Mamen Alberdi: “Bezero batetik bestera tarte handiagoa izango dut, zentroa desinfektatu behar dudalako”
Iazko abenduaren 13an zabaldu zuen Mamen Alberdik estetika zentroa Azkoitian. Eta hilabete gutxiren buruan itxi behar izan du berriz, alarma egoerak behartuta. Halere, guztia bertan behera uzterik ez du pentsatu Alberdik: “Hori inoiz ez”, adierazi du.
Gainerako dendari gehienek bezala, Alberdik martxoaren 14an izan zuen azken lan eguna, eta harrezkero itxita eduki behar izan du Azkoitiko zentroa. Buruak, ordea, “lan asko” egin diola esan du, dendak era batera edo bestera indarrean jarrai zezan. Alberdik aitortu du “gauza asko” bururatu zaizkiola.
Mamen Alberdik bi estetika zentro ditu, bat Azkoitian eta Zestoan bestea. Horien arabera egin du planteamendu berria. 09:30etik 13:00etara Zestoako zentroa irekitzeko asmoa du; Azkoitiko zentroa, berriz, 15:00etatik 20:00etara zabalduko du. Gainera, ez du baztertzen asteko egun bat zehaztea pertsona nagusienentzat. Egun hori “printzipioz” astelehena izatea nahi duela dio estetika zentroko arduradunak.
Babes neurriak martxan jarri beharko dituzte denbora batez herriko dendetan, eta Alberdik zehaztuta ditu bere zentrorako. “Bezero batetik bestera tarte handiagoa izango dut, zentroa desinfektatu behar dudalako”, azpimarratu du Alberdik. Gainera, zentroan zapirik ez erabiltzeko erabakia hartu du. “Zapien ordez papera erabiliko dugu, eta langileok lana egiterakoan maskara, pantaila, eskularruak eta alkohola erabiliko ditugu uneoro”, azaldu du arduradunak. Tenperatura hartzeko ere “prest” daudela dio.
Alberdiren estetika zentroan ere deien bidez hartuko dituzte bezeroentzako hitzorduak, eta gainera, bezero batetik bestera “tarte handia” dagoela ziurtatu beharko dute. “Txanda hartutako bezeroak etorriko dira estetika zentrora; halere, saiatuko naiz txandarik ez duen bezeroa ere bideratzen”, azaldu du. Hitzordurik ez duten bezeroen kasurako, berriz, denbora “tarte bat” utzi beharko du, baita dendara zerbait erostera joaten direnentzat ere.
Herrixen merkatari elkarteari eskerrak eman nahi izan dizkio Alberdik bide batez. “Zentroko hiru langileontzako materiala bideratu digu Herrixen elkarteak, lana segurtasunarekin egin ahal izateko”, nabarmendu du.
Ines Murillo: “Uste dut herriko denda txikienganako joera indartuta aterako dela”
Ines Murillo Andueza Moda arropa dendako arduraduna da. Tabernariek herriko tabernak ixteko erabakia hartu zutenean, berak ere denda ixteko erabakia hartu zuen, artean alarma egoera ezarri gabe egon arren. “Beharrezkoa ikusi nuen zetorrenari aurre egiteko. Asko luzatu da, ordea, eta egun gogorrak izan dira. Nire eskuetan zegoen guztia egiten saiatu naiz, besteak beste, informazioa lortzen, laguntzak aholkulariarekin elkarlanean kudeatzen eta hornitzaileekin negoziatzen”, eman du azalpena.
Bi hilabeteren ondoren denda berriz zabaltzeko baimena eman diete dendariei, eta hainbat neurri hartu ditu. “Gure dendak metro aldetik ez du arazorik eta erraz mantendu genezake bezeroarekiko segurtasun distantzia. Sarrera eta irteera zehaztu ditugu, baita itxaron gune ezberdinak ere”, azaldu du Murillok. Dioenez, pertsonak banaka artatzea da denda irekitzeko duten "ezinbesteko baldintza”.
Herenegun jakin zuen zein izango ziren denda irekitzeko neurriak. “Egunetik egunera eta ordutik ordura gauzak aldatuz doaz, etengabe ematen dute informazio berria, eta horrek aldi oro konektatua egotera behartzen gaitu; oso nekagarria da”, azaldu du Murillok. 0 fase honetan aurretiko hitzorduak emanda ari da lanean azkoitiarra arropa dendan. “Banakako zerbitzu honek bezeroa hobeto artatzeko aukera ematen digu, denbora gehiago eta zerbitzu pertsonalizatuagoa eskainiz”, dio arduradunak. Murilloren esanetan, herriko denda txikietan erosten duen bezeroak horri ematen dio balioa.
Konfinamenduaren lehen hamabost egunak “lasaiagoak” izan baziren ere, azken asteak “estresagarriak” izan direla esan du arropa dendako kideak. “Ikusita luzerako zihoala eta banatzaileek gero eta pakete gehiago banatzen zutela, lanari dena ematea erabaki nuen”. Sare sozialei denbora gehiago eskaintzea izan zen Murilloren erabakietako bat, eta salmenta bat bideo-dei bidez egin zuela ere aitortu du. Erabaki horiek “denda bizirik mantentzeko” hartu zituen Murillok. “Ordenagailu eramangarriari zein mugikorrari kasu eginez, eguneko 24 ordutan lan egitera iritsi gara”, erantsi du. Gainera, lana familiarekin kontziliatu behar izan du; izan ere, umeak alboan izan ditu uneoro.
Egoerak dendari txikiei zailtasunak ekarri dizkien arren, “baikorra” izan nahi du Murillok. “Aspaldian kexu ginen, batik bat herriaren nortasunean dugun paperari ez zaiolako behar bezalako baliorik ematen”, dio Andueza dendako arduradunak. Azkoitiko dendariek behin eta berriz aldarrikatu dute komertzio txikirik eta tabernarik gabe herria “ezer ez” dela. “Egoera honek argi utzi du nolakoak diren gure kaleak hutsik daudenean, eta benetan da penagarria. Kanpaina oso indartsua izan da eta gogoeta sakona egiteko balio izan digu. Uste dut herriko denda txikienganako joera indartuta aterako dela”, adierazi du. Gainera, esan du asko izan direla egunotan “bere egoeragatik kezkatu direnak”, eta guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie.
Datorren astelehenetik aurrera, ordea, ohiko ordutegian hasiko da lanean, eta dendaren edukiera mugatuko du; halere, ez du zehaztu oraindik zein izango den edukiera kopurua. Bestelako segurtasun neurriak ere hartuko ditu azkoitiarrak. “Gelak eta eskularruak jarri ditugu dendaren sarreran, bezeroak arropa edota bestelako produktuak eskuetan har ditzan ezer kutsatu gabe”, adierazi du Murillok. Arropen gaineko kontrola probalekuetan galtzen dutela dio arropa dendako arduradunak. Hori ekiditeko, bertara sartzen den arropa guztia sailkatuko dute, ondoren plantxa bertikaletik pasatu ahal izateko. “Baieztatuta omen dago lurrunaren beroak birusa akabatzen duela”, dio Murillok.
"Dendariok asmatuko dugu herritarrekin modu berriak sortzen eta lantzen"
Prest tindategiaren egitekoa oinarrizko zerbitzu gisa katalogatu zuten pandemia honetan, eta martxoaren 16rako lanean zen berriro Ana Bastida tindategiko kidea. "Segurtasun neurriak kontuan izanda, bezeroei banakako arreta ematen diegu; lurrean marrak markatu ditugu, eta horiek distantziak mantetzen laguntzen dute", hasi da azalpenak ematen. Bakoitzaren desinfektatze potoaz gain, langileek babesteko bata zuriak, eskularruak, maskarak eta abar erabiltzen dituzte. Bezeroek, berriz, eskuak garbitu behar izaten dituzte tindategira sartu aurretik horretarako sarreran egokitutako gel hidroalkoholikoarekin. Tindategiko produktuak, berriz, langileek bakarrik har ditzakete.
Gainera, salmahaiko edo mostradoreko arreta mugatu dute tindategian. "Egoeraren arabera joango gara egokitzen eta beste bide batzuk sendotzen. Telegono zerbitzua martxan egongo da 10:00etatik 21:00etara alarma egoerak jarraitzen duen bitartean, eta etxerako zerbitzua doan egingo dugu", eman du azalpena.
Prest tindategiko kideak uste du neurriak zehazterakoan hasieratik nahikoa argiak izan direla. "Garbi azaldu dituzte distantzien, higienearen eta protokoloen zorroztasunak. Zailena izan da horiek betetzeko moldaketetara egokitzea. Merkatari elkarte barruan egoteak asko lagundu digu, informazioa ulertzeko eta premia handiko diren babes neurriak lortzeko", dio Ana Bastidak.
Hitzordua edo txanda hartu ondoren joan beharko dute bezeroek orain herriko hainbat dendetara, baina Prest tindategian antzeko egoeran lan egiten zuten alarman egoera ezarri aurretik ere. "Guk betidanik izan dugu harreman zuzena eta banakakoa gure bezeroekin: emate-agirien bitartez sarrera eta banatze eguna zehaztua izaten genuen; edozein argibide eskaintzeko, berriz, telefono zerbitzu zuzena genuen. Orain, jasotzeko eta banatzeko sistema indartu dugu bezeroek dendara hurbildu beharrik ez izateko", dio Bastidak. Tindategian, ordea, argi dute egoera berri honek "bide digital guztiak lantzea" eskatuko duela. "Lehen ere tendentzia ziren; egoera honek prozesua azkartzea besterik ez du eragin", esan du. Tiket eta emate-agiriak eskutik eskura ematea ekiditeko, "bide telematikoak indartu" dituztela dio, horiek bezeroei helbide elektronikoen bitartez helarazteko. Denda birtuala ere sendotu dute, hala nola sare sozialak eta puntuEUS domeinua landuta.
Ohiko ordutegian denda irekitzea "ezinezkoa" zaie orangoz tindategiko kideei. "Ez dugu ahaztu behar herritarrek konfinatuta jarraitzen dutela. Honek luze joko duela dirudi, eta ikusi beharko da 'normaltasun berriak' zer esan nahi duen", dio dendariak. Horregatik, datorren hiruhilekora begira jarrita daude dagoeneko. "Birusak duen itxuragatik, datorren urtean ere nahikoa lan izango dugu lehengora bueltatzeko. Behar diren neurri guztiak hartzen jarraituko dugu merkatari elkarteen eta beste erakunde guztien laguntzarekin", gehitu du.
COVID-19ak saltoki txikiei guztia hankaz gora jarri diela dio Bastidak eta egoera berrira egokitzen "asmatu" egin beharko dutela uste du. "Egoera honek lehen genituen arazoak areagotu dizkigu", dio. Produktibitatea ere "lehengoa ez" dela izango sinetsita dago Prest tindategiko kidea. "Dendariok asmatuko dugu herritarrekin modu berriak sortzen eta lantzen, herritarrek jakin dezaten herrikoarekin eta herrian badagoela bizitzea", azaldu du amaitzeko Prest tindategiko arduradunak.