Haserre Eguna antolatu dute biharko ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta HIRU sindikatuek

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 26a, 09:04

Langileak mobilizatzera deitu ditu Euskal Herriko gehiengo sindikalak "osasuna, lan baldintzak eta enplegua defendatzeko". Hiru eskaera nagusi dituzte sindikatuek: funtsezko zerbitzuetan "beharrezkoak eta eraginkorrak diren prebentzio neurriak aplikatzea"; geldiaraztea funtsezkoa ez den lan jarduera oro; eta bermatzea enplegua eta lan baldintzak.

Koronabirusa gelditzeko hartutako neurrien ondorioz, enpresa batzuk aldi baterako enplegua erregulatzeko txostenak ari dira aurkezten Eusko Jaurlaritzan. Beste enpresa batzuek lanean jarraitzen dute, langileek etxean gelditu nahi duten arren. Osasun arloko eta beste arlo batzuetako behargin asko, gainera, babes neurri egokirik gabe ari da lanean. Horren guztiaren aurrean, gehiengo sindikala batu egin da, eta ostiral honetarako Haserre Eguna antolatu du. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitu dute protestara, "osasuna, lan baldintzak eta enplegua defendatzeko". Langileak deitu dituzte mobilizatzera lantegietan.

Hiru eskaera nagusi dituzte sindikatuek: funtsezko zerbitzuetan beharrezkoak eta eraginkorrak diren prebentzio neurriak aplikatzea; geldiaraztea funtsezkoa ez den lan jarduera oro; eta bermatzea enplegua eta lan baldintzak. Eskaera horiek erakunde zehatzei egin dizkiete: Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eta Confebask eta CEN patronalei.

Haserre eta minduta

Sindikatuek ohar bidez azaldu dute haserre eta minduta daudela "langileen osasuna arriskuan jartzen ari direlako eta langile klasea babesgabetasun egoeran dagoelako".

Salatu dute funtsezko zerbitzuetako langileak behartuta daudela egunero beren lanpostuetara joatera, beren osasuna bermatzen duten prebentzio neurri egokirik gabe, eta azpimarratu dute etengabe arriskuan daudela beren lanpostuetan. Egoera horretan dauden arloak zerrendatu dituzte sindikatuek: osasun sektoreak, adinekoen egoitzak, Etxez Etxeko Laguntza, garbiketa, garraio publikoa, anbulantziak, eta supermerkatuak.

Funtsezkoak ez diren zerbitzuetako langileen egoera ere salatu du gehiengo sindikalak: "Funtsezko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileak ere behartuta daude beren lanpostura joatera, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak lehenesten dituztelako beren osasunaren aurrean. Haien osasuna ere ez dago bermatuta".

Bizitzen ari garen egoera aprobetxatuz kaleratzeak egitea ere leporatzen diete patronalei: "Aldi baterako kontratuak eta kontratu prekarioak dituzten langileak kaleratu dira eta inolako negoziaziorik gabeko milaka txosten aurkeztu dira aldi baterako enplegua erregulatzeko. Egungo krisia erabiltzen ari dira milaka pertsonaren lan baldintzak are gehiago prekarizatzeko. Aurreko krisia langileei ordainarazi ziguten. Patronalek eta gobernuek ere orain nahi dute osasun krisia ordaintzea".

Oraingoz ez dute jakinarazi bihar nolako mobilizazioak egingo dituzte sindikatu horiek ordezkariak dituzten eskualdeko enpresetan. Bestalde, Azpeitiko Ernaik jakinarazi du bat egiten duela deialdiarekin, eta parte hartuko duela mobilizazioetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide