Azkarateko hondakin gunea

Javier Zubizarreta: "Azkarateko proiektuaren helburua gustatzen zait, helburua birziklatzea baita"

Maxixatzen.eus 2020ko api. 29a, 13:17

Javier Zubizarreta alkatea. (Argazkia: Euskadi Irratia)

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak Euskadi Irratiako 'Faktoria' saioan hitz egin du, eta hainbat gai izan du hizpide. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren baimenak, udalaren arauak eta alderdi politikoen jarrerari buruz hitz egin du Zubizarreta alkateak. Udalaz gain, Azkarate Garbi auzotarrek eta Azkarate Garbi plataformako kideek ere hitz egin dute.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak Euskadi Irratiako Faktoria saioan hitz egin du gaur, asteazkena, Azkarateko hondakin guneari buruzko hainbat azalpen emateko. Parte hartze prozesua, hondakin gunea bera, baimena, udal arauak eta beste hainbat kontu izan ditu hizpide alkateak.

Adierazi du Azkarateko hondakin gunearen proiektua "geldituta" dagoela. "Eten osoa iristerako, parte hartze prozesua egin nahi dut, guztiekin elkarrizketa izan, eta prozesu hori egindakoan hartuko da erabakia. Nire hitzen jabe izan behar dudanez, desadostasuna baldin badago proiektua ez da aurrera joango, eta kontziente naiz desadostasun handia dagoela. Nahi dudana jakin da desadostasuna informazio guztia edukita al datorren edo informazioa falta den", azaldu du Azkoitiko alkateak.

Zubizarretak gehitu du zabaldu den mezua zabortegiarena dela, baina hitz egin eta aurkeztu den proiektua "zabortegia ez" dela nabarmendu du. "Argi eta garbi utzi behar da ez dela zabortegia, baizik eta eraikuntza eta eraispen hondakinen birziklapen planta ez arriskutsua. Jendea kezkatuta dago eta normala da. Zoritxarrez oraindik bizitzen ari garen Zaldibarko zabortegiaren garaian iritsi da Azkarateko hondakin gunearen gaia.

Baimenak eta buletina

Aitortu du Euskal Herriaren Agintaritza Aldizkariaren txostenean jasotzen direla isolamendurako hainbat gai, hala nola amiantoa, zinka eta beruna. "Horiei buruzko titulu bat besterik ez da agertzen, eta horren barruan kode batzuk agertzen dira. Gaur esan dezakegu, proiektua aurrera aterako balitz ere, Azkaraten gai horiek ezingo liratekeela erabili", adierazi du alkateak.

Proiektuaren balizko prozesua ere azaldu du irratian. "Eraikin bat eraitsitakoan, hango materialak kamioi batek eramango lituzke Azkarateko gunera, eta han harriak eta adreiluak, esaterako, berriz zirkulazioan jarriko lituzkete. Hor nahastuta etorritako beste gai batzuk, ordea, banatzen joango lirateke, eta birziklatze enpresetara eraman. Ezertarako balio ez apurra, berriz, baimendutako zabortegietara eramango lukete", azaldu du Zubizarreta alkateak.

Era berean, jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako emandako baimenak Azkoitiko Udalak gune horretarako utzitakoak baino "askoz ere zabalagoak" direla. "Azkarateko proiektua pribatua da, eta Eusko Jaurlaritzatik baimen batzuk ekarri ditu. Azkoitiko Udalak oraindik onartu gabe dauden arauetan baldintza batzuk ditu gune horietan zer egin daitekeen zehazteko. Gune horretan eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak onartzen ditu udalaren baldintzak, amiantoa eta bestelako gai arriskutsuak ez. Udalak gune horretarako emandako baimena Eusko Jaurlaritzarena baino askoz ere motzagoa eta laburragoa da, eta ondorioz Eusko Jaurlaritzari gailentzen zaio udalarena. Jaurlaritzarena baimen zabalagoa izan arren, udaletxeak dituen arauetan sartu beharko luke baldintza horiek betetzeko", azaldu du arauen kontua alkateak.

Adierazi du, gainera, bailaran birziklapen guneen "behar handia" dagoela. "Igeltseroek, kontratistek eta abarrek ez dakite zer egin beraien hondakinekin. Gure helburua zen gune hauek horrelako aktibitate batekin jartzea, kontrolik gabeko zabortegiak ekiditeko. Jende bat soluzioak eskatzen ari da. Proiektuaren helburua gustatzen zait, helburua birziklatzea delako", nabarmendu du Euskadi Irratian Javier Zubizarreta alkateak.

Alderdi politikoen jarrera

Halaber, kexu agertu da alderdi politikoen jokaerarekin. "Horrelako mugimendua" hasten denean, batzuk "etekinen bat atera nahi" izaten dutela esan du. "Politikoki ari naiz hitz egiten. Politika esaten diot beste hitz batzuekin ez esateagatik, niretzat hori ez baita politika. Jendeari kalte egiten dion eta herritarrak banatzen dituen politikak ez du etorkizunik, eta horrekin ez goaz inora. Toki batzuetan Azkarateko gunearen aurka daudela esaten dutenak minuturako ari dira esaten ez daudela horren kontra, baizik eta kudeaketa publikoak edo pribatuak izan beharko luken eztabaidatzen ari direla. Eta arazoa ez da Azkoitikoa bakarrik, Euskal Herrikoa da", azaldu du.

Horren harira, alkateak ez du nahi zaborren gaiak herritarren artean "eztabaida sortzea" eta "herritarrak sakabanatzea". "Azkoitia horrelako esperientzia bat izanda dago atez ateko zabor bilketaren gaiarekin, eta badakit zenbat denbora iraun zuen konpontzen; gainera, ez dakit konponduta gelditu zen. Horregatik, prozesu parte hartzailean ahalik eta informazio gehien eman nahi dut, jendeak jakin dezan zeini esaten dion baietz edo ezetz. Jakitun izan arren informazio hori emanda ere herritarrek bere iritzia izango dutela, nik nire bidea ondo eta argi egin nahi dut", adierazi du Zubizarretak.

Arau subsidiarioak aldaketa prozesuan zeuden, baina momentuz udalak horien prozedura etenda du elkarrizketarako edo parte hartze prozesurako bidea egiteko. "Ahobatekotasunik gabe Azkarateko proiektua ez" dela egingo esan zuen Zubizarretak eta hori berretsi du gaur ere Euskadi Irratian. "Ahobatekotasunik gabe, ez bakarrik talde politikoena, baizik eta Azkarate Garbi plataformakoena edota parte hartze prozesura gonbidatuko diren guztiena, proiektua ez da aurrera aterako", berretsi du alkateak.

"Ezkutuan ezer ez"

"Ezkutuan ezer ez" dela egin nabarmendu du Javier Zubizarreta alkateak. "Arauak buletinean atera ziren eta alegaziorik ez zen egon. Gaia irten zenean [apirilak 7], Azkoitiko Udalak ezer egiterik ba al zuen galdetu nuen. Ezetz esan zidaten. Araututako ekintza bat zela adierazi zidaten, eta baimen guztiak bazeuden, sinatzea besterik ez zitzaidala gelditzen; bestela prebarikatu egingo nukeen", azaldu du. Apirilaren 13an, ordea, udaleko aholkulariak "zerbait egitea" posible zela azaldu ziotela esan du Zubizarretak, arauen zati bat artean "onartu gabe" zuelako udalak, eta horrek aldaketak egiteko baimena ematen ziola. "Hilaren 17an, talde politiko guztiei esan nien zerbait egitea bazegoela. Bitarte horretan, ordea, EH Bilduk nik jo nuen aholkulari berdinarengana jo zuen, eta arauak aldatu ahal zirela esan zioten. Horrela zabaldu zen alkateak gezurra esan zuela. Alkateak orduan zuen informazioarekin hitz egin zuen", adierazi du.

"Lasaitasun mezua" helarazi nahi izan dio beste behin Zubizarretak Azkoitiko herriari. "Alkatea herriari entzuteko dago eta entzuten ari gara, baina ahalegindu behar gara erabaki bati erantzuna ematerakoan ahalik eta informazioa zabaltzen", gehitu du Euskadi Irratiko elkarrizketa amaitzeko.

Auzotarrak eta plataforma

Azkarate Garbi auzotarrek eta Azkarate Garbi plataformako kideek orain arte esandakoa berretsi dute Euskadi Irratian. Patxi Gorosabel Azkarate Garbi auzotarren taldeko kideak esan du kezka dutela Azkarateko gunean biltergiratuko dituzten materialekin. "Garbi dago ez dela udaletxetik esan den bezala puntu garbi bat izango", azaldu du Gorosabelek.

Auzotarrak azaldu du buletinean hondakin gunea "potentzialki kutsakorra" dela azaltzen dela. "Hor sortzen diren lixibiatuak erreka batera botatzeko asmoa dute eta gainera baimena lortuta dute, Aldazabal errekara. Kasu horretan hortik hornitzen diren baserritarren abereengan edota baratzetan inpaktu zuzena du. Aire kutsadura sortuko dela ere aipatzen da eta badakigu osasuna zuzenean eragingo diola", azaldu du Gorosabelek.

Azkarate Garbi plataformak proposamenari zuhurtziaz erantzun dio. Rosario Lasak azaldu du elkarrizketa dela bidea eta horregaitik erabaki dutela lapiko-jotzea ostegunetara mugatzea. "Herriaren erreakzioa ikustean, herritarrek material arriskutsuak jasotzeko baimena dagoela ezagutzen dutenean eta udalaren gain dagoela lurren kalifikazio aldaketa egitea, orduan dator alkatearen jarrera aldaketa", adierazi du.

Gainera, azaldu du ez direla "fio". "Egin ez da ezer egin oraindik. Beste tokietako esperientziak erakusten digu askotan hitz lasaigarriak erabiltzen direla herria desmobilizatzeko, zabortegiaz ahazteko eta gero ixilik-ixilea beraienarekin aterako, beti egin ohi duten bezala", adierazi du.

Entzun Faktoria saioak egindako elkarrizketak, hemen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide