Azkarateko hondakin gunea

GuraSOSek kezka azaldu du Azkoitian egitekoak diren hondakinen kudeaketa eremuaz

Maxixatzen.eus 2020ko api. 8a, 13:20

Elkarte horrek azaldu duenez, ez dago bermatuta gune horretara hondakin eta substantzia arriskutsuak sartuko eta tratatuko ez direnik, eta kezka azaldu du gune horrek ingurumenean sor ditzakeen eraginez.

Azkoitian eraikitzekoak diren hondakinak kudeatzeko plantaren bueltan, hainbat kezka agertu du GuraSOS elkarteak. Elkarte horrek azaldu duenez, ez dago bermatuta gune horretara hondakin eta substantzia arriskutsuak sartuko eta tratatuko ez direnik, eta kezka azaldu du gune horrek ingurumenean sor ditzakeen eraginez.

Eraikuntza obretan jatorria duten hondakin ez arriskutsuak jasoko dituzte batik bat Azkoitian eraikiko duten hondakinentzako gunean, baina material horien arrisku eza zalantzan jarri du GuraSOSek. Izan ere, elkartearen arabera, enpresak Jaurlaritzaren Ingurumen Sailera bidalitako txostenak ez du bermatzen plantan jasoko diren hondakinak ez direnik arriskutsuak izango. GuraSOSen arabera, txostenean adierazten dena honako hau da: "Enpresak bezeroari hondakin bakoitzaren analisi txiki bat eskatuko dio, baina analisi horren berri telefono bidez emateko aukera edukiko du bezeroak. Ondoren, analisi hori begiz egiaztatuko da".

Eraikuntza hondakinak jasotzeaz gain, hainbat hiri hondakin ere bilduko dituzte Azkaraten eraikiko duten eremuan: arropa eta plastikoa, besteak beste. GuraSOSek azpimarratu duenez, hondakin horiek ere izan ditzakete substantzia arriskutsuak. Gainera, eremu horretan kudeatutako eta bereiztutako hainbat hondakin beste planta batzuetara eraman beharko dutela esan GuraSOSek, eta uste du horien artean izango dela Zubietako erraustegia. Horri lotuta, nabarmendu dute Azkarateko gunean Zubietako erraustegian adina hondakin kudeatuko dutela "gutxigorabehera".

GuraSOSek argitu duenez, guneak aireko partikuletan eta gainazaleko uretan eragingo dute. Elkartearen arabera, aireko partikulak eraikuntza materialaren birrintzeak eragingo ditu, baita kamioien joan-etorriak ere. Dena den, GuraSOSek salatu du Azkoitiko plantan ez dutela aurreikusi airera zabalduko diren partikulen neurgailurik: "Txostenean ez dituzte kontuan hartu eragin horiek, eta gainera, inguruan biztanlerik ez denez, herritarrei ez diela eragingo esan dute. Baina partikulek distantzia handia egiten dute airean". Bestalde, Ingurumen Sailak eraginen gaineko lehen txostena hobetzeko eskatu dio Larke 360 enpresari, GuraSOSek jakinarazi duenez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide