Noiz eta zergatik joan zinen Pragara?
2019ko urrian iritsi nintzen Pragara. Aspalditik nuen buruan Azkoititik irteteko ideia, gauza berriak ezagutzeko gogoa nuelako; halaxe aukeratu nuen Praga. Lan eskaintza handia zegoela ikusi nuen, langabezia %4koa zen. Bizitzeko toki "merkea" da, eta garagardo bikaina dute bertan. Horrek konbentzitu ninduen jauzia ematera.
Konfinamenduak han harrapatu zaitu. Pentsatu al zenuen egoera hau igaro arte Azkoitira itzultzea? Zergatik?
Bai. Askotan planteatu dut, gehienbat familiagatik. Birus berria, pandemia mundiala, zer pasako denaren inguruko galderak... Buruhauste handia ematen du diru-iturri falta izango ote duzun pentsatzeak, batik bat eta nire kasuan bezala, turismotik bizi bazara. Lagun asko itzuli dira beraien herrialdera, eta horrek zer pentsatua ematen du. Lan aukera berriak ditut, beraz, oraingoz hemen geratuko naiz.
Txekiako Errepublikak azkar erreakzionatu zuen koronabirusaren aurrean, ezta?
Bai. Europako herrialdeen artean lehena edo lehenetarikoa izan zen. Urtarrilean Txinarekin hegazkin sarea moztu zuen Txekiako Errepublikak prebentzio neurri moduan. Txinatar bisitari kopurua oso handia zen, baita kutsatzeko beldurra ere. Ez dakit, ordea, gaur egungo globalizazioarekin neurri hori alferrikakoa izan den edo ez.
Zer egin da ondo Txekiako Errepublikan, eta zer gaizki?
Europako herrialde gehienek ez bezala, neurriak hartzerakoan erreakzio azkarra izan zuten hemen. Aurpegiko maskaren erabilera nahitaezkoa da hasieratik. Horri esker, egoera nahikoa emangarria dugu gaur hemen. Murrizketak egin izana eta mugak azkarregi ireki izana, berriz, gaizki ikusten dut. Fase batzuk ezarrita zituen gobernuak apirilaren erdian normaltasunera itzultzeko, baina bat-batean, eta guztion harridurarako, apirilaren 24ean muga guztiak berriro ireki zituzten. Nire ustez hor arinegi ibili ziren.
Positibo kasuak eta hildakoak ez dira asko izan Txekiako Errepublikan.
Oso gutxi izan dira, bai. Oker ez banago, kutsatutakoak ez dira 8.000 kasutara iritsi. Sendatutakoak, berriz, 4.200 pertsona dira, eta hildakoak 265. Ez da Euskal Herrian bezalako konfinamendu gogorrik egon hemen. Txekiako Errepublikak ia 11 milioi biztanle dituela kontuan hartuta, proportzionalki, iruditzen zait datuak oso positiboak direla.
Zein neurri hartu zituen gobernuak?
Neurriak ez dira gogorrak izan hemen. Mailakatuta joan dira ezartzen. Kalean zehar normaltasun osoz ibiltzeko aukera dago, beti maskara jantzita eta gehienez binaka. Hasieran, ezin zen leku batean geldirik egon, parkeetan ez ezik. Parke eta leku irekietan, gobernuak kontakturik gabeko kirola binaka egitea gomendatu zuen. Komertzio guztiak edo gehienak itxita egon dira. Halere, kafetegi, jatetxe eta taberna batzuetan leihotxo bat dute kafea, pizza edota garagardoa saltzeko. Hori bai, eramateko izan behar du, ezin da bertan jan-edanik egin. Garagardo batzuk hartzera irten naiz lagunekin.
Euskal Herriko neurriekin alderatuta nolakoak iruditu zaizkizu horkoak?
Oso onak. Euskal Herrian egon diren neurri zorrotzekin alderatuta, esango nuke hemengo egoera askoz ere eramangarriagoa izan dugula.
Konfinamendua apirilaren 24an amaitu zenuten. Nolakoa da egoera orain Pragan?
Orokorrean, jende eta bizitza gehiago ikusten da kalean. Hasieran, normala den moduan, beldur apur bat zuen jendeak eta ez zen hain erraz irteten kalera. Orain, aldiz, parkeetan kuadrillatxoak ikusten dira, besteak beste, eguzkia hartzen eta jolasten. Normaltasunera itzultzen ari gara Pragan.
Orain egun gutxi eman zuen Txekiako Errepublikako Gobernuak atzerrira irteteko baimena, baita bidaia oporretarako bada ere. Etxera itzultzerik pentsatu al duzu?
Pentsatu izan dut bai, baina ez da horren erraza. Azkoitira itzuliz gero, hamalau egunez egon beharko nuke berrogeialdian. Gainera, hemengo mugak irekita dauden arren, Espainiako Estatukoak itxita daude. Azkoititik Txekiako Errepublikara itzultzea erabakiko banuke, berriz, aldi baterako egoitza izan beharko nuke eta gero beste hamalau egun igaro berrogeialdian. Eskatuta dut dokumentua, baina prozesua oso motel doa. Aurrerago itzuliko naiz Azkoitira, oporretara bada ere.
Mugak irekitzeko erabakia azkarregi hartu al dute?
Azkarregi ireki dituzte, egun batetik bestera izan zen. Ez dituzte mugak guztiz ireki, lehen esan dudan moduan, arau batzuk bete behar dituzu. Beste herrialdeetako muga guztiak edo ia guztiak itxita dauden bitartean, ez diot zentzu handiegirik hartzen mugak ireki izanari.
Esan daiteke ia ohiko bizimodua egitera ailegatu zaretela. Egoera baliatu duzu edo tentuz ari zara jokatzen oraindik?
Normaltasun antzeko batean gaude, bai, baina konfinamendu osoan antzekoa izan da. Jendeak arauak errespetatzen jarraitzen du, elkarrekiko distantziak mantenduz edota maskarak erabiliz. Legeak gehienez hamar lagun elkartzeko baimena eman du, eta parke bateko zelaian eserita baldin bagaude maskar gabe egoten gara, bai gu, eta orokorrean, bai gainerako herritarrak ere.
Euskal Herrian astelehenean irekiko dituzte jatetxeak eta kafetegiak. Txekian, aldiz, maiatzaren 25ean.
Hasieran behintzat mahaien arteko distantziak handituko dituzte. Bi mahaitik bat erabiliko dute, baita terrazetan ere. Ostalaritza munduko langileak ez daude hain gustura. Gastuak berdinak izanda, normalean atera dezaketen etekinaren erdia bakarrik lortu dezakete. Eztabaida handia dago hemen ere horren inguruan.
Turisten gida moduan egiten zenuen lan. Koronabirusak, ordea, eragina izan du turismoan.
Bai, handia. Kolpe handia izan da guretzat hau guztia, tour gida enpresa batzuk itxi egin baitira.
Pragako turismoak gorakada handia izan du azken urteotan Europa mailan, gehiegizkoa. Eta orain, guzti honek zerotik hastera eraman du sektorea. Gida langileak autonomoak gara, baina guztia pasa arte ez dugu kuota ordaindu beharrik izango. Gainera, bi laguntza ekonomiko eman ditu gobernuak. Horrek gauzak errazten ditu eta lasaitasun apur bat eman.
Euskal Herriko egoera gertutik jarraitu al duzu? Zer iritzi duzu?
Ez dut ia ezer jarraitu, egia esan. Badakit egoera ez dela inolaz ere erraza izan. Ez dakit gauzak ondo ala gaizki egin diren. Nire kasuan erraza litzateke kanpotik ikusitakoa epaitzea, baina badakit bizitzea beste kontu bat dela. Egoera hobera doala dirudi, eta jarrai dezala horrela!