Ikerketen arabera, Gipuzkoako biztanleen %4k baino gutxiagok izan dute COVID-19a

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 14a, 12:44

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako seroprebalentzia ikerketaren datuen arabera, Gipuzkoako biztanleen %2,8k (20.200 lagun) ditu koronabirusari aurre egiteko antigorputzak. Datu hori G immunoglobulina oinarri hartuta atera dute, baina kopurua handiagoa da M immunoglobulina ere aintzat hartuz gero. Kasu horretan, Gipuzkoan biztanleen %3,7 lirateke positiboak.

Espainiako Karlos III.a Unibertsitateak diseinatu eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako seroprebalentzia ikerketaren lehendabiziko datuen arabera, Gipuzkoako biztanleen %4k baino gutxiagok izan dute COVID-19a. Atzo arratsaldean jakinarazi zituen estrapolazio bidez ateratako datuak Espainiako Gobernuak, eta, horien arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen %4,4k igaro izango lukete jada koronabirusa, hau da, Hego Euskal Herriko 127.000 herritarrek; orain arte atzemandako kasuak baino bost aldiz jende gehiagok. 

Serologiako probak koronabirusari aurre egiteko garatutako antigorputzak neurtzen ditu, eta ikerketen arabera, Gipuzkoako biztanleen %2,8k (20.200 lagun) ditu koronabirusari aurre egiteko antigorputzak. Lurraldeka, Arabak dauka seroprebalentziaren ehuneko handiena: lurraldeko herritarren %7,2k. Nafarroan, %5,8k (38.000 lagun) eta Bizkaian, %3,8k (44.900 lagun). Datu horiek G immunoglobulina oinarri hartuta atera dituzte, baina kopurua handitu egiten da M immunoglobulina ere aintzat hartuz gero. Kasu horretan, Gipuzkoan biztanleen %3,7 lirateke positiboak, Araban, biztanleen %8,1; Nafarroan, %7,1 eta Bizkaian, %4,3. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, COVID-19az kutsatutako haurren kopuruak ere gora egin du. Jaurlaritzaren arabera, haurrak kalera atera daitezkeenetik %45 handitu dira koronabirus kasuak 10 urtetik beherako umeen artean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide