta Urola Bizirik natur taldeko Jesus Mari Larrañagak gogor egin dute proiektuaren kontra. Hondakin guneak era askotako kutsadura arazoak sorraraziko lituzkeela nabarmendu dute haiek, auzotarren eta herritarren "bizi kalitatean eta ingurumenean kalteak" eragingo lituzkeela. Gainera, azaldu dute horrelako azpiegitura baten beharrik ez dagoela, ez litzatekeela azkoitiarren beharrei erantzuteko sortutako azpiegitura izango, besteak beste, izango lukeen dimentsioagatik. Hura kudeatuko lukeena enpresa pribatu bat izanik, errentagarritasun ekonomikoa lortzeko helburu bakarrarekin jardungo litzatekeela esan dute. Oñederko eta Zaldibarko aurrekariak behin baino gehiagotan ekarri dituzte gogora, haietan gertatutakoa errepikatzeko arriskua ikusten dutelako.

Azkoitiko PSE-EEko zinegotzi Janire Igoak, berriz, ez du ez proiektuaren alde eta ez kontra jardun. Erabakia eskumendun erakundeek egindako txosten teknikoetan oinarrituta hartuko duela besterik ez du adierazi.

Aitor Gabilondo udal aholkulariak eta Iñaki Susaeta eta Aitor Saez de Kortazar Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren ordezkariek arlo teknikoaz jardun dute. Proiektuari bide emateko arau subsidiarioetan egindako aldaketak urratsez urrats azaldu ditu Gabilondok, eta Azkarateko hondakin gunea bezalako proiektu batek izan beharko lituztekeen funtzionamendua eta helburuak azaldu dituzte Susaetak eta Saez de Kortazarrek.

Lagunak enpresako Pablo Mateok ez du proiektuaren inguruko iritzirik eman. Balorazioak egitea erakunde publikoei eta eragileei dagokiela adierazi du eta beraien zeregina, enpresa gisa, lan egitea eta irautea dela.

Proiektua babestu duenik ere izan da mahai inguruan. Baskegur elkarteko Josu Azpitartek aitortu du ez dituela Azkaraten eraiki nahi duten hondakin gunearen inguruko xehetasunak ezagutzen, baina gisa horretako azpiegitura bat eraikitzea ondo etorriko litzaiekeela egurraren sektoreko enpresei, euren hondakinei bigarren bizitza bat emateko balioko lukeelako.

Larke 360 enpresako ordezkariek ere, proiektuaren sustatzaileak diren partetik, hartu dute parte mahai inguruan. Enpresako teknikari bat arduratu da proiektuaren nondik norakoak eta funtzionamenduaren inguruko xehetasunak azaltzeaz, eta enpresaren arduradun Kimetz Larrañagak ere hartu du hitza. Esan du Azkaraten eraiki nahi duten guneak ez duela zerikusirik Oñederrekin eta Zaldibarrekin, beraz, ez legokeela arriskurik haietan gertatutakoak errepikatzeko. Onartu du hasieran tamaina txikiagoko azpiegitura eraikitzeko asmoa zutela eta azkenean proiektuak dimentsio handiagoa hartu duela. "Aipatzen diren kopuruak gehienezkoak lirateke eta gu ez ginateke horietara iritsiko", azaldu du Larrañagak. Proiektuari moldaketak egitera irekita daudela ere gaineratu du. 

Bileraren bideoa bihar osorik ikusteko aukera egongo da Maxixatzen.eus-en.

Elkarretaratze jendetsua atarian

Azkarate Garbi auzotarrek, Azkarate Garbi plataformak eta Urola Bizirik natur taldeak 20:00etarako zuten deituta Azkarateko hondakin gunearen aurkako elkarretaratzea, eta herritar ugari elkartu da Aita Madinabeitia plazan plantaren gaineko jarrera azaltzeko. 

Elkargunean 17:00etan hasita egin dute bilera alde guztietako ordezkariek, eta 20:20 pasatxo zirela amaitu da batzarra. Ondoren hasi dira ateratzen Elkargunetik lehen ordezkariak. Txalo artean hartu dituzte elkarretaratzean bildutakoek Azkarate Garbi auzotarrak taldeko eta Azkarate Garbi plataformako kideak, Urola Bizirik natur taldeko ordezkariak eta GuraSOS elkarteko hizlaria; EH Bilduko zinegotziei ere jo dizkiete txaloak. EAJko zinegotziak, Larke enpresako ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako kideak, bestalde, txistu eta oihu artean agurtu dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide