Festa etxean, bakea baserrian

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 18a, 09:28

Batzuek festarako baliatzen dituzte, besteek etxeko lau pareten artetik irten eta arnasa hartzeko, baina inoiz baino estimazio handiago dute egunotan balkoiek. Baztarrikaldean, Jandonianizen, Errebalean edota Ibaiondon martxa handia izan ohi dute, eta bertako hainbat auzotarrek ekintza horiek zergatik eta zertarako egiten dituzten azaldu dute. Halere, herrigunetik gora ere bizi dira azkoitiarrak, eta itxialdia nola daramaten azaldu dute Madariagako, Elosuako eta Martirietako auzotarrek.

Kaleko hainbat bizilagunek eskertuko luke orain baserritarrek mendian duten askatasuna, baita mendi- auzoetako bizilagunek ere herriguneko festa. Nork ez ditu jaso mugikorrean Baztarrikaldeko irudiak? Festa "kasualitate hutsez" hasi zutela aitortu du Miren Otero Errazuk (Azkoitia, 1978). Bizilagunak 20:00etan balkoietan hasi ziren elkartzen osasun langileei txaloak jotzeko. Oterok azaldu du, txaloen ondoren, Txoria txori abestia entzunda amaitzen zutela hitzordua hasierako egunetan; egun batean, ordea, bizilagunak beste abesti baten eske hasi zirela dio, "beste bat, beste bat" esanez. Kontzertuetan bezala, antza. Harrezkero, hainbat abesti jarri eta ordu erdi inguruko dantzaldia egiten dute. Oteroren hitzetan, "burua deskonektatzeko, gorputza mugitzeko eta animatzeko aitzakia ederra" izaten da balkoietako dantzaldia.

Asteburuetan, berriz, ekintza bereziak egiten dituzte Baztarrikaldean. Maria Blanco Eceolaza (Azkoitia, 1981) eta bere etxekoak, esaterako, asteburua iristeko zain egoten dira. 8 eta 4 urteko bi ume ditu Blancok, eta aitortu du asteko plangintza auzoko ekintzen arabera egiten dutela. "Haurrak eskulan zaleak dira, eta astelehenean zain egoten dira asteburuan zer gai landu beharko dugun jakiteko", adierazi du. Izan ere, asteburuetarako hainbat eskulan egin dute dagoeneko Blancoren etxean. Marijo Ibarbia Perez (Azkoitia, 1978) auzokideak ere lan pixka bat hartzen du balkoiak atontzen, baina "merezi" duela uste du. "Eguneko gure momenturik onena izaten da. Auzotar gehienek parte hartzen dute; jendea zain egoten da", dio Ibarbiak.

Baztarrikaldeko bizilaguna gurutzaldia egin zutenekoa.

Baztarrikaldean egiten diren ekintzek auzokideen arteko "harremana estutu" dutela diote guztiek. Ibarbiak dio "indibidualismo handian" bizi izan dela gizartea, eta "gustuko" du bizilagunen arteko harremana berreskuratu izana. Oterok ere bide beretik jo du. "Balkoirik balkoi eta sare sozialen bidez erlazionatzen gara auzokideekin, animoak emateko zein penak eta haserreak partekatzeko. Elkarrizketa sakonak ere izaten ditugu", azaldu du auzokideak. Blancok, berriz, uste du haurren irudimena lantzeko "oso baliagarria" izan dela itxialdia.

Baztarrikaldeko bizilagunak gurutzaldia egin zutenean, dantzan.

Jandonianiz plazan ere ez dira atzean geratzen. Balkoietan ekintzak egitea "ederra" izango litzatekeela pentsatuta hasi ziren jarduerak prestatzen. "Guztiok batera ondo pasatzeko aukera ematen du horrek; gainera, gogoa nabaritzen da auzotarren artean", diote Maria Garatek (Azkoitia, 1996) eta Jone Ariztik (Azkoitia, 1996). Hartutako "neurri indibidualistei aurre" egiteko, "zerbait kolektiboa" egitea pentsatu zuten auzoan.

Hori horrela, egunero egiten dute bingo saioa, eta sariak auzokideek prestatzen dituzte. Ostegunetan, berriz, kantupoteoa edo pintxo-potea egiten dute, eta zapatuetan, askotariko festak. "Antolakuntza taldea dugu, eta talde horrek proposatzen ditu ekintzak. Auzoan jende askok parte hartzen du bai antolatzen, bai ekintzetan", diote. Gogoan dituzte, esaterako, danborrada, karnabalak, Sevillako Apirileko Feria edota Orbel Jokuen Balkoi Jokuek bertsioa. Arrakasta gehien, ordea, Benidormera egindako bidaiak izan zuela diote. "Oso ondo pasatu genuen orduan, eta jende askok parte hartu zuen", azaldu dute.

