Azkarateko hondakin gunea

Azkaraten baimendu dutena "hondakin ez arriskutsuen kudeaketa planta" izango dela azaldu dute EAJk, PSE-EEk eta Azkoitia Baik

Maxixatzen.eus 2020ko api. 7a, 18:18

Azkaraten egokituko duten hondakinen gunea.

Gune horretan egingo dutena ez dela zabortegia azaldu dute udalean ordezkaritza duten alderdi horiek. Bederatzi puntuko ohar bateratua kaleratu dute horiek, eta herritarrei "lasaitasun" mezua helarazi diote. Haiek azaldu dutenez, Larke 360 enpresak eskaera eginez gero, aktibitate ekonomikoaren lizentzia izapidetzea soilik dagokio udalari. EH Bilduk ez du sinatu testua, balorazioa egiteko "azkarregi" iruditzen zaiolako.

Larke 360 enpresak Azkoitian askotariko hondakin ez arriskutsuen gunea eraikitzeko Eusko Jaurlaritzaren baimena dela eta, erreakzio ugari sortu da herrian, batez ere, udalean ordezkatuta dauden alderdien eta herritarren artean.

Goizean bozeramaileen batzordea deitzeko eskatu diote EH Bilduk eta Azkoitia Baik EAJren Udal Gobernuari, eta arratsaldean testu bateratua kaleratu dute EAJk, PSE-EEk eta Azkoitia Baik. Horiek hainbat argibide eman dute, eta "lasaitasun" mezua helarazi nahi izan diote herritarrei.

Bederatzi puntuko idatzia kaleratu dute udalean ordezkaritza duten hiru alderdi horiek, eta garbi utzi nahi izan dute hondakinentzako egokituko duten gunea ez dela zabortegi bat izango. "Hondakin ez arriskutsuen kudeaketa planta izango da; nagusiki eraikuntza eta eraispenetatik eratorritako hondakinetzako planta". Gainera, udalak egoeraren aurrean duen papera ere argi utzi nahi izan dute: "Enpresak eskaera eginez gero, aktibitate ekonomikoaren lizentzia izapidetzea soilik dagokio udalari".

Horiek zehaztu dutenez, obretako materiala "zabortegira bota beharrean", hondakin horiek sailkatzea, eraldatzea eta berrerabiltzea dira "balorizazio planta" deitu duten gunearen helburuak. Gainera, hiru alderdiek adostutako testuan irakur daitekeneez, Europako nahiz Eusko Jaurlaritzak onartutao legediak "sustatu" egiten dituzte halako jarduerak.

Bestalde, Jaurlaritzaren ebazpenean agertzen diren hondakin arriskutsuen aipamenari ere erraparatu diote: "Jarduerak berak sortuko lituzkeenen hondakinengatik da (tonerra, pilak...)". Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gisa horretako 40 gune daudela azaldu dute testua sinatu duten alderdiek. 

EH Bilduk ez du sinatu

EH Bilduk ez du bat egin testuarekin, gaiarekin "kezkatuta" daudelako. Halaber, gainerako alderdiek egin duten balorazioa egiteko "azkarregi" dela iritzio dio. "Harrituta" agertu da koalizioa, Udal Gobernuak "hilabeteetatik zekien informazioa ez duelako partekatu" gobernukideekin eta oposizioko alderdiekin. "Gaia kezkagarria eta korapilatsua izanda, ahalik eta dokumentazio eta txosten gehien biltzen ari gara eta horien aztertze lanetan gabiltza, adituekin harreman zuzenean", azaldu du EH Bilduk ohar bidez. Gaia "gertutik" jarraituko dutela adierazi dute, eta datozen egunetan "balorazio osatuagoa egiteko aukera" izango dutela aurreratu. "Ingurumenaz eta jendearen osasunaz ari gara hizketan, eta sakon aztertu beharreko gaia da", azpimarratu dute koaliziotik.

Honako hauek dira EAJk, PSE-EEk eta Azkoitia Baik adostu duten testuaren bederatzi puntuak:

  1. "Ez da zabortegi bat. Martxan jarriko balitz, hondakin ez arriskutsuen kudeaketa planta izango litzateke, nagusiki eraikuntza eta eraispenetatik eratorritako hondakinentzat.

  2. Balorizazio plantaren helburua da obretako materiala sailkatzea, eraldatzea eta berrerabili ahal izatea, zabortegira bota beharrean.

  3. Legediak, bai Europakoak, bai berriki Eusko Jaurlaritzak onartutakoak, horrelako jarduerak sustatu egiten ditu.

  4. Plantak kudeatuko dituen materialen artean daude, besteak beste, zementua, karea, igeltsua, adreilua, hormigoia, metalak, egurra, beira edo plastikoa.

  5. Jaurlaritzaren ebazpenean hondakin arriskutsuei egiten zaien aipamena jarduerak berak sortuko lituzkeenengatik da (tonerra, pilak...).

  6. Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako 40 planta daude.

  7. Europako Zuzendaritzak estatuei agintzen die hartu beharreko neurriak zeintzuk diren, 2020an gutxienez obretan sortutako hondakinen %70eko balorizaziora heldu ahal izateko.

  8. Udalari aktibitate ekonomikoaren lizentzia izapidetzea dagokio, horra iritsiz gero.

  9. Idatzi hau sinatzen duten alderdiek lasaitasun mezua helarazi dute".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide