Australian bizi den azkoitiarra

Araitz Goikoetxea: "Ekainean bizimodu normala egiteko moduan izango garela uste dut"

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 26a, 17:46

Araitz Goikoetxea, Sydneyko Opera House erakinaren aurrean.

Australiako Sydney hirian bizi da Araitz Goikoetxea (Azkoitia, 1985) duela hamar urtetik, eta han harrapatu du COVID-19ak eragindako krisialdiak ere. Murrizketak ezarri dizkiete han ere eta osasuna babesteko ezohiko segurtasun neurriak hartu behar izan dituzte, baina gaitzak ez du Euskal Herrian adinako eraginik izan, besteak beste, "herrialdeak dituen ezaugarriengatik". 

Zertara joan zinen Australiara eta zer egiten duzu hor?

2010eko otsailean sei hilabeterako etorri nintzen ingelesa ikastera eta bertan bizitzen geratu nintzen. Orain farmazia arloko multinazional batean lan egiten du, ingeniari gisa.

Koronabirusaren eragina horra ere iritsi da. Noiz eta non hasi ziren lehendabiziko kasuak azaltzen?

Urtarrilaren 23an hasi ziren Txinako Wuhan hiritik zetozten hegaldiak kontrolatzen, eta lehenengo COVID-19 kasua urtarrilak 25ean atzeman zuten Melbourne hirian. Egun berean, Wuhanetik Sydneyra zetozten beste hiru bidaiari kutsatuta zetozela ohartu ziren. Urtarrilean bederatzi kasu baieztatu zituzten guztira.

Nolako bilakaera izan du gaitzak?

Otsailean atzeman zituzten kutsatu guztiak turistak izan ziren: Wuhanetik zetozten hiru bidaiari,  Diamond Princess gurutzaontzian iritsitako 24 bidaiari eta Iranetik zetorren beste bat. Martxoaren 1an izan genuen lehendabiziko hildakoa, Perth hirian, Diamond Princess ontzian kutsatu zen haietako bat. Australian bertan kutsatutako lehen kasua, berriz, martxoaren 2an atzeman zuten. Martxoaren erdialdetik aurrera, igoera nabarmena izan zuen kutsatuen kopuruak, eta egunik txarrena martxoaren 30a izan zen, 460 kutsatu berrirekin. Harrezkero murriztuz joan da positibo berrien kopurua, eta apiralen bukaeran, egunean hogei bat kasu berri baieztatzen zituzten. Maiatzen 22an, 7.095 ziren ordura arte baieztatutako kasuak, 101 hildakoak eta 515 kasu aktiboak. 

Horko gobernuak zein neurri hartu ditu pandemiari aurre egiteko?

Urtarrilaren bukaeran, Txinako Hubei probintzian zeuden austrialarrak herriratzen hasi zen hemengo gobernua. Handik zetozenak Christmas Islandera eraman zituen hambost egunez isolatuta egon zitezen. Denera seiheun bat lagun pasatu ziren Christmas Islandetik, Australiara sartu aurretik. Eta gauza harrigarria gertatu zen Christmas Islanden: karramarro gorriaren migrazio masiboa! Otsailaren 1ean, Australiako Gobernuak herrialdera sarrera debekatu zien Txinatik zetozen atzerritarrei. Txinatik zetozen australiarrei, berriz, hamabost eguneko konfinamendua ezarri zien. Martxoaren hasieran, Iranera, Hego Koreara eta Italiara joatea debekatu zien herritarrei, eta martxoaren 20an mugak itxi zituen australiarrak ez ziren herritar guztientzat.

Martxoaren erdialdera beste neurri batzuk hartzen ere hasi zen hemengo gobernua: bostehun lagunetik gorako bilerak debekatu zituen eta herrialdera itzultzen ziren australiar guztiei bi astez isolatuta egoteko agindu eman zien. Martxoaren 22an, funtsezkoak ez diren zerbitzu guztiak bertan behera uzteko agindua eman zuen eta zenbait estatutako mugak itxi zituen. Horrez gain, topaketa sozialeko hainbat leku itxi zituen: hotelak, tabernak, zinemak, kasinoak, diskotekak, gurtza lekutara sarrera mugatu zuen, eta abar. Kafetegiek eta jatetxeek irekita jarraitu zuten, baina soilik eramateko jatekoa prestatzeko. Apirilaren 25ean, COVIDSafe sakelakoetarako aplikazioa jarri zuen eskuragarri gobernuak. Aplikazio horren funtzioa da bi pertsonen arteko harremanak erregistratzea, eta abisatu egin du metro eta erdira duzun pertsonak COVID-19a izan duen ala ez.

Neurri horiez gain, ekonomia sustatzeko neurriak ere hartu ditu Australiako Gobernuak. Horietako bat soldatak laguntzeko JobKeeper programa izan da. COVID-19agatik lana galdu duten herritarrei 900 bat euroko laguntza ematen die hamabost egunero. Laguntza hori ematen martxoan hasi zen eta sei hilabeteko iraupena izango luke edo ohiko lanera berrio bueltatu artekoa.

Zu bizi zaren lekuan zein da egoera?

Eskolak ez dituzte itxi lanera joan behar duten gurasoei laguntzeko. Gurasoek erabaki ahal izan dute umeak eskolara bidali edo ez, eta nahi izatera, umeek aukera dute eskolak etxetik jarraitzeko. Dendak eta tabernak itxita egon dira martxoaren 22tik, baina aste honetan edukiera mugatuta irekitzen hasi dira. Hondartzak, berriz, martxoaren 21ean itxi zituzten, baina lau bat astera berriz ireki zituzten kirola egiteko.

Herritarrok kalean lasai ibiltzerik izan duzue ala konfinatuta egon zarete? 

Kalean ibiltzeko aukera izan dugu, baina zentzuz jokatu dugu eta beharra izan dugunean bakarrik atera gara.

Lantokira joaten zara ala etxetik ari zara lanean?

Gobernuak etxetik lan egitea sustatu du, baina funtsezko zerbitzuetan lan eginez gero eta etxetik egin ezin den kasuetan —hori da nire kasua—, lantokira joateko aukera izan dugu. Lantokian, une oro, metro eta erdiko tartea gorde behar dugu beste lankideekiko.

Zuk zer moduz daramazu egoera?

Nik ez dut murrizketen eragina askorik nabarmendu, batez ere zuek hor jasan behar izan dituzuenekin alderatuta. Gimnasoak itxi dituzte eta pasieran ibili naiz ordutik eta kafetegiak eta jatetxeak itxi dituztenez, asteburuetan ezin izan naiz haietara joan, baina gutxi gehiago. Pertsonalki min handiena egin didana izan da ekainean Papua Ginea Berrira nuen bidaia bertan behera utzi behar izan dudala. Oporrak nituen eta atzeratu egin behar izan ditut hurrengo urtera arte.

Eta jendea zer moduz ari da erantzuten? Herritarrek errespetatzen al dituzte gobernuak ezarritako neurriak?

Bai. Aste Santuan bidaiarik ez egitea aholkatu zuen gobernuak eta herritarrek kasu egin zioten. Europatik zetozten albisteak nahiko apokaliptikoak ziren eta jendea kezkatuta ibili da horkoa honuntz etorriko ote zen pentsatuz. 

Australiako datuak munduko beste leku askotakoak baino hobeak dira. Uste duzu neurri egokiak hartu direlako izan dela hori?

Nire iritziz gobernuak krisialdi hau nahiko ondo kudeatu du, eta herrialdeak dituen ezaugarriek ere horretarako aukera ematen dute. Herrialde isolatuta da, airetik edo itsasoz bakarrik sar daiteke hona, eta immigrazioa oso-oso kontrolatuta dugu hemen. Gainera, Australiak ez du jende kongregazio handirik, herrialde guztiko biztanleria 25 milioikoa da, Europak baino azalera handiagoa duen lurralde batean. Horrez gain, COVID-19ak uda bete-betean harrapatu gaitu eta munduko izpi ultramore indartsuenetakoak ditugu; nire ustez horrek ere eragina izan du birusaren zabalkuntzan.

Normaltasunera itzultzeko denbora asko beharko duzuela uste duzu? 

Ez. Ez dakit noiz kenduko dituzten estatuen arteko mugetan indarrean dauden murrizketak, baina gainerakoan, ekainean bizimodu normala egiteko moduan izango garela uste dut.

Hortik nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera? Kezkatzen al zaitu?

Hasiera batean kezkatu egin nitzen, baina egia esan Euskal Herrian dagoen osasun sistema ona da eta, gainera, Azkoitia isolatuta dago. COVID-19ak baino gehiago kezkatzen nau konfinatuta egon den jendearen osasun mentalak.

Azkoitiara bueltatzeko asmorik baduzu?

Ez dakit zer ekarriko didan etorkizunak, baina egia esan hemen oso ondo bizi naiz. Mugak irekitzen badituzte, Gabonetan joango naiz Azkoitiara; Presaldeko bisigua jateko irrikitan nago!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide