Zer moduz daramazue konfinamendua?
Nahiko gogorra egiten ari zaigu. Egoitzan senideak ditugun familietako kideok elkarrekin harremanetan gaude, egoitzan topo egiten genuenok telefonoz hitz egiten dugu batak bestearen berri jakiteko, eta Wathsapp talde bat ere sortu dugu, baina, hala ere, gogorra egiten ari zaigu.
Zuk nor daukazu egoitzan?
Izeba daukat egoitzan, 89 urtekoa.
Konfinamendua ezarri aurretik, zenbatean behin joaten zinen izebarengana?
Goizero joateko ohitura neukan, eta nik bezala beste batzuk ere bai. Taldean egoten ginen, kontu kontari, eta oso ondo pasatzen genuen. Beste batzuk bazeuden arratsaldetan joaten zirenak, seguru asko goizetan joaten ginenok baino gehiago izango ziren, gainera.
Bisitak mugatu aurretik, zeintzuk ziren egoitzara bisitan joateko ordutegiak?
Goizez, 11:00etatik 13:00etara; eta arratsaldez, 17:00etatik afalordura arte. Norbaiti ordutegi horiek ondo etortzen ez bazitzaizkion, ematen zuten baimena beste momentu batzuetan joateko ere.
Noiz hasi ziren bisitan mugatzen?
Joan den astearen erdi aldera, Gipuzkoako Foru Adunditik agindua iritsi zitzaienean. Egunero joaten ginenoi ahoz jakinarazi ziguten, eta besteei pentsatzen dut telefonoz esango zietela, egoiliar bakoitzak egunean gehienez pertsona baten bisita jaso ahal izango zuela, ahal izatera beti pertsona berarena, eta bisita hori gehienez ordubetekoa izango zela.
Egoitzara sartu aurretik zer neurri hartuarazten zizkizueten?
Eskuak garbituarazten zizkiguten, eta azken egunean baita tenperatuta hartu ere.
Noiztik zaudete egoitzara joan ezinda?
Joan den ostiralean izan ginen azken aldiz. Orduan jakinarazi ziguten bisitak erabat mugatzeko agindua jaso zutela eta handik aurrera ezingo genuela egoitzara sartu.
Egunotan izan duzu izebaren berririk?
Telefonoz dei dezakegu egoitzara. Bisitara joan ezin izan dugun egunotan, bi egunez behin hots egin dut, lata handiegirik ez ematearren, eta badakit nirekin batera goizetan joaten direnek ere egunero hots egiten dutela. Herenegun, ordea, esan zidaten egunero ez deitzeko abisua ematen hasiko zirela familiei; egoiliar bati zerbait pasatuko balitzaio eurek hots egingo lioketela haren familiakoei, eta inolako berririk ez balego, astean behin hots egingo dutela bakoitzaren etxera.
Zuk deitu izan duzunetan izebarekin hitz egiteko aukerarik izan duzu?
Ez, ez dut izebarekin hitz egin, bere egoeragatik, baina esan didate arratsaldez deituz gero, nahi izatera, izebarekin jarriko ninduketela, eta niri bezala baita hitz egiteko gai diren beste egoiliarren senideei ere.
Hori ere astean behin?
Horixe galdetu nien neuk ere, eta ez, hori nahi dugun guztietan. Egunero deitzea agian gehitxo izango da, baina gai diren egoiliarrekin ia egunero hitz egiteko aukera daukagu. Neurri batean ulertzekoa ere bada hori. Azkenean, egoiliarra bera ez bada hitz egiteko gai, erizaina da familiakoekin hitz egiten duena, eta pentsatzen dut bestela ere nahikoa lan izango dutela. Eguneko zentroa itxita dutenez, badakit hango langileak ere egoitzan ari direla egunotan, baina hala ere pertsonalez estu dabiltza.
Nola eragingo die konfinamenduak egoitzan bizi direnei?
Aurreko astean, bisitak ordubetera murriztearekin bakarrik, tristura antzematen zen egoitzan. Gainera, nire izebari badaezpada gelan isolatuta egotea egokitu zitzaion, katarroarekin zegoelako, eta bere onetik irtenda zegoen. Orain, hala ere, katarrorik ez dauka eta besteekin batera egongelan egon daiteke, baina han ere eguna oso luze egiten zaie. Batzuk entretenitzen dira telebistari begira, baina beste batzuk ezta hori ere. Koronabirusak ez dakit, baina ez ote ditu tristurak eramango behintzat.
Egoitzan bertan izango dituzte denbora errazago pasatzeko jarduerak, ezta?
Lehen bai, baina horietako asko ere kendu egin dizkiete koronabirusagatik. Ostiral arratsaldetan musika emanandia izaten zuten eta boluntarioak joaten zitzaizkien, asteazken goizetan meza izaten zuten, beste arratsalde batean emakume batzuk karta jokoan ibiltzera joaten zitzaizkien, ileapaindegi zerbitzua ere bazuten… Baina, orain, egoitzara inor sartu ezin denez, jarduera horiek guztiak egiteari utzi egin diote. Egoiliar batzuk ez dira egoeraz asko jabetuko, baina beste batzuk oso ondo daude buruz eta haiek ez dute baliabiderik denbora entrenituta pasatzeko: egoitzan ez dute wifirik Interneten ibili ahal izateko eta egongelan telebista normal bat besterik ez daukate. Pantaila handiagoa balute, filmen batzuk bada ere ikusi ahal izango zituzketen, baina orain daukatenarekin ezta hori ere. Pertsonalez ere justu dabiltzanez, ez daukate egoiliarrekin jarduerak egiteko astirik. Beraz, ziur nago oso triste egongo direla, eta gu kezkatuta.
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, herrian oraindik ez dago baieztatutako koronabirus kasurik. Baina gaitzak gehien eragiten dienak adinekoak direla kontuan izanda, kezkatzen zaitu etor daitekeenak?
Noski kezkatzen nauela. Gainera, San Jose egoitza nahiko egoitza handia da, egoiliar asko daude eta askok gela partekatu egiten dute. Banakako gelak eta binakakoak daude, batzuk komunarekin eta besteak gabe, eta zenbait kasutan lau egoiliarrek komun bera erabiltzen dute. Norbait katarroarekin badago, gelan isolatuta izaten dute, baina haren gelakidea gainontzeko egoiliarrekin egoten da gero, beraz, ez dakit isolameduak zertarako balio duen. Koronabirusaren kontu honekin argi gelditzen ari dena da, adinekoen egoitzek txikiagoak eta goxoagoak izan behar dutela, egoiliar bakoitzak bere gela izan behar duela, eta haiei arreta egokia emateko langile gehiago jarri behar direla.