Jandonianizeko bizilagunek Apirileko Feria egin zutenekoa.

Auzotarren artean "giro ona" dute, Garateren eta Ariztiren arabera. Bizilagun batzuk "lehendik" ezagutzen bazituzten ere, itxialdiak "gertutasuna" sortu eta auzoa "aberastu" duela diote. "Elkar zaintzen gara eta guztion artean egoera ahalik eta ondoen eramaten ahalegintzen gara; horrelako egoera batean elkarrekin gauzak egitea oso garrantzitsua dela ikasi dugu", azpimarratu dute.

Bikoteari "sentimendu goxoa" geratu zaio barruan. Azkoitian "elkar zaintzea eta auzolana posible" direla ikusi dute; era berean, baieztatu dute orain arteko egoeran "arazo" bat zuela gizarteak. "Ingurukoei denbora gehiago eskaintzea baimendu digu egoera berriak, eta onura handia izan da hori. Egunerokotasuna hobetzeko, auzolana da bidea", adierazi dute Garatek eta Ariztik.

Jandonianizeko bi bizilagun dantzan.

Lurdes Elorza (Azkoitia, 1958) Ibaiondo kaleko bizilaguna da, eta uste zuena baino hobeto ari da eramaten konfinamendua: "Azkar joaten zaizkit egunak". Gakoa eguna ondo antolatzea dela dio: "Goizean, etxeko lanak, erosketak, lantokiko zereginak... egiten ditut. Arratsaldean, aisialdirako denbora izaten dut familiarekin. Hasteko, txokolate beroa hartzen dugu, etxean egindako opilekin. Gero, mahai jolasetan ibiltzen gara, eta azkenik, dantza saioa egiten dugu sukaldean. Gauean, berriz, txaloak eta lapikoak jo, irakurri edo telesailak ikusi... Agenda betea dugu. Halere, orain pixka bat luzatzen ari da kontua. Gainera, udaberria da niretzat garairik politena, eta ezin kalera ateratze hori astuna egiten da".

Horrez gain, bizilagunak alaitzeko ere hartzen du tartea Elorzak, bere familiarekin batera. Astean behin, etxeko bozgorailua balkoian jarri eta dozena bat abesti jartzen dituzte. "Gure familian oso musika eta dantza zaleak gara. Lehenengo saioa Aberri Egunean egin genuen, eta inprobisatua izan bazen ere, oso erantzun ona jaso genuen; jendeari asko gustatu zitzaion. Hori ikusita, horrelako saioak gehiagotan egingo genituela esan genion elkarri. Ordutik, asteburuetan jartzen dugu musika, jai giro pixka bat emateko egunari. Denetik ipintzen dugu: musika klasikoa, mariatxiak, trikitia, haurrentzako kantak...".

Konfinamenduari esker, auzokoekin harreman handiagoa duela gaineratu du. “Lehen ez ginen elkar ikusi ere egiten askotan, eta orain, egunero balkoietan gaudenez, bizilagunen artean harreman berezia sortu da. Kalea askoz politagoa ikusten dut orain”, azpimarratu du Ibaiondoko Elorzak.

Xabier Alberdi (Azkoitia, 1988) disko jartzailea ere Santa Klarako bizilagunak alaitzen dabil egunotan. "Jendea balkoietan musika jartzen hasi zela jakin nuen, eta nire bigarren ofizioa hori denez, neu ere animatu egin nintzen, jendeari bizipoz pixka bat emateko asmoz. Gainera, zorteduna naiz azken solairuan bizi naizelako eta terrazatxo bat dudalako teilatuan. Oso leku aproposa da".

Xabier Alberdi musika jartzailea.

Ordu erdiko saioa eskaini ohi du Alberdik, eta "berezia" izaten dela dio. Adin desberdinetako bizilagunekin pentsatuta, orotariko abestiak aukeratzen saiatzen da. "Kantu alaiak jartzen ditut, guztien gustukoak izateko". Gainera, eguna eta ordutegia finkatuta ditu dagoeneko: ostegunetan, ostiraletan eta zapatuetan 19:30etik 20:00etara jartzen du musika, eta igandeetan, 12:30etik 13:00etara.

