Azkarateko hondakin gunea

Askotariko hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko gune bat eraikiko dute Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko api. 7a, 11:13

Gunearen eraikuntza lanek ez dute oraindik datarik; urtean 200.000 tona hondakin inguru jasotzea aurreikusi dute. Jaurlaritzak dagoeneko eman dio lanak egiteko baimena Larke 360 enpresari. Azkaraten kokatutako gunean askotariko hondakinak bilduko, sailkatuko eta tratatuko dituzte.

Zabaltzeko data zehatzik ez bada ere, askotariko hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko gune bat eraikiko dute Azkoitian. Hain zuzen ere, era askotako hondakinak bilduko, sailkatuko eta tratatuko dituzte Azkarate gainaren ondoan egokituko duten eremuan. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak baimendu du gunea egokitzea dagoneko; izan ere, atzoko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zuen baimen hori.

Larke 360 SL enpresak kudeatuko du Azkoititik Elgoibarrera bidean, Azkarate mendatearen gainaldean, dagoen tunelaren ondoan eraikiko duten eremua. Lursailak, guztira, 36.898 metro karratuko azalera izango du, eta urtean, gehienez, 183.390 tona hondakin kudeatuko dituzte bertan.

Aldizkarian gune horren inguruko hainbat xehetasun jaso dituzte, hala nola zer motatako hondakinak bilduko dituzten han. Besteak beste, eraikuntza materialak, produktu zeramikoak —adreiluak, teilak eta eraikuntza materiala fabrikatzean sortutako hondakinak—, plastikoak, kautxu sintetikoak eta zuntz artifizialak ekoiztean sortutako hondakinak, metalak eta horien aleazioak nahiz amiantoa duten isolamendu eta eraikuntza materialak.

Azkaraten kokatutako lur sail hori betelanetarako erabiltzen dute gaur egun. Dena den, Larke 360 enpresak dagoeneko jaso du gunea hondakin ez arrikutsuentzat egokitzeko lanak egiteko baimena, eta orain udalari dagokio lan horien izapideak egitea. Eraikuntza lanak, bi fasetan egingo dituzte. Lehen fasean, lursailaren mendebaldeko zatia egokituko dute: sarbideko errepidea, bulegoak, baskula eta komun kimikoa (3.685 m2). Bigarrenean, berriz, mendebaldeko zatia egokituko dute (21.517 m2).

Azkoitiko Udalak Maxixatzen.eus-i azaldu dionez, Jaurlaritzak baimena emanda, udalaren egitekoa da gune horren izapideak egitea “beste aktibitate ekonomiko bat bezala”.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide