COVID-19ak eragindako alarma egoera arintzeko lehen fasea gaur, astelehena, sartu da indarrean Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak onartutako neurri batzuk murriztu egin ditu Eusko Jaurlaritzak, eta Segurtasun Sailak txostena osatu du Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian lehen fasean zer egin daitekeen eta zer ez zehaztuz. Honako hauek dira Ertzaintzak aplikatuko dituen irizpide nagusiak:
Etxe barruan talde txikietan elkartzerik ba al dago hartu-eman sozialetarako?
Ez. Horixe dio Ertzaintzaren txostenak.
Mendekotasunen bat duten senideak bisitatzera joan al daiteke?
Bai, bisita egitera edo zaintzera.
Bigarren etxebizitzara joan al daiteke?
Ez.
Ordutegiak mantentzen dira?
Bai. 14 urtetik gorakoek 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara bitartean egin dezakete kirola, baita paseatu ere. 70 urtetik gorakoek edo ezintasunen bat dutenak 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara irten daitezke kalera. 14 urtetik beherakoak, berriz, 12:00etatik 19:00etara atera ahalko dira kalera, heldu batekin, ordubetez gehienez. Kilometro bateko muga zuten orain arte, baina lehen faserako ez du halakorik zehaztu Ertzaintzak. Salbuespenak ere badaude: osasun arrazoiengatik edo kontziliazioagatik, jarduera fisikoa egin ahalko da ezarritako ordutegi horietatik kanpo.
5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, orain arte bezala, ez da ezarriko ordutegirik; 06:00etatik 23:00etara atera ahalko dira herritar guztiak. Dena den, jarduera fisikoa egiteko ondoko udalerrira joanez gero, eta hori 5.000 biztanletik gorakoa bada, udalerri horren ordutegiak errespetatu beharko dira.
Ostalaritza sektoreko terrazak irekiko dituzte?
Bai, %50 murriztuta. Mahaien artean bi metroko tartea utzi beharko da, eta udalerriek mahai kopurua handitzeko eta horiek kokatzeko eremua zabaltzeko baimena eman dezakete. Gehienez, hamar lagun elkar daitezke mahai bakoitzean, eta ordutegia zabala izango da: 23:00ak arte. Elkarte gastronomikoek itxita jarraitu beharko dute.
Kalean ibiltzea ba al dago?
Bai, baldin bada elikagaiak, botikak eta zero eta bat faseetan onartutako produktuak edo zerbitzuak erosteko edo kontsumitzeko. Horrez gain, lantokira, osasun zentroetara, nahiz zaintza lanak egitera joateko (alegia, adinekoak, adingabeak, menpekotasunen bat dutenak eta pertsona zaurgarriak zaintzeko) ere bai. Banketxera, abokatuarenera eta gestoriara ere joan daiteke.
Mugitu al daiteke Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean?
Bai, honako egoera hauetan bakarrik: ohiko bizilekura bueltatzeko; osasun, lan, lanbide edo enpresa arrazoiengatik; hezkuntza eta prestakuntza arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, eta antzeko beste edozein arrazoigatik. Aurreko puntuan aipatutako saltoki edo zerbitzu horiek ez badaude norberaren udalerrian edo ondokoan, urrunago joan ahalko da. 14 urtetik beherakoak heldu batekin joan daitezke, baimendutako jardueraren batera baldin badoaz.
Eta umeak edo bilobak zaintzeko?
Erkidego osoan mugikortasuna baimenduta dago umeak edo bilobak zaintzeko. Dena den, Eusko Jaurlaritzak aholkatu du ahalik eta gehien mugatzea mugikortasuna.
Dokumenturik eraman behar al da soinean, lanera zoazela frogatzeko?
Ez da derrigorrezkoa, baina gomendagarritzat jo du Ertzaintzak.
Kirola: non, nork eta noiz?
14 urtetik gora eduki behar dira, bakarka egin behar da, eta egunean behin bakarrik, denbora mugarik gabe baina ezarritako ordutegien barruan. Eremu publiko guztietan egin daiteke, baita ingurune natural edo berdeetan ere, udalerri barruan edo ondokoan. Leku itxietan ezin da kirolik egin.
Paseatzeko zer neurri ezarri dituzte?
Bakarka edo etxekoekin paseatu daiteke, ezarritako ordutegietan, udalerrian bertan edo ondokoan.
Baimenduta daude beilak, hileta zeremonia zibilak eta erlijiosoak?
Baimenduta daude, baina hamabost lagun elkartu daitezke gehienez leku irekietan, eta hamar lagun, itxietan. Osasun neurriak eta bi metroko tartea errespetatu beharko dira. Gurtza zentroetara joan ahalko da, baina edukiera %30era murriztuko da.
Zer baldintza bete behar dira autoan joateko?
Bederatzi lekurainoko auto pribatuetan, ilara bakoitzeko pertsona bakarra joan daiteke, diagonalean eta maskara jarrita. Elkarrekin bizi direnak auto berean joan daitezke, maskara eraman beharrik gabe. Garraio publikoetan, derrigorrezkoa izango da maskara, eta gutxienez metro eta erdiko distantzia egon behar du bidaiarien artean. Motoei dagokienez, bi lagun joan daitezke moto berean, biek kasko integrala edo maskara badaramate edota etxe berean bizi badira. Eskularruak erabiltzea ere derrigorrezkoa da.
Zer saltoki zabal daitezke gaurtik aurrera?
Orain arte zabalik zeudenez gain (elikagaiak saltzen dituztenak, farmaziak, osasun zerbitzuak ematen dituztenak, optikak, prentsa, gasolindegiak, gailu teknologikoak saltzen dituztenak, tindategiak...), gainerako saltoki minorista guztiak, baina 400 metro koadroko azalera baino gutxiago badute. Saltoki horien edukiera %30era murriztu beharko dute, eta gutxienez bi metroko tartea bermatu behar dute bezeroen artean; ezin bada, bezero bakarra sartu ahal izango da dendan. Gainera, lehentasunezko ordutegi bat ezarri beharko dute 65 urtetik gorako bezeroentzat.
Okindegiek sal ditzakete edariak, kafea barne?
Eramateko baldin bada, bai. Terraza baldin badute, ostalaritza zerbitzuetarako irizpideak jarraitu beharko dituzte.
Azokak egin daitezke?
Bai, osasun neurri batzuk hartuta. Udalek distantzia irizpide batzuk ezarri beharko dituzte, eta ohiko postuen %25 baino ezingo dira jarri. Jai azokek, berriz, debekatuta jarraituko dute. Auto bidezko salmentak onartu dituzte, udalaren baimena badute eta salgaiak premiazko produktuak badira. Azken horiei ordutegi bat ezarri diete: 08:00etatik 15:00etara.
Ibilgailuak konpontzeko tailerrak zabalik egongo dira?
Ireki ahalko dituzte, autoak konpontzeko eta piezak saltzeko. Bezeroen arreta osasun irizpideak jarraituz egin beharko dute.
Kontzesionarioak eta IAT txartela ateratzeko guneak zabalduko dituzte?
Bai, baina aurrez txanda hartu beharko da. Dena den, IAT txartelen iraungitze datak bertan behera utzi dituzte urte amaierara arte. Autoak desgaitzeko guneak ere lanean aritu daitezke, beren jarduera osoan.
Herritarrentzat zabalik egoteko baimenik ez duten saltokiek egin al ditzakete mantentze lanak barruan?
Bai.