Gainera, nabarmendu du bizilagunak pozik daudela bere saioekin: "Asko dira musika noiz hasiko den zain egoten direnak. Balkoietan dantzan ikusten dut jendea, eta askok eskerrak ematen dizkidate. Sekulako giroa sortzen da, zoragarria. Egoera honetatik aterako nukeen ondorio onena horixe dela esango nuke. Jendearen erantzun ona ikusita, konfinamendua malgutu arte musika jartzen jarraituko dut, herritarrei egunak arintzeko".

Bakea baserrian

Mendiko auzoetan, berriz, kalean ez bezalako bakea eta askatasuna dituzte. Martirieta auzoko bizilaguna da Itzeder Arrizabalaga (Azkoitia, 1983). Herritik kilometro batzuetara bizi den arren, kalera joan beharra izan duenean "nabaritu" du ez dela "betiko egoera".

Egoera ohikoa izan ez arren, Arrizabalagak etxeko betiko lanei eutsi behar izan die: animaliak zaintzen eta belarra mozten jarduten du, besteak beste. Horregatik uste du kaleko bizilagunek baino "askatasun handiagoa" dutela Martirietan. "Animaliak lekuz mugitu direlako-eta izan dugu harremana auzokideekin".

Martirietan kaleko zenbait gunetan bezalako zalapartarik ez dute, baina Arrizabalagak trikiti doinuak eskaintzen dizkie hainbatetan etxekoei. Gainera, gauza txarrari ona ateratzea gustuko duela aitortu du hark, eta dioenez, "ondo" etorri da itxialdia "familia egiteko".

Martirietako plaza.

Laura Aiarzaguena (Azkoitia, 1977) eta haren familia, berriz, Elosuan daude konfinatuta. "Ondo" dabiltzala dio, baina aurrera begirako ezjakintasunak "kezka" sortzen die. Bi semeak eta Aiarzaguena ez dira etxetik atera ere egin martxoaren 14tik: "Bikotekidea bakarrik ateratzen da hemendik lanera edota erosketak egitera".

Lursail bat dute etxaurrean, eta eguraldi ona egiten duenean, han egiten dute bizitza. "Kanpoan gaude ahal dugun denbora guztian, eta semeak gozatzen ari dira". Etxean, ordea, badute lanik. "Hemen ez dago aspertzeko betarik, beti egoten delako zerbait egiteko: egurra nahiz belarra mozteko edo zerbait margotzeko". Etxe ingurutik ere ez dira asko mugitu. "Gure etxearen eta aldameneko etxebizitzaren artean bide bat dago, eta han ibili gara paseoan. Bizilaguna ikusten dugu, eta distantziara agurtzen gara. Ederki moldatzen gara", adierazi du.

Elosuako plaza.

Maribel Bastida (Azkoitia, 1955) Madariagatik gora dagoen Atxuri baserrian bizi da, familiako beste lau kiderekin batera. Landetxea da beren etxea, baina hutsik dago egunotan, eta deirik ere ez dute jaso. Horregatik, Bastidak aurten zaila ikusten du bezeroak hartzea: "Azkenak Gabonetan etorri ziren, eta harrezkero, erreserba guztiak bertan behera utzi behar izan ditut. Uztailerako frantses batek bost logela erreserbatu ditu, baina auskalo etortzerik izango ote duen".

Konfinamendua ondo daramatela kontatu du Bastidak: "Kalean baino hobeto gaude, atarira irteteko aukera dugulako. Goizean, paseo txiki bat ematen dugu etxe inguruan, kilometro baten bueltan ez baitago beste baserririk. Arratsaldean, berriz, siesta, etxea garbitu, telebista ikusi edota irakurri egiten dugu. Bizitza oso lasaia daramagu. Egoera honetan luxua da baserrian bizitzea". 40 egun baino gehiago daramatza Bastidak herrira jaitsi gabe; izan ere, alabak egiten dizkie erosketak. "Lehen, egunero elkartzen nintzen kalean kuadrillakoekin. Beharbada, haiekin elkartu ezin hori ari zait egiten gogorrena", dio.

Kaleetako festen bideoak ikusi dituela dio Madariagako auzotarrak, eta "oso polita" iruditu zaio auzoetan sortzen ari den giroa. "Giro ederra dute, musika jarrita. Guk, aldiz, kukua entzuten dugu. Baserrian bizi gara jaiotzetik, eta ez gaude kaleko bizimodura eginda", adierazi du.

Atxuri baserria.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide