Alarma egoera ezarri zutenetik, izugarrizko aldaketak ari da izaten Euskal Herriko jarduera ekonomikoa. Batetik, joan zen asteaz geroztik itxita daude tabernak nahiz jatetxeak eta saltoki gehienak –premiazkoak diren produktuak saltzen dituztenak salbu–, horrek dituen ondorio ekonomiko guztiekin. Bestetik, hala egitea posible duten langileak telelana egiten ari dira.
Asteburua konfinamenduan igarota, baina, milaka eta milaka behargin joan da gaur, astelehenarekin, lantokietara. Italiako eta Txinako gobernuek hartutako neurriei jarraituz, euskal sindikatuek eskatu dute ezinbestekoak ez diren lanpostuetako jarduerak eteteko. Baina Espainiako Gobernuak ez du halako neurririk hartu, ezta Eusko Jaurlaritzak ere. Are gehiago, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ekonomia produktiboa ez eteteko eskatu du, koronabirusaren eraginez kolpea hartuko duelako ekonomiak. "Ezin dugu onartu adituek koma ekonomikoa deitzen dioten egoera; izan ere, asko kostatzen da jaitsitako pertsiana bat berriz igotzea", azaldu du lehendakariak.
Egoera dena izanik, ehunka dira lana aldi baterako erregulatzeko txostenak Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailean aurkeztu dituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresak. Joan zen ostiraleko datuak –3.382 enpresa– bikoiztu egin dira gaur, astelehena: hain zuzen ere, 7.250 enpresak erabaki dute neurri hori hartzea, koronabirusaren krisia dela eta. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, 51.213 langile baino gehiagori eragingo die aldi baterako lana erregulatzeko txostenak. Nafarroan, berriz, milatik gora dosier aurkeztu dituzte lantegiek –1.020 ostirala bitartean–, eta horiek onartzen badituzte, bost mila lanpostutan izango dute eragina. Enpresek txostena aurkezten dutenetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bost eguneko epea dute eskaera onartzeko edo baztertzeko.
Dosierrak han eta hemen
Gipuzkoan 2.203 enpresak aurkeztu dute dosierra, eta horiek 14.490 behargini eragiten diete. Eskualdeko lantegiak eta langileak ez dira salbuespena. Batzuek aurkeztu dute dagoeneko lana aldi baterako erregulatzeko txostena, eta beste batzuk neurri hori aplikatzea aztertzen ari dira. Beste lantegi batzuk, berriz, itxita daude erabakiak hartu bitartean. Hala azaldu diote egunkari honi ELAko eta LABeko ordezkariek.
Lehengo astean lana aldi baterako erregulatzeko txostena aurkeztu zuen enpresetako bat da Azkoitiko Intza Group. Oraindik ez du jaso Jaurlaritzaren erantzunik, baina lan jardunean dagoeneko aplikatu dituzte neurriak. Astean bi egunetan ari dira lanean beharginak: batzuek, astelehenetan eta astearteetan; eta besteek, asteazkenetan eta ostegunetan. Aldiz, ostiraletan itxita izango da lantegia.
Azkoitiko Sammic enpresako langileei murriztu diete lanaldia dagoeneko. Sindikatuetako ordezkarien arabera, salerosketak %95 jaitsi zirela eta lana erregulatzeko txostena aurkezteko asmoa zuela jakinarazi zien enpresak joan zen ostiralean. Dena den, oraingoz, Eusko Jaurlaritzaren erantzunaren zain daude; izan ere, erakunde horrek onartu behar du Sammic enpresak lana aldi baterako erregulatzeko txostena ezinbesteko kasu moduan ezarri dezakeen ala ez, eta ostiralerako espero dute erantzuna. Sindikatuetako ordezkarien aburuz, litekeena da Jaurlaritzak eskaera ez onartzea, Sammic-eko langileek, ordu gutxiagoz bada ere, lanean jarraitzen dutelako. Aste honetan lanaldiaren %50 egingo dute beharginek, eta datorren astean, txostena onartzen badute, %25 egiteko aurreikuspena dute enpresako arduradunek.
Gureak taldeak, berriz, lan jardun gehietsuena etetea erabaki du. Hain zuzen ere, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek nahiz zuzendaritzak enplegua aldi baterako erregulatzeko akordioa erdietsi dute. 2.500 bat behargin ditu Gureakek gaur egun, gehienak elbarritasun fisikoak eta psikikoak dituztenak, eta horiek "babesteko" hartu dute neurria. Industrian eta zerbitzuetan aritzen da Gureak, eta Urola Kostan hiru lantegi ditu: Azkoitian eta Zarautzen tailer bana eta gasolindegia Azpeitian. Dena den, gasolindegiak martxan segituko du gaur-gaurkoz, alarma egoeran beharrezkotzan jo duten zerbitzuetako bat delako. Lan ordezkaritzak lana erregulatzeko txostena onartzen badu, langileek langabezia saria jasoko dute etenaldiak dirauen bitartean, eta Gureakek osatuko du langileen ohiko soldatara iristeko falta den zenbatekoa.
Zumaiako GKN enpresa, berriz, itxita izan da joan zen asteazkenetik atzora arte; izan ere, behargin batek positibo eman zuen koronabirusaren proban eta enpresak ateak ixtea erabaki zuen. Hala eta guztiz, Zumaiako enpresak gaur zabalduko ditu ateak berriro, sindikatuekin hala adostuta. Gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte lantegian, eta langileen %10k egingo du lan –produkzioko 20 lagunek eta bulegoko beste 20k–, urgentziazko enkarguak ateratzeko helburuarekin. Horrez gain, lana aldi baterako erregulatzeko txostena martxan jartzea proposatu die enpresak sindikatuei, eta datozen egunetan aztertuko dute dosierra ezarri edo ez. Sindakuetako ordezkariak eta zuzendaritza gaur biltzekoak dira txostenaren xehetasunak negoziatzeko.
Getariako Indaux enpresan ere dosierra aurkeztekotan dira. Hain zuzen ere, bulegoetako langileei aplikatzea aztertzen ari dira, baina gaur-gaurkoz ez dute eskaerarik egin.
Dosierraz, hainbat jakingarri
Zer da, baina, lana aldi baterako erregulatzeko txostena? Koronabirusaren alarma egoeran indarra hartu duen kontzeptua da, asko baitira neurri hori hartzen ari diren enpresak eta horren eragina pairatzen ari diren langileak. Lan kontratuak bertan behera uztea edo lan ordu kopurua murriztea dakar berarekin dosierrak, eta hori aplikatzeak enpresako langile guztiei edo batzuei soilik eragin diezaieke.
Lana aldi baterako erregulatzeko txostena hiru zergatigatik jar daiteke indarrean: ekonomia, produkzio eta ezinbestekotasun zioengatik. Dena den, koronabirusaren ondorioz eskatutako lana aldi baterako erregulatzeko txostenak ezinbestekotasun arrazoitzat hartuko dituzte, Espainiako Ministroen Kontseiluak martxoaren 17an hartutako erabakia tarteko.
Lan kontratua aldi baterako aplikatzen zaien beharginek ez dute soldatarik jasoko epe tarte horretan, eta ondorioz, txostena indarrean den denboran langabezia prestazioa jasoko dute. Hala eta guztiz, bi salbuespen izango ditu koronabirusaren eraginez aplikatutako dosierrak direnean: batetik, ez dute langabeziaren iraupena gastatuko; eta bestetik, urtebete baino gutxiago kotizatu duten langileek ere jaso ahal izango dute diru saria. Kasu horietan estatuak ordainduko du horien kotizazioa, lan egindako azken sei hilabeteetako batez besteko oinarria kontuan hartuta. Enpresak ez du Gizarte Segurantza ordaindu beharko 50 langile baino gutxiago baldin baditu, eta kopuru horretatik gorako lantegiek kotizazioen %25 ordaindu beharko dute.
Lana aldi baterako erregulatzeko txostena aplikatu dieten langileek beren soldataren %70a jasoko dute lehen sei hilabeteetan, eta %50 zazpigarren hilabeteaz geroztik. Jasoko duen diru kopuruaren oinarri erregulatzailea langilearen azken 180 egunetako kotizazio oinarriaren batezbestekoa izango da. Enpresak erabaki beharko du langileei emango al dien soldata ehuneko ehunera iristeko falta den zenbateko osagarria.
Egoera pasatzean eta lana aldi baterako erregulatzeko txostena bertan behera uztean, enpresak ezingo ditu dosierraren pean izan dituen langileak kaleratu; ez behintzat hurrengo sei hilabeteetan.