Musika irakaslea

Maje Larrañaga: "Zoriontsu eta zortedun sentitzen naiz: afizioa ofizio dut"

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 24a, 10:17

Maje Larrañaga irakaslea.

Maje Larrañaga Larrea (Azkoitia, 1966), Bizkargi musika eskolako eta Floreaga Ikastetxeko irakaslea da. Hari elkarrizketa egin dio Maxixatzenek, maiatzeko aldizkarirako.

Noiz eta nolatan hasi zinen musika eskolan irakasle?

Duela 32 urte hasi nintzen. Betidanik izan dut musikarako zaletasuna, eta garai hartan, musikako ikasketak egitearekin batera, Iraurgi abesbatzan ere abesten nuen. Hango zuzendaria, Miguel Mari Azpiazu, musika eskolako koraleko irakaslea ere bazen, eta harekin hasi nintzen praktiketan bertan. Izan ere, heziketa mundua ere asko gustatzen zitzaidan. Musikako ikasketak amaitutakoan, musika eskolan hasi nintzen lanean.

Zenbat urteko gazteekin lan egiten duzu?

Musika eskolan, 4 urteko haurretatik hasi eta 78 urtera artekoekin lan egiten dut. Floreaga Ikastetxean, berriz, 12 eta 15 urte bitarteko gazteekin aritzen naiz, DBHn.

Nolako jarduerak lantzen dituzu?

Txikienei musika tailerrak ematen dizkiet, eta jolasaren bitartez lantzen dugu musika ikasketa, zaletasuna txikitatik sustatuz. Gaztetxoekin, berriz, musika hizkuntza lantzen dut, eta instrumentu bat jotzeko behar duten ezagutza irakasten diet; besteak beste, partituren irakurketa. Abesbatzan, abestien bitartez ahots teknika lantzen dugu nerabeekin. Eta, horiez gain, pianoko eskolak ere ematen ditut.

Zuzendari lanetan ere ikusi izan zaitugu. Gustuko al duzu zeregin hori?

Bai, oso gustuko dut. Nire lanarekin zuzenean lotuta dago. Gainera, musika munduko lehen pausoetakoak abesbatzan kantatzen eman nituen, 7 urterekin. Izan ere, gaur egun Bizkargi abesbatza zuzentzen dut, baina aurretik Iraurgi abesbatzan ere jardun nuen zuzendari lanetan.

Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?

Txikitatik izan dut oso presente musika, bai etxean, bai lagun giroan. Eta musika ikasten, bandan jotzen eta Iraurgi abesbatzan, nire zaletasuna handitzen joan zela esango nuke.

Zertarako balio dizu musikak?

Bizitzeko. Nire egunerokotasuneko zaletasun bat da, eta, gainera, arlo honetan lan egiten dudanez, zoriontsu eta zortedun sentitzen naiz. Izan ere, afizioa ofizio dut.

Zure lanetik zerk betetzen zaitu gehien?

Une oro ikasten eta eguneratzen aritu beharra dugunez, musika irakasleon lana oso aberasgarria da. Horrekin bat, lankideekin eta gazteekin proposamenak eta ideiak partekatzen ditugu. Gainera, gazteenek entzuten duten musikaren inguruan eguneratuta egoteko ere oso aukera ona da. Bestalde, ikasleen garapena ikusteak ere poza ematen du.

Koronabirusak sortu duen egoeran musikak inoiz baino leku handiagoa duela ikusi da. Zer iritzi duzu?

Uste dut musika oso presente dagoela guztion etxeetan, eta koronabirusa agertu baino lehen ere hala zegoela esango nuke. Momentu honetan, ordea, etxeko egunerokotasuna partekatzen dugunez, bistaratu egin da hori. Horrez gain, musikak errutinatik deskonektatzen laguntzen digu, eta etxeko konfinamendutik ihes egiteko balio diezaguke, entzule gisa nahiz sortzaile gisa. Askotan, artearen arloko lana denbora-pasa gisa ulertzen da, eta esango nuke artea lantzea eta irakastea funtsezkoa dela norberaren garapenerako. Horretarako, mundu honetan lan egiten ari garenok urteetako prestakuntza jaso behar izan dugu, eta, nire iritziz, gizarteak ez du hori baloratu orain arte. Bestalde, egoera zail guztietatik asko ikasten denez, garai honek ezkutuan zeuden ofizioak azaleratzeko eta baloratzeko balioko digulakoan nago.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide