Euskal unibertsitateek Internet bidez amaituko dute ikasturtea

Maxixatzen.eus 2020ko api. 8a, 12:44

EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatea. (EHU)

Hego Euskal Herriko unibertsitate guztietan hartu dute ikasturtea Internet bidez amaitzeko erabakia. Atzo, asteartea, adierazpen bateratu bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, unibertsitateek eta Unibasq euskal unibertsitate sistemaren kalitate agentziak.

Alarma egoera dela eta, Internet bidezko prestakuntza bultzatzea erabaki dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak, eta 2019-2020 ikasturtea online amaituko dute unibertsitate horietako ikasleek.

Atzo, asteartea, bildu zen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua unibertsitateetako errektoreekin zein Unibasq euskal unibertsitate sistemaren kalitate agentziarekin bideokonferentzia bidez, eta orduan hartu zuten erabakia. Adierazpen bateratua sinatu dute Hezkuntza Sailak eta unibertsitateek, eta horiek jaso dute "urrutiko prestakuntza" ezarriko dutela, baina "unean uneko jarduera presentziala" baztertu gabe. Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Nafarroako Unibertsitatean ere ikasleek online jasoko dituzte klaseak.

Adierazpenaren sinatzaileek testuan adierazi dutenez, unibertsitate komunitatearen "osasuna eta segurtasuna" lehenetsi dituzte erabaki hori hartzeko orduan, eta urrutiko prestakuntzaren bidez "ikaskuntzaren emaitzak lortzea" zein "titulazioetan formulatutako gaitasunak" eskuratzea izango da zentroen lehentasuna. Horrez gain, testuan, besteak beste, jarduera akademiko presentzial batzuk planteatzeko aukera aipatzen dute sinatzaileek, beti ere unibertsitate komunitatearen osasuna eta segurtasuna zainduta.

Bestalde, 2019-2020 ikasturteko egutegia bere horretan mantenduko dela ere nabarmendu dute testuan, nahiz eta praktikak egitea zein gradu eta master amaierako lanak eta doktorego tesiak aurkeztea bertan behera utziko duten. Honako lotura honetan irakur daiteke adierazpena osorik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide