Ilara luzea sortu da erosketa bonuak eskuratzeko

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 21a, 10:18

Bizi Herrixe Erosi Herrixen lelopean, udalak, Herrixen merkatari elkartearekin elkarlanean, erosketa bonuak jarri ditu gaur goizean salgai merkataritza biziberritzeko asmoarekin. Guztira 1.000 bonu banatuko dituzte. Erosleak 40 euro ordainduta, 60 euro erabili ahalko ditu; 20 euroko gehigarria eskuratuko du, alegia.

Gaur, osteguna, hasi dira saltzen Azkoitiko Udala eta Herrixen merkatari elkartea 1.000 erosketa bonu. Interneten bezala, aurrez aurreko bonuen salmenta ere 10:00etan jarri dute martxan Kontzejupean. Guztira 500 erosketa bonu jarriko dituzte saltzen gaur, Kontzejupean: 12:00etara bitartean salduko dituzte 250 bonu, eta 18:00etatik 20:00etara beste 250. Ilara luzea sortu dute goizean herritarrek udaletxearen aurrean. 

Aurrez aurre Kontzejupean erosten duenak gehienez bi bonu eskuratu ahalko ditu. Erosleei NAN zenbakia eskatu diete Kontzejupean, eta nahitaezkoa da 18 urtetik gora izatea bonuak eskuratzeko. Bakoitzaren ardura izango da bonuen erabilera zuzena egitea.

Gainerako 500 bonuak Interneten lortzeko aukera egongo da: Azkoitiko Udalaren webgunean zein Dendagoren webgunean. Internet bidez erosten duenak ere NAN zenbakia eta helbidea zehaztu beharko ditu erosketa egiterakoan. Horiek bonua etxean jasoko dute gutun ziurtatu bidez. Erosketa Internet bidez egin duten erabiltzaileek ere bi bonu eskuratu ahal izango dituzte gehienez.

Bonuak 2020ko ekainaren 30era arte erabili ahalko dira, eta erosketa bakoitzak 10 eurotik gorakoa izan beharko du, txartel bakoitzaren balioa 10 eurokoa baita. Bonua establezimendu guztietan erabili ahalko da, supermerkatu handietan izan ezik.

Bonuen sailkapena

Herritarrak bonu bakoitza 40 eurotan erosi ahal izan du eta 60 euroko balioagatik trukatu. Ondorioz, kontsumitzaileri edo erosleari 20 euro aurrezteko aukera ematen dio bonu bakoitzak. Kontsumoa ahalik eta gehien zabaldu asmoz, ordea, bonuak sektoreka banatu dituzte. Hau da, bonu bakoitza 10 euroko balioa duten sei txartelek osatuko dute eta bakoitza sektore batean edo bestean trukatu ahalko da. 

Bonu edo txartel bakoitzak kolore ezberdina du sektorea bereizteko eta zer motatako establezimendutan erabil daitekeen bonuan bertan zehaztu dute. Herrixen elkarteak bost sektoretan banatzen ditu establezimenduak, eta sektore horiek hartu dira erreferentzia gisa bonuak ezberdintzeko. 40 eurogatik jasoko diren sei txarteletatik, seigarrenak sektore guztietarako balioko du, elikagaien multzorako ezik.

Bonu bakoitzaren erosketarekin jasotako 10 euroko txartel bakoitza ondorengo sektoreetan erabili ahalko da:

  1. Elikadura, okindegiak, harategiak, arrandegiak, frutategiak, edari dendak, baserriko ekoizleak (azoka).
  2. Kafetegiak, jatetxeak, tabernak, gozotegiak, goxoki-dendak.
  3. Moda, oinetakoak, osagaiak, kirol dendak, mertzeriak, bitxi-dendak.
  4. Ile-apaindegiak, estetika, masajeak, dentistak, podologia, optikak, farmaziak, parafarmaziak, drogeriak, lurrindegiak, belar-dendak.
  5. Zerbitzuak, kopistegiak, papertegiak, bidaiak, aholkularitza, gasolindegiak, lore dendak, autoeskola, iturgintza, kristaldegia, dekorazioa, burdindegia, elektrogailuak, estankoak, informatika, tindategiak, pentsu-denda, aseguru etxeak, argazki dendak.
  6. Orokorra. Denetan erabili ahalko da elikadura multzokoetan ezik